«Txirrindularitzak nire nortasuna eraikitzen lagundu dit»
Txirrindularitza eta hezkuntza dira Lur Zufiriaren (Ormaiztegi, 2003) bi pasio nagusiak. 10 urterekin hasi zen txirrinduan ibiltzen, eta gaur egun Urretxuko Zatika Women taldeko kidea da. Bestalde, irakasle oposizioak prestatzen ere ari da.
Zer ematen dizu kirolak?
Kirol honek, batez ere, lagunak eman dizkit, baina baita konstantzia, diziplina eta helburuen alde borrokatzeko gaitasuna ere. Gainera, lehiaketako txirrindularitzak mentalki sendoagoa izaten ere erakutsi dit, askotan emaitzak ez baitira esperotakoak izaten.
Txirrindularitza zure izaeraren parte dela esango zenuke?
Bai, txirrindularitzak nire nortasuna eraikitzen lagundu dit, eta gaur egun naizenaren zati bat horri esker da.
Ordu asko pasatzen al dituzu bizikletaren gainean?
Bai, aurre denboraldian 18-20 ordu inguru sartzen ditut astean, eta behin denboraldia hasita, 15-16 ordu inguru. Entrenamendu oso desberdinak izaten dira, erresistentzia, intentsitatea eta indarra lantzeko. Bizikletako saioez gain, gimnasioan indar entrenamenduak ere egiten ditut.
Kirol sakrifikatua dela esango zenuke?
Bai, lehiaketako txirrindularitza oso kirol sakrifikatua da. Egunero ordu asko entrenatzeaz gain, elikadura eta atsedena zaintzea ere funtsezkoa da. Horrek gauza asko sakrifikatzea eskatzen du, batez ere, alderdi soziala.
Zein izan da egin duzun lasterketarik gogoangarriena?
UCI mailako Eibarko sarian azken bi urteetan egindako lasterketak. Munduko txirrindulari onenekin lehiatzeko aukera izan nuen. Gainera, uste baino maila hobea eman ahal izan nuen, eta horrek nire buruarengan konfiantza eman zidan.
Zein dira zure epe motzeko eta luzeko helburuak?
Epe motzean, pare bat lasterketa begiz jota ditut; beraz, lasterketa horietara ahalik eta sasoirik onenean iristea gustatuko litzaidake. Epe luzera begira, nire errendimendua hobetzen joatea dut helburu nagusi. Hala ere, orokorrean, aurtengo denboraldian nire mailarik onena eman eta txirrindularitzaz gozatzen jarraitu nahiko nuke.
Kirol mailan ba al duzu betetzea gustatuko litzaizukeen ametsik?
Nire ametsa txirrindulari profesionala izatea da.
Zein dira zure bestelako zaletasunak?
Lagunekin eta familiarekin plan ezberdinak egitea gustatzen zait. Musika entzutea ere gustuko dut, batez ere euskal musika. Bestalde, lasterketen bueltan egiten ditugun irteeretan ere oso ondo pasatzen dut.
Zer ikasten ari zara?
2025eko ekainean Haur Hezkuntzako gradua bukatu nuen eta aurtengo ikasturtean oposizioak prestatzen ari naiz, baita ikastetxeetan sortzen diren ordezkapenak egiten ere.
Etorkizunerako zein dira zure planak?
Lehen Hezkuntzako gradua edota master bat egitea dut buruan. Argi daukadana da hezkuntza munduan lan egin nahi dudala. Txikitatik izan dut haurren garapenean eta hezkuntza prozesuan aritzeko bokazioa.
Ormaiztegin bizitzen ikusten al duzu zure burua?
Oraindik ez dakit non biziko naizen, baina argi dut herri txiki batean biziko naizela. ■

