Juniorren txirrindulari probak 50. ekitaldia izango du
Kilometroek bezalaxe, bizikletaren gainean haiek osatzen dituzten txirrindulari gazteentzako Lazkaomendiko Probak ere 50. ekitaldia izango du, aurten. Maiatzaren 2an jokatuko da junior mailako gizonezko txirrindularientzako lasterketa. Ukitu berezia emango diote, 50. aldia –datorren urtean beteko du 50. urteurrena– ospatzeko.
Lasterketa 92,5 kilometroko etapa izango da, Lazkaoko plazan 10:00etan hasi eta Lazkaomendin Itxurrenen 12:15ean bukatu. Abaltzisketa-Gaintza, Urkillaga 13. kilometroren faltan, eta helmugako Lazkaomendi –aurten Lazkao aldetik igota bukatuko da– izango dituzte igo beharreko mendateak.
Bukaeran, ohiko sari banaketaz gain, 50 ekitaldi hauetan Lazkaomendiko proba irabazi duten txirrindulariei omenaldia egingo diete. 1977an jokatu zen lehenengoa, eta Juan Jose Quintanillak irabazi zuen. Urterik ez du huts egin harrezkero juniorren probak. Fede Etxabe, Julian Gorospe, Jokin Mujika, Markel Irizar, Mikel Landa, Garikoitz Bravo, Fernando Barcelo, Xabier Mikel eta Enekoitz Azparren edo Oier Lazkano ageri dira irabazleen zerrendan.
Garra piztuta mantentzen
Eliteko eta 23 urtez azpiko afizionatuen Lazkao Proba ere jokatuko da, jaietan. Lazkaomendikoaren senide zaharrak 83. ekitaldia du. Apirilaren 25ean, 09:30ean abiatu eta 12:45 aldera bukatuko da 132 kilometroko etapa. Bi laskerketa horiek mantentzen dute Lazkaon txirrindularitzaren garra piztuta, eta antolatzen dituen Lazkaoko Txirrindulari Elkarteko kideek. Lan hori eskertu eta errekonozitu die elkarteak antolatzaile eta babesleei. ■

