«Indarraz gain, oreka izatea da garrantzitsuena»
Iker Zeberio (Legazpi, 2003) Legazpiko erraldoi konpartsako kidea da, 2018tik. Hasiera hartan, zazpi partaide besterik ez ziren taldean, baina azken urteetan nabarmen handitu da gazteen presentzia. Gaur egun 25 kidek osatzen dute konpartsa.
Nola hasi zinen erraldoi izaten?
Betidanik ikusi ditut kalean buruhandiak eta erraldoiak, gure festetako ikur garrantzitsuak baitira aspalditik. Hala ere, ez dut betidanik oraingo pasioa izan. Oroitzen dut txikitan beldurra ematen zidatela buruhandiek. Urte batzuk geroago, ordea, mundu horretan sartu nintzen, lehenengo buruhandi bezala eta ondoren erraldoi gisa.
Legazpiko erraldoien artean, pertsonaia gustukoenik baduzu?
Gaur egun 10 erraldoi dauzkagu konpartsan, eta niri, pertsonalki, Bruno olagizona da gehien gustatzen zaidana. Hala ere, Mikele erraldoiarekin hasi nintzenez, estimazio berezia diot erraldoi horri.
Erraldoietan aritzeko nola prestatzen zara?
Beste edozein gauzatan bezala, funtsezkoa da entrenatzea. Guk lokalean entrenatzen dugu: bueltak ematen, oreka mantentzen eta pausoak ematen aritzen gara.
Zenbat pisatzen du erraldoi batek?
Legazpin dauzkagun erraldoiek 30 kilo inguru pisatzen dute, baina arropa gehituta 40 kilora ere irits daitezke.
Indarra lantzea, beraz, funtsezkoa izango da.
Indarra behar da bai, baina horrez gain, oreka izatea da garrantzitsuena.
Erraldoiekin asko mugitu al zarete?
Bai, Goierrin eta Euskal Herrian aritzeaz gain, kanpora ere asko mugitu gara: Katalunian, Zamoran eta Errioxan egoteko aukera izan dugu. Aurten, adibidez, Debara, Urnietara, eta Iruñera joango gara.
Nolako harrera jasotzen duzue herrietan?
Besoak irekita jasotzen gaituzte joaten garen leku guztietan, eta guretzako plazer bat da horrela lan egitea.
Erraldoien ikuspuntutik desberdin ikusten al da festa?
Egia da profesionaltasuna mantentzea ezinbestekoa dela, azken batean lanean ari baikara. Hala ere, egoera ere berezia izaten da. Guk beti oso ondo pasatzen dugu, eta lana bukatutakoan festaz gozatzeko aprobetxatzen dugu.
Ba al duzu erraldoi gisa bizitzea gustatuko litzaizukeen ametsik?
Legazpiko erraldoiekin Azpeitiko lehiaketa irabazi nahiko nuke egunen batean.
Zer lehiaketa da hori?
Azpeitiko San Inazio jaietan erraldoien lehiaketa bat egiten da, eta irabazleak dirua lortzen du. Normalean hogei herritako erraldoiak elkartzen gara, eta bi dantza egiten ditugu: taldeka eta banaka. Ondoren epaihaimaiak irabazleak aukeratzen ditu.
Zein da herriko jaietan zure momenturik gustukoena?
Txupinazo egunean Legazpiko erraldoien jota egiten dugu, eta sekulako giroa egoten da. Hala ere, maiatzaren 2an, danborrada aurreko momentua asko disfrutatzen dut.
Zein dira zure bestelako zaletasunak?
Erraldoietan ibiltzeaz gain, danbor-jolea eta trikitilaria naiz, Xaukena elektro-txarangako kidea naiz, Legazpiko aisialdi taldean boluntario ibiltzen naiz, eta herriko txosnetan ere beti laguntzen dut .■

