Istorio mordo bat 100 urtean gordeta
Miguel Lazpiur eta Maixabel Usabiaga elkarteko kideek oroigarria jaso zuten, mendeurrenaren ospakizunaren bueltan.
Ordiziako elkarterik zaharrena den Azari elkarteak 100 urte bete ditu aurten. 1926ko martxoaren 14an sortu zuten herriko hainbat ehiztari eta arrantza zalek, zaletasun hori partekatzeko ez ezik, ehizaren kudeaketa «modu antolatuan» egiteko garaiko beharrari erantzuteko.
Mende bateko ibilbide luzean bezain eraginkorrean, elkarteak bere jarduera egokitzen jakin duela esan daiteke, baina betiere hasierako xedeari eutsita: ikuspegi arduratsu eta jasangarri batetik ehiza eta arrantza sustatzea. Denborarekin, jakina da kudeaketa ereduak aldatu direla, baita ingurumenarekiko kontzientzia zein sentsibilizazioa ere. Elkarteak bere egin ditu ikuspegi horiek guztiak, jarduera tradizionala eta egungo erronkak uztartuta.
Izenak nahasmena sor badezake ere, elkarteko kideek azaldu dutenez, ez omen da elkarteko bazkideek azeriak ehizatzen dituztelako. Aitzitik, animalia horri egozten zaion trebetasunarekin lotuta dago, «ehiztari onaren» sinbolo gisa. Horren bidez, elkartearen hastapenetatik elkarteko kideen jarduna eta izaera irudikatu nahi izan zituzten sortzaileek.
Martxotik uztailera
Erraz esaten da, baina sorrera hartatik 100 urte igaro dira, eta komunitatearekin batera ospatu nahi izan dute mendeurrena. Martxoan hasi zituzten ospakizunak, eta uztailaren amaierara arte luzatuko den egutegi oparoa prestatu dute, bazkideei ez ezik, herritar guztiei ere irekia. Urte horietan guztietan egindako ibilbideari balioa eman nahi izan diote, eta berrikuntza nabarmenak txertatu dituzte, azken urteotan egindako jardueren jarraipena diren ekintzak antolatzeaz gain.
Elkartearen historiari eskainitako erakusketa batekin hasi zuten ospakizuna. Irudien eta dokumentuen bidez, mende oso bateko ibilbidea jaso zuten. Erakusketaren inaugurazioak eman zion hasiera ofiziala mendeurrenari, eta ondorengo asteetan hitzaldiak eta solasaldiak ere antolatu dituzte, ehizaren eta arrantzaren inguruko ikuspegi teknikoak zein kulturalak jorratzeko asmoz.
Belaunaldi arteko topagune
Joan zen martxoaren 14a elkartearen «oroimenerako eguna» izan zen. Belaunaldien arteko topagune bilakatu zen Ordiziako Beti Alai frontoia, egun nagusiaren ospakizunaren harira. Gazteenetatik beteranoenetara, lagun ugari elkartu ziren, urte askoan elkartearen parte izan diren kideen eta belaunaldi berrien arteko lotura erabat indartuta. «Hunkigarria izan zen jardunaldia, giroak erakutsi baitzuen elkarteak herrian duen sustraia oraindik sendoa dela», esan du Azari elkarteko kide Maixabel Usabiagak.
Egitarauan hainbat erakustaldi eta jarduera sartu zituzten: arku tiraketa, field target ehiza modalitatea, eta uso mezularien erakustaldiak, besteak beste. Parte-hartzea sustatzeko asmoz, bertaratutakoei jardueretan aritzeko aukera ere eskaini zieten. Halaber, arrantzarako eulien muntaketari buruzko tailerra egin zuten, eta elkarteko kideei oroigarriak banatu zizkieten, urtetako lanaren aitortza gisa.
Datozen asteetarako ere hitzordu garrantzitsuak aurreikusi dituzte. Maiatzaren 16an, Idiazabal Gaztaren Kofradiak ohorezko kofradiakide izendatuko du Azari elkartea, haren ibilbidea eta ekarpena aitortzeko. Ekainaren 5ean, ehiza txakurrei buruzko solasaldia egingo dute Barrenan, eta biharamunean bazkideen eguna ospatuko dute. Egun horretan, bazkariaz gain, ehiza txakurren erakustaldia izango da Oiangutxikiko zelaian.
Bestalde, Santa Ana jaien barruan ere parte-hartze berezia izango du Azarik. Txupinazoan parte hartzeko aukera izateaz gain, danborradan gastadoreen konpainian ateratzen diren mutilei zein kantinerei afaria emango diete elkartean. Baina ez hori bakarrik; danborradan zehar omenaldi xumea ere egingo zaie elkarteko kideei, elkartearen parean geldialdi berezia eginda eta Ordiziako Martxa jota.
Ospakizunak, oraingoz behintzat, uztailaren 31n amaituko dituzte, usakume tiraketarekin. Euskadiko Koparen egutegian kokatu dute.
Ehiza jasangarria
Azari elkarteak mende batean izan dituen aldaketen gainetik, jardunaren ardatz nagusia bere horretan mantendu dela azpimarratu du Usabiagak: ehiza jasangarria sustatzea, eta horrek barne hartzen dituen ingurumenaren zaintza, basoen kontserbazioa eta ehizaren kudeaketa arduratsua.
Gaur egun 82 bazkide ditu elkarteak. Jarduera nagusiak ehizarekin eta arrantzarekin lotuta daude, baina bestelako ekimenak ere antolatzen dituzte, komunitatea indartzeko. Mus txapelketak edo jai giroko afariak, esaterako, kideen arteko harremanak sendotzeko eta elkartearen izaera soziala indartzeko balio dutenak.
Etorkizunerako transmisio
Etorkizunari begira, erronka nagusietako bat belaunaldi arteko transmisioa bermatzea dela nabarmendu du Usabiagak. Haren hitzetan, ehizak gaur egun ez du beti onarpen sozial zabala izaten, eta horrek eragin nabarmena eduki dezake jardueraren jarraipenean. «Sozialki ez dago ondo ikusia, baina gure esku dago buelta ematea eta jarraipena ematea», adierazi du.
Testuinguru horretan, ehiza Euskal Herriko kulturaren parte dela defendatu du, eta azaldu du elkartearen egiteko nagusietako bat dela ondare hori bizirik mantentzea. Horregatik, gazteei jarduera ezagutaraztea, prestakuntza eskaintzea eta balioak transmititzea lehentasun estrategiko bihurtu dira azken urteotan elkarteko kideentzat.
Mendeurrenaren ospakizunek, beraz, iraganari aitortza egiteaz gain, etorkizunerako norabidea marrazteko aukera ere eskaini dute. Azari elkarteak sortzetiko bere jardunari eusten dio, komunitateari estu lotuta eta tradizioa zainduz, datozen gazte belaunaldiei lekukoa transmititzeko helburuarekin. Mende bateko bidea eginda, erronka berriei aurre egiteko prest dago jada. Aurrera begira gehiago ere izan daitezela. ■
