Txantxangorria
Olaberrian jaioa 1959an, Ordizian bizi izandakoa, eta azken urte askoan Beasain dut bizitoki. 1980. urtean murgildu nintzen argazkilaritzan beste lagun zaletu batzuekin, eta orduan hasi nintzen mundu honen oinarrizko ezagutza hartzen. Gaur egun Beasaingo Argizpi argazkizale elkarteko kide naiz, eta asko gozatzen dut taldean dugun giroarekin. Kirol argazkilaritza, erretratuak eta paisaiak ditut gustukoen.
Irudiko argazkia iazko udaberrian ateratakoa da, Ordiziako baratze batean. Belarra moztu berritan, intsektuak azaleratzen dira, eta txantxangorria adi egoten da halakoetan. Behin harrapakina mokoan duela, altuera bilatu ohi du, eta argazkian ikusten den moduan, igitaiaren heldulekuan pausatu zen. Denbora eta pazientzia, horixe behar da halako erretratuak lortzeko.

