«Gizartearentzat onuragarria den plataforma bat sortu nahiko nuke»
Gero eta enpresa gehiagok erabiltzen dute egunerokoan adimen artifiziala. Tresna horrek, lana errazteaz gain, prozesuak bizkortzen laguntzen du. Hala ere, oraindik ere asko dago ikertzeko eta garatzeko, guztiz eraginkorra izan dadin. Testuinguru horretan, Aitor Garmendia ingeniariak (Lazkao, 2002) Clodei proiektua sortu berri du, Alexander Gurrutxaga ikaskide eta lagunarekin batera.
Zer da zehazki ‘Clodei’ proiektua?
Clodei proiektua startup bat da, hau da, hazkunde azkarra lortzea helburu duen enpresa bat. Gure proiektuaren helburua adimen artifizialaren arloan gero eta garrantzitsuagoa den arazo bati irtenbidea ematea da.
Zein da arazo hori?
Gaur egun, enpresek adimen artifiziala prozesatzeko erabiltzen dituzten gailuak, GPUak, oso garestiak eta mugatuak dira, eta gainera, horiek konfiguratzeko ezagutza oso espezifikoa behar da. Guk prozesu osoa erraztu, eta enpresei erabiltzeko prest dauden GPUak eskaintzen dizkiegu, konplikazio teknikorik gabe.
Zein da zuen enpresaren egoera?
Gaur egun, Juan Roigek Valentzian sortutako Lanzadera azelerazio-programaren barruan gaude, urtebeteko programa intentsiboan. Bertan, prozesu osoan laguntzen digun proiektu-zuzendari bat daukagu, eta prestakuntza eta mentoretza saioak jasotzen ditugu. Gainera, beste ekintzaile askorekin inguratuta egoten gara, elkarri lagunduz.
Zer harrera izan du ‘Clodei’-k?
Oraingoz harrera oso ona izan du. Googleri gure proiektua gustatu zitzaion, eta gaur-gaurkoz, berak eskaintzen duen startup-entzako programan gaude.
Zer esan nahi du horrek?
Esan nahi du Googlek bere zerbitzarien azpiegiturarako sarbidea eman digula, eta baita bere mentoreen eta adituen laguntza ere, gure plataforma garatu ahal izateko.
Google bezalako enpresa baten interesa izatea ez da nolanahiko gauza.
Hori da. Gure produktua merkatuan baliozkoa dela eta potentziala duela erakusten digun froga da; baita bide onetik goazen seinalea ere.
Zein dira hemendik aurrerako zuen helburuak?
Epe motzean, hornitzaile berriak sartu, bezero gehiago lortu eta pixkanaka gure proiektua garatzen joan nahiko genuke. Behin horiek eginda, finantzazioa lortzea, datu-zentro handiagoetan sartzea eta enpresa handiagoekin akordioetara iristea gustatuko litzaiguke.
Eta lanetik kanpo, zein dira zure helburuak?
Oraintxe laneko proiektuarekin buru-belarri nabil, baina nire zaletasunetako bat korrika egitea da, eta horretan hobetzen jarraitu nahiko nuke. Orain Valentzian bizi naizenez, hango maratoi erdi lasterketa egin nahiko nuke noizbait.
Non eta zertan ikusten duzu zure burua hemendik 5-10 urtera?
Une honetan zaila egiten zait irudikatzea, azken aldian aldaketa handiak bizi izan baititut. Hala ere, gustatuko litzaidake ordurako gure proiektua garatuta egotea eta enpresa sendo eta ondo antolatuta izatea.
Baduzu betetzea gustatuko litzaizukeen ametsik?
Adimen artifizialaren testuinguruan gizartearentzat onuragarria izango den plataforma bat sortu nahiko nuke. Adibidez, adimen artifiziala jasangarriagoa izan dadin, mundu mailako datu-zentroak eraginkorragoak bihurtzeko teknologia berriak garatzea. ■

