Berrikuntzaren eta tradizioaren uztarketa
Beasaingo aurtengo Loinatz jaien egitaruan «tradizioaren eta berrikuntzaren arteko uztarketa» egiten saiatu da Festa Batzordea. Aspaldiko ekitaldi, ohitura eta juntadizo herrikoiekin batera, gazteei eta haurrei zuzendutako beste mota bateko saio, jarduera edo emanaldi berriagoak txertatu dituzte. Maiatzaren 15etik 24ra ospatuko dira jaiak: Loinatz egunaren bueltako asteburu mardulena lehenbizi –kuadrillen eguna maiatzaren 18an da–, eta ‘errepikapen’ asteburua hurrena, mozorrotzeko egunak ardaztuta.
Hamaika motatako gozagarriak daude ekitaldi-zerrendan. Ukaezina da gehien-gehienek duten jite herrikoia. Pilotan, adibidez. Profesionalen jaialdiak urteko beste garai batzuetarako utzita, mutilen eskuz binakako eta nesken palako txapelketa herrikoiei egingo diete jaietako karteldegian lekua. Kuadrillen arteko areto futboleko bukaera bezala. Edo urtean behin, festak baliatuz antolatzen diren arrantza lehiaketa, xake txapelketa edota herri kirol erakustaldia, kasu.
Herriko talde, eragile, elkarte eta erakunde ugarik parte hartu dute udaleko Festa Batzordean, nola egitaraua taxutzen, hala ekitaldiak hornitzen eta gauzatzen. 31 eragileren zerrenda osatzeraino. Kalejirak eta goiz eresiak girotzen, lan ugari izango dute talde batzuek. Ekaitz erraldoi konpartsa, Goizeresi txistulari taldea, Loinatz Musika Eskolako banda, txistulariak eta trikitilariak, joaldunak…
Festa-kartela Loinaz Arizmendi Aslak diseinatu du. B taldeko kartelaren irabazlea, berriz, La Salle ikastetxeko ikasle talde bat izan da: Yago Rodriguez, Danel Cuadrado, Unax Remirez eta Unai Aranburu.
Mariren jaitsiera
Azken urteetan ohikoa den bezala, Beasaingo jaien hasiera ez du txupinazoak edo pregoiak markatuko, beste herri askotan bezala. Mari jainkosaren jaitsierako akelarre ikuskizunean berotuko zaie beasaindarrei festarako odola. Maiatzaren 15ean, 22:30ean hasiko da, Loinazko San Martin plazan. Interneten streaming bidez zuzenean ikusteko aukera ere izango da.
Beti Bizi elkarteak ere festetan plazaratuko du Beasain Jaietan urtekariaren azken uzta. Beasaingo idazle, herritar eta elkarte mordoxka batek hornitu dute agerkaria. Maiatzaren 16an jarriko dute salgai, eta kolaboratzaileekin afaria ere egingo dute.
Ohitura den legez, herri kirol jaialdiarekin bukatuko dira Loinatz jaiak, maiatzaren 24an, Dolarea parkean. ■

