Bilkoin elkarteko bazkari prestatzaileak pregoilari
Festa jartzaileek izango dute festak hasteko ardura, aurten, Legorretako Azentzio jaietan. Bilkoin elkartean sorburua duen eta ondoren herrira zabaldu den zikiro jatearen antolatzaileek botako dute asteazkenean, maiatzak 13, lehen suziria, udaletxeko balkoitik.
Zikiroa –gaur egun arkumea– festetako ostiraleko herri bazkarirako prestatzen duela 20 urte pasa hasi ziren. Bilkoin elkartean sortu zen ekimena, eta herritar gehiagorekin laguntzarekin, bi hamarkadatan sustraitu dute ohitura. Tradizio bihurtu da jada Legorretako festetan.
Aurten ere hutsik gabe egingo dute otordua, maiatzaren 15ean, ostiralarekin, 14:30ean Kale Nagusian. Baina sortzaileak eta urtetan lanean jardun diren pregoilari omenduek «aurtengoan mahaian eserita gozatzeko modua» edukiko dute. «Trankil egon, erreleboa baduzue eta; ea zuek erakutsitako umorea mantentzen duten. Eskerrik asko urte hauetan egindako lanarengatik», eskertu dio Legorretako alkate Iñaki Agirrek zikiro bazkariaren antolakuntzan jardun izan den lagun kuadrillari.
Herri otorduak, ia egunero
Azentzio festek jarraiko bost egun hartuko dituzte, maiatzaren 13tik 17ra. Ondoren, ohitura den bezala, Korputs eguna ere betiko legez ospatuko dute legorretarrek, ekainaren 6an.
Pregoia otordu prestatzaileek eginda, ezin jaiak herri otordurik gabe utzi. Ia egunero izango da kalean, plazan edo frontoian jateko aukera. Euria egiten badu, kiroldegira aldatuko lukete otordua.
Aurreneko egunean, lagun arteko afaria izango da, plazan. Ostiralean, aipaturiko zikiro jateko herri bazkaria. Eta larunbatean, paella txapelketara aurkeztutako lapikokadak bazkalduko dituzte kuadrillek, txakolin dastaketaren ondoren.
Azentzio eguna maiatzaren 14an, osteguna, egokituko da aurten. Euskal erromeriarekin ospatuko dute, eta gauean Puro Relajo taldeak joko du. Mozorrotuen eguna larunbata da, maiatzaren 16a. Euskal Herriko kultura, kirola eta ondarea jarri dute mozorrotzeko gaitzat. Xaibor eta Bull DJak, Tio Teronen Semeak dantza eta musika ikuskizuna, dultzaineroak, txarangak eta batukada… Hamaika ikuskizun eta gozagarri eskainiko du egitarauak. Tartean, Legorretako endemiko diren zunba saio herrikoia eta play-back kantaldia ere bai. ■

