«Argi daukat bizitza honetara sortzera etorri naizela»
Ingeniari mekanikoa eta sortzailea da Maider Eguren (Legazpi, 2001). Txikitatik izan da eskulanetan trebea, eta urteen poderioz bere pasio bihurtu da sortzea. Gaur egun, Kimu proiektuaren baitan, denetariko bitxiak, pertsonalizatutako marrazkiak, eta kamisetak zein izerditakoak diseinatzen ditu. Bere sorkuntzak Instagrameko @kimu.diseinuak kontuan ikusi eta eros daitezke.
Noiz sortu zenuen Kimu proiektua?
Betidanik gustatu zait sormenarekin lotutako gauzak egitea. Berrogeialdian instagrameko kontu bat sortu nuen eta egiten nituen marrazkiak bertara igotzen hasi nintzen. Egia esan, harrera oso ona izan zuten nire sorkuntzek, eta, hortik, Kimu sortzeko pausoa eman nuen.
Sortzaile izatetik bizi zara?
Ez, ingeniari mekanikoa naiz lanbidez. Nire lana gustatzen zaidan arren, gehiago beteko nauen zerbait lortu nahiko nuke etorkizunera begira; idealki, sortzaile gisa.
Sortzetik hasi eta saltzerainoko prozesua luzea izaten al da?
Bai, zerotik hastea ez da batere erraza. Gainera, gaur egungo kontsumismoaren testuinguruan, jendeak prezio baxuan erosi nahi ditu produktuak, atzetik dagoen lana kontuan hartu gabe. Sortzaileok mimoz egiten dugu gure lana, ordu asko sartuta.
Gaur egun zein da sare sozialen papera?
Sare sozialak ia ezinbesteko tresna bihurtu dira nire lana erakutsi eta jendearengana iristeko. Niri prozesua partekatzeko aukera ematen dit, publikoarekin harreman zuzena sortzeko eta egindako lana beste esparru batzuetara zabaltzeko. Hala ere, askotan presioa eta lehiakortasuna ere sor dezakete.
Zer da lan honetatik gehien gustatzen zaizuna?
Gehien gustatzen zaidana esperimentatzeko dudan askatasuna da; ez diot neure buruari mugarik jartzen. Horrez gain, ingurukoengandik jasotzen dudan berotasuna ere asko baloratzen dut. Argi daukat bizitza honetara sortzera etorri naizela, hori baita gehien betetzen nauena.
Eta gutxien gustatzen zaizuna?
Gutxien gustatzen zaidana, berriz, autonomo eta sortzaile izateak dakarren ziurgabetasuna da.
Zertan inspiratzen zara sorkuntzak egiteko?
Naturan inspiratzen naiz batez ere, Euskal Herriko paisaiak eta mendiak asko miresten baititut. Gainera, Brinkolan baserri bat dugu, eta hori ere inspirazio iturri bat da niretzat.
Zer ematen dizu sortzeak?
Lasaitasuna eta askatasun sentsazioa ematen dizkit. Gainera, oso asebetegarria iruditzen zait egiten dudana, nire sormena garatzeko eta adierazteko aukera ematen baitit.
Zer harrera dute zure lanek?
Oso ona. Batzuetan ezin dut sinistu jendeak nire proiektuari eman dion berotasuna. Legazpin bertan sarritan ikusten dut jendea nire kamisetak eta bitxiak jantzita, eta horrek harro sentiarazten nau. Bereziki hunkigarria egiten zait lagunek eta herrikoek nire lana gustuko dutela ikustea.
Ba al duzu betetzea gustatuko litzaizukeen ametsik?
Asko ditut. Nire ametsik handiena, ordea, benetan pasioz egiten dudana nire eguneroko lan bihurtzea litzateke. Horrez gain, Euskal Herriko ekitaldi edo kontzerturen batean zuzenean marraztea gustatuko litzaidake, eta baita Legazpin, nire herrian, proiekturen bat garatzea ere.■

