«340.000 postaletik gora dauzkat, eta geroz eta gehiago»
Zigiluak, txanponak, intsigniak… arlo askotako bildumagileak daude. Beasainen dago Goierriko eta seguru aski Euskal Herriko postalen bilduma handiena duen herritarra: Cesareo Ugarte Azkarate (Beasain, 1946). 63 urte daramatza postalak bildumatzen. 16 urterekin Parisen afizionatu zen, eta harrezkero ez du utzi.Bere etxeko hainbat gelatan banatuta, albumez betetako apalak dauzka. Hor ditu gordeta sei hamarkadatan zehar bildu dituen postalak.
Parisen hasi zinen eta harrezkero ez diozu postalak biltzeari utzi.
16 urte nituen, Parisen, De Gaulle zuzenean ikusi nuenean. Kultura arloko jakin-min handia daukat. Tindatzailea izan nintzen eta 53 urterekin osotasunean nire afizioetara dedikatzeko utzi nuen. Hiru arlotan ibili naiz: mendia, irakurzaletasuna eta postalak. Hasierara itzulita, Frantzian postalen arloan kultura handia dago, haiek baitira asmatzaileak. Eta han, Montmartren, Sacre Coeur ikustera nindoala postal pila bat ikusi nituen postuetan, eta han ezagutu nuen Iris kluba. Bazkide egin nintzen eta han pila bat erosi nituen.
Zer da Iris kluba?
Iris kluba postalen editore handienetako baten jabe zen. Frantzian zeukan jatorria, eta han klub handi bat zeukan postalak mundu osoan banatzeko. Hura ezagutu eta bazkide egin nintzen.
Jada ez da existitzen?
Aspaldi itxi zuten, duela 40 bat urte. Postaz ez ziren postalak bidaltzen, geroz eta gutxiago, nahiz eta postalak ez diren desagertu. Hortaz, haiek taktika aldatu zuten eta klubarekin ez jarraitzea erabaki zuten.
Klubean bertan egon zinen?
Ni ez. Nire anaia nire karnetarekin sartu zen, baina ni beranduago joan nintzen Parisera berriro eta jada ez zegoen.
Orain korrespontsalez hitz egiten duzu.
Nik korrespontsalak dauzkat, Europa osoko jendeari idazten diet.
Zer esan nahi du horrek?
Iris klubean mundu osoko postalak erosi nituen korreoz, eta han lortzen genituen bildumagileen izenak haiekin aldatzeko postalak. Bildumagileak dira, ni bezala, eta dauzkagunak aldatzen ditugu.
Zuk eman ere egiten dituzu orduan?
Denetik egiten dugu: bildumagileekin idatzi errepikatuta dauzkagunak aldatzeko, bildumak oparitu izan dizkidate beste batzuek, erosi ere egin ditut…
Nori erosten dizkiozu?
Guadalajarako Valentina Bachiller da nire hornitzaile nagusia gaur egun, hilabetero 1.000 postal bidaltzen dizkit. Eta esan dit 5.000 ere bidal diezazkidakeela. Bera ere bildumagilea da eta saldu egiten ditu, baina oso merke: 0,20 zentimo postala, handia ala txikia izan, prezio berean.
Zergatik hasi zinen? Zerk eman zizun arreta?
Ni ikasteko hasi nintzen. Denetarik daukat: pinturak, hiriak, mendiak, klaustroak, monasterioak, elizak, hondakinak, kapitelak, azokak, plater tipikoak, amabirjinak… Ezin duzunen Reimseko katedrala ikustera joan, edo beste edozein lekutara, etxetik atera gabe leku hauetara guztietara joan naiteke; Baviera, Berlin… Leku askotara.
Zenbat postal dauzkazu?
340.000 postaletik gora dauzkat, eta geroz eta gehiago; horrela jarraitzea pentsatzen dut ahal dudan bitartean. Atzo jaso nuen azken gutuna 1.000 postalekin. Postaria beti dabil gutunak ekartzen, eta duela pare bat egun hiru edo lau gutun ekarri zizkidan, bakoitza 20-30 postalekin. Orain kokatu egin beharra dauzkat.
Albumetan dauzkazu gordeta. Nola klasifikatzen dituzu, zein irizpideren arabera?
Ahal dudan bezala klasifikatzen ditut. Nahiko ondo dago. Duela 50 urteko album bat badaukat leku bateko postalekin, eta orain iristen bazaizkit beste leku bateko postalak eta asko mugitzen ibili behar banaiz, beste album batean sartzen ditut. Baina nahiko ondo jasota dauzkat.
Ingurukoek bidaietatik ekartzen al dizkizute postalak?
Bai, nik ez dizkiet inoiz eskatzen, baina ekartzen dizkidate. Bazegoen Beasaingo bat, asko bidaiatzen zuena eta postal handi-handiak ekartzen zizkidana, agian bidaia bakoitzeko 200 postal, eta nik trukean botila ardoak oparitzen nizkion. Baina hark jada utzi zion bidaiatzeari.
Eta zuk bidaiatu izan duzunean, ekartzen zenituen?
Dezente bidaiatu dut nik nire arrebarekin eta anaiarekin; Frantzia, Italia, Portugal, Espainia… Donostiatik arratsaldeko zazpietan ateratzen nintzen agian arrebarekin, bidaiatzen pasatzen genuen gau osoa, adibidez Alsaziara, eta nik beti poltsak eramaten nituen postalak sartzeko. Bueltarako agian 1.200-1.300 postal inguru izaten nituen ekartzeko. Nire etxean daukadan gela bateko mahaian jarri eta han ordenatzen ditut.
Badago edukitzea gustatuko litzaizukeen postalen bat?
Asko, infinitu bat da, milioika postal daude. Niri mendia asko gustatzen zait, eta badauzkat mendiari lotutako asko, baina gehiago edukitzea gustatuko litzaidake, adibidez Himalaia inguruko edo Andeetako gehiago… Badauzkat Everestekoak, Antartikakoak… mundu osokoak dauzkat; Egiptokoak, inkak, maiak… misterio guztiak.
Zein da gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Denak gustatzen zaizkit, batzuk besteak baino gehiago, baina denak gustatzen zaizkit. Mendiarekin jarraituta, George Malloryk eta Andrew Irvinek 1924an Everestera igotzeko jarraitu zuten ibilbidekoak dauzkat. Eta nik diot baietz, iritsi zirela, baina behera jaisterakoan istripu bat izan zutela.
Eta gertukoagoak, badauzkazu?
Donostiakoak ehun-bat izango ditut, eta Beasaingo batzuk badauzkat; Olaberrikoak…
Noiz arte jarraituko duzu?
Gelditzeko asmorik ez daukat, ahal dudan arte postalak jasotzen, biltzen eta ordenatzen jarraituko dut. ■


