«Ez dago prebentzioa bezalakorik lesio bat saihesteko»
Masajeak jasotzetik ematera igaro da urte gutxian Iker Garcia (Idiazabal, 2005). Pilotari gisa, ondo ezagutzen ditu zein diren kirolarien behar fisikoak eta puntu ahulak. Gaur egun, Jokin Altuna eta lehen mailako beste hainbat pilotarirekin egiten du lan, Idiazabalgo Kale Nagusian duen kontsultan. Instagramen @iker_masajista izenarekin aurki daiteke.
Zergatik egin zara masajista?
Ni ere, pilotari naizen aldetik, masaje ugari jasotakoa naiz, eta beti arreta piztu izan didan zerbait da. Pilotariok sarritan izaten ditugu eskuetako arazoak, eta Goierri inguruan ez dago horrelako lesioak tratatzeko espezializatutako masajista askorik. Horregatik, arlo horretan formatzea erabaki nuen.
Zer formakuntza daukazu?
Kiroletako masajean oinarritutako goi mailako gradua egin nuen Donostian, bi urtez. Hala ere, nire ibilbidean eragin handiena izan duen pertsonetako bat Oiartzungo Bixente Artola izan da. Beregana joaten nintzen masajeak jasotzera, eta berarengandik ikasi ditut gaur egun dakizkidan gauza asko.
Zure kirolari esperientziak balio izan dizu beste kirolari batzuk tratatzen?
Bai, guztiz. Ikasketa edo jakintza bikoitza dudala esan dezaket, azken batean ikasitakoarekin eta nire esperientzia propiotik tratatzen baititut kirolariak.
Zein da zure espezialitatea?
Kiromasajean eta goi mailako kirol masajean aditua naizenez, denetariko lesioak eta minak tratatzen ditut. Hala ere, eskuak dira nire espezialitatea.
Zein profiletako jendea joaten zaizu kontsultara?
Hasieran, nire bezero gehienak pilotariak eta kirolariak ziren, baina orain denetariko jendea etortzen zait. Batzuk lesioren bat dutenak izaten dira, baina beste asko kargatuta daudelako etortzen dira. Gainera, ez dago prebentzioa bezalakorik lesio bat saihesteko.
Jokin Altuna eta Erik Jaka daude zure bezeroen artean. Nola daramazu hori?
Niretzako ohore bat da maila horretako pilotariekin lan egitea. Hasieran urduritasun puntu batekin lan egiten nuen, dena ondo egiteko presioa sentitzen bainuen. Orain, ordea, esperientzia apur bat gehiago daukat eta lasaiago aritzen naiz.
Zein lesio izaten da ohikoena pilotarien artean?
Eskuetako lesioak izaten dira ohikoenak. Horrez gain, sorbaldatako tiradizoak izatea eta hankak eta bikiak kargatzea ere oso ohikoa izaten da.
Zein dira lanbide honen alde positiboak eta negatiboak?
Alde positiboen artean, jendea laguntzea eta kirolari profesionalak ezagutzea dagoela esango nuke. Alde negatiboen artean, berriz, asteko zazpi egunetan lan egitea. Hala ere, egunak antolatzeko askatasuna izaten dut, eta, beraz, ondo daramat.
Zure erreferenteren bat tratatzeko aukera izan al duzu?
Bai. Jokin Altuna eta Jose Javier Zabaleta izan dira nire betiko erreferenteak, eta Altunarekin lan egiteko plazera izan dut. Hasieratik nigan konfiantza eduki du, eta oso eskertuta nago berari.
Non daukazu kontsulta?
Idiazabalen daukat, Kale Nagusiko 23 zenbakian (3C).
Pilotaz gain, zein dira zure zaletasunak?
Automobilismoa eta kotxeak asko gustatzen zaizkit orokorrean.
Ba al duzu betetzea gustatuko litzaizukeen ametsik?
Dagoeneko amets bat betetzen ari naizela esango nuke. ■

