Smartlog, Urretxuko 3.0 enpresa
Intralogistikaren arloan lan egiten duen Smartlog enpresa urretxuarrak hazkunde izugarria izan du urte gutxitan. Duela 10 urte sortu zuten eta dagoeneko mundu osoko 20 herrialdetan baino gehiagotan garatzen ari diren proiektuetan parte hartzen du. 250 langile baino gehiago ditu bere lantaldean, ia erdiak Urretxun. Gainera, Sarralde enpresa zegoen tokian berrikuntza eta talentu zentroa eraikitzen ari da eta txirrindulari taldea sortu du.
Smartlog Xabier Zubizarreta zegamarrak eta Gorka Sudupe urretxuarrak sortu zuten. Zubizarreta zuzendari nagusia da egun, eta GoiBerriri egitasmoaren berri eman dio. Zubizarretak Zegamako herri eskolan, Beasaingo La Sallen eta institutuan eta Mondragon Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Ingeniaritza informatikoa ikasi zuen, eta ondoren MBA Executive masterra egin zuen. Ondoren, nazioarteko merkataritza masterra eta administrazio kontseiluen lidergo eta kudeaketa ikastaroa egin ditu.
Ikasketak amaitu eta berehala Ulma Handling enpresan hasi zen lanean. 2005 ingurura arte lan egin zuen bertan. Ondoren, Cegasan trafiko kontrol eta ekipamenduan lan egin zuen. Horren ostean, Ulma Handlingera itzuli zen eta beste zortzi bat urte eman zituen bertan. 2016. urtean Smartlog sortu zuen, Suduperekin. «Egoera ezberdinen ondorioa izan zen. Alde batetik, enpresako zenbait politika edo oinarrizko kudeaketa irizpiderekin ez nengoen oso ados. Gainera, mugimendu batzuk egon ziren eta horrek nire ezinegona areagotu zuen. Norbait gustura ez zegoela esanez etortzen zitzaidanean, inork ez ziola bertan egotera behartzen eta halakoetan onena aldatzea dela esaten nion. Besteei esaten niena niri zergatik ez ote nion aplikatzen galdetu nion nire buruari. Gauzak egiteko beste modu batzuk zeudela pentsatzen nuen. Gorkak eta biok oso harreman ona genuen, bere egoera nire antzekoa zen, eta apustu hau egitea erabaki genuen. Horrela sortu zen Smartlog: inkonformismoa, atsekabea eta gauzak beste era batera egiteko aukera zaku batean sartu, mugitu… eta horrek gure erabakia hauspotu zuen».
Ez zuten alorrez aldatu. «Alor honetan ezagupen handia genuen, baina duela hamar urte genituen gaitasunak eta egun ditugunak ez dira berberak. Kontsultore bezala hasi ginen, gure ezagupena merkaturatzen eta bezeroei soluzioak eskaintzen. Aholkularitza eskaintzetik produktu fisiko bat eskaintzetik baino gertuago geunden. Hasiera gogorra izan zen. Kontsultore merkeak ginen. Horretara dedikatzen diren enpresa handiak daude eta horiekin ezin genuen tarifa aldetik lehiatu. Ezagupen handiak baina tarifa merkeak genituen. Garbi genuen gure bidea bezeroari automatismoak eskaintzea zela eta modu xumean hasi ginen».
Pixkanaka pausoak eman dituzte. «Sistema errazetatik konplexutasun handikoetara pasa gara. Logistika munduko alor batean espezializatu gara, batez ere: bolumen txikiko eta kantitate txikiko konplexutasuna duten arazoak. Aurreko enpresan egiten genuena egin ahal dugu. eta batzuetan egiten dugu. eta aurreko enpresak guk egiten duguna egiten du eta batzuetan egiten du, baina segmentu ezberdinetara zuzentzen gara. Tarteka elkar ikusten dugu, baina egunerokotasunean ez gara konpetidoreak».
Bilakaera
Smartlog zerbitzua emateko moduagatik bereizten dela dio. «Zerbitzua beste era batera eman zitekeela ikusten genuen. Zerbitzu emate horretarako, segun eta non ari zaren eta lurralde horrek zein hedadura duen, eredu zentralizatua ez da egokiena. Horrela hasi ginen gure bidea egiten: lekuan lekuko zerbitzua eta oso pertsonalizazio handia. Egia da, baita ere, pertsonalizazio hori errazagoa dela txikia zarenean. Bezero multzo txiki bati zerbitzu ona ematea bezero multzo handi bati zerbitzu ona ematea baino errazagoa da. Baina gaur egun ere hori da gure ardatza: diseinu on bat eta prezio on batean oso zerbitzu ona».
Hamar urtean asko hazi dira. «Lehen urtean bi langile ginen eta 176.000 euro fakturatu genituen. Urte amaieran proiektu bat egin genuen Uruguain, baina gainontzeko guztia Iberiar penintsulan egin genuen. Egun, Ekialde Hurbilean filial bat dugu, Saudi Arabian. Latinoamerikan lau filial ditugu: Panaman, Perun, Uruguain eta Kolonbian. Iaztik Mexikon lan egiten dugu, eta aurtengo helburua Amerikako Estatu Batuetan filiala irekitzea da. Iberiar penintsula Urretxutik lantzen dugu, Portugalgo lan-talde batekin. Horretaz gain, Frantzian filiala dugu. Eta aurten Italiara heldu nahi dugu. Multinazional hitza erabiltzea gehiegi iruditzen zait, baina hedadura internazionala dugu. 20 herrialdetan baino gehiagotan ditugu proiektuak eta 250 langile baino gehiago gara. Eta 176.000 euro fakturatzetik 70 milioi fakturatzera pasa gara. Aurtengo helburua hori gainditzea da».
Hori guztia, Urretxutik. «Gorka Suduperen meritua da, batez ere. Gorka urretxuarra da eta berak erabaki zuen non ezarri. Urretxun behar genuen laguntza topatu genuen. Eskerrak eman nahi dizkiot Uggasa garapen agentziari eta Urretxuko Udalari, eman zizkiguten erraztasunengatik. Urretxun ezarri izanak toke erromantikoa du niretzat: nire aitona urretxuarra zen. Eguzkitza baserrian bizi izan zen, Zegamara joan aurretik».
Etorkizuna
Urretxun jaio ziren eta Urretxun jarraitzeko asmoa dute: Smartlog Nest talentu eta berrikuntza zentroa eraikitzen ari dira beraien egoitzatik gertu. «Eraikin polita eta proiektu handia izateaz gain, gure etorkizuna bermatzeko modua da. Urretxu dagoen tokian dago: alde batean CAF eta horrelako enpresa handiak ditu, eta bestean Mondragon Korporazioa eta kooperatiba handiak. Hala, gurea bezalako iniziatiba txikiagoetara talentua erakartzea ez da erraza. Ez gara horren ezagunak, ez ditugu horrenbeste langile… Hori dela eta, duela lauzpabost urte, gure plangintza estrategikoan, zera zehaztu genuen: ez gintuztela zer egiten genuenaren arabera ezagutuko bakarrik, baita nola egiten genuenaren arabera ere. Eraikin berriak bi foku ditu: berrikuntza eta merkaturatzeko gai garen teknologia guztiak bertan izatea. Zertarako? Bezeroari proposamen bat egiten diogunean, guregana etorri, bere produktuak ekarri eta proposatzen dioguna zer den ikus dezan. Horrek plus bat emango digu. Bestalde, berrikuntzaz ari garenean ez gara makinez bakarrik ari, baita robot guztiei plus bat emateaz, beste teknologia batzuk gehituz. Dena eskura izateak asko lagunduko digu».
Eraikin berriaren beste ardatza talentuaren garapena da. «Gure talentua eraiki behar dugu. Gazteak hasieratik hartu eta gure egiteko modura moldatu nahi ditugu. Eta bide horretan pertsonak garatu nahi ditugu. Pertsonak garatzearena oso garrantzitsua da guretzat. Ezagupena izatea ondo dago, baina gure kultura ziurtatuko duena langileen jarrera da. Horren gainean egon nahi dugu eta horretarako onena formazioa gurekin egitea da. Ikasle talde bati jarraipen osoa egin eta gure izatera eta beharretara gehien gerturatzen direnak zeintzuk diren ikusi. Kultura oso ardatz garrantzitsua da guretzako. Gazteei jarraipena egin eta gurekin lan egiteko aukera eman nahi diegu».
Nest eraikina irailerako prest egotea espero dute. «Maiatzerako nahi genuen, gure 10. urteurrenerako. Ez da posible izango. Irailerako bai edo bai, intralogistika masterra sortu baitugu Deustuko Unibertsitatearekin batera. Lehen promozioa irailean hasiko da, bertan».
Etorkizuna begi onez ikusten du. «Aukera asko ikusten ditut, logistika erabat beharrezkoa baita. Alor guztietan hornikuntza kateak ahalik eta eraginkorrenak izan behar dira, lehiatu ahal izateko. Bestalde, eskulana garestitzen doan heinean, gure soluzioak geroz eta estimatuagoak dira. Gainera, lanpostu batzuetan geroz eta zailagoa da jendea lortzea. Balore gutxiko operazio errepikakorrak automatizatzea aukera bat da enpresentzako. Horretaz guztiaz gain, egungoa bezalako ziurgabetasun egoerei errazago egiten zaie aurre sistema automatizatuekin. Eskaera aldaketei errazago egiten zaie aurre sistema automatizatuekin».
Adimen artifiziala oso presente dute, noski. «Adimen artifizialak aurrerapen asko eskainiko ditu. Bertan ez egotea ez da aukera bat. Izan ere, adimen artifizialak erabat kondizionatuko du gure produktuen merkaturatzea. Automatizazioa eta adimen artifizialak eramango dute erresilientzia gure enpresetara». ■
Ikasteko eta lan egiteko aukera ematen duen taldea
Gazteen talentuaren garapenarekin lotuta, Smartlog Nest txirrindulari taldea sortu dute. Nest eraikinean izango du egoitza. Bertan, gazteek errendimendu handiko zentroa izango dute. Gainera, gazteei txirrindularitza ikasketekin eta lanarekin uztartzeko aukera emango diete. Zuzendaria Jon Odriozola txirrindulari ohia izango da.
Zubizarreta ilusionatuta ageri da. «Jon Odriozolak eta Iñaki Mugartzak, txirrindularitzaren egoerak kezkatuta, proiektu bat ekarri ziguten. Egun, oso onak direnak 18 urterekin profesional mailara igotzen dituzte. Txirrindularia afizionatu mailan gehiago lantzeko ohitura galtzen ari da eta hori berreskuratu nahi dute. Hori gure proiektuarekin bat dator: pertsonaren garapena, ezagutza… Txirrindulariari, bere kirol ibilbidea egiten ari den bitartean, bi edo hiru aukera eskaini nahi dizkiogu. Ikasten ari bada oraindik, zailtasunak baditu ikasgai batzuetan eta ikasgai horiek gure langileen ezagupenen artean badaude, lagundu egingo diogu. Bestalde, txirrindularitza eta ikasketak edo praktikak uztartzeko aukera emango diogu. Eta, azkenik, ikasketak bukatu dituztenek, gurekin lan egiteko aukera dute».
Bestalde, txirrindulariak Smartlog kulturara gerturatzeko, txirrindularien eta langileen arteko topaketak antolatzen dituzte. Denek denengandik ikasten dute. «Gizartea aldatu egin da eta erresilientzia ahalmena txikitu egin da. Txirrindulariak zerbait badu, ordea, sufrimendu ahalmena da. Hori enpresa batean beharrezko gaitasuna da».
Dagoeneko lasterketa bat irabazi du Smartlog Nest taldeak, baina ez da hori helburu nagusia. «Profesional mailara pasatzea lortzen badute, oso ondo. Gurekin egon diren bitartean zerbait ikasi badute, hobeto. Eta ez badute profesional mailara salto egiteko aukerarik, gurekin gelditzeko aukera izan dezatela». ■




