«Errugbiak espazio seguru bat eman dit»
Eibarko errugbi taldeko jokalaria eta lehen kapitaina da Maddi Sola (Ordizia, 1999). Ordiziako taldean hasi zen errugbian jokatzen, eta ordutik, kirol horri estuki lotuta jarraitu du. Sasoi onean dago taldea, eta horren adierazgarri, maiatzean zilarrezko kopa irabazi zuten.
Noiz hasi zinen errugbian jokatzen?
Batxilergo garaian hasi nintzen, 2016-2017 urtean. Neska talde bat entrenatzen hasteko prest agertu ginen, eta probatzea erabaki nuen.
Zein taldetan ibili zara?
Urte gehienak Ordiziako taldean egin ditut, baina taldekideen kopurua beti arazo izan denez, beste talde batzuekin elkartzeko joera izan dugu: Hernani, Eibar eta Arrasateko taldeekin, besteak beste.
Orain, berriz, Eibarko taldean zabiltza, kapitain gisa.
Bai, hori da. Eibarko taldean hiru kapitain izendatzen ditugu, normalean. Iaz bigarren kapitain izan nintzen, eta aurten, berriz, lehena izatea egokitu zait.
Zein dira kapitain baten funtzioak?
Zelai barruan bozeramailearen papera egin behar izaten du kapitainak. Berak bakarrik hitz egin dezake epailearekin, eta baita alderantziz ere. Horrez gain, taldearen norabidea markatzea, motibatzea eta lasaitzea ere egin behar izaten du. Azken batean, zelai barruan eta hortik kanpo eredu izan behar du kapitain batek.
Zilarrezko kopa irabazi berri duzue. Esperotako garaipena izan al da?
Bai, guztiz. Lan asko egin dugu honaino iristeko, eta oso gogotsu geunden. Aurretik jokatutako partidak onak izan ziren arren, hobetu genezakeen sentsazioarekin amaitzen genuen beti. Finalak arantza hori kentzeko balio izan zigun.
Zer ematen dizu errugbiak?
Errugbiak espazio seguru bat ematen dit. Kirol honi esker nire bizitzako lagun garrantzitsuenetako batzuk ezagutu ditut. Horrez gain, nire burua ezagutzeko eta garatzeko aukera eman dit.
Kirol honek, nolabait, aldatu egin zaituela esango zenuke?
Bai. Beti pertsona lotsatia eta isila izan naiz, eta urte hauetan nire ahotsa erabiltzen eta segurtasun handiagoarekin komunikatzen ikasi dut. Bestalde, nire gorputzarekiko harremana ere guztiz aldatu dit errugbiak. Lehen, estetikarekin lotzen nuen nire balioa; gaur egun, ordea, nire gorputza indartsua, erabilgarria eta osasuntsua izatea baloratzen dut.
Errugbiaz gain, zein dira zure zaletasunak?
Beste kirol batzuei dagokionez, surfa egitea asko gustatzen zait, eta errepideko bizikletan ibiltzea ere oso gustuko dut. Kirolaz gain, hondartzara joatea, jatea, toki berriak ezagutzea eta maite ditudan pertsonez inguratua egotea gustatzen zait.
Ba al duzu betetzeko ametsik?
Ez dakit inoiz gertatuko den, baina asko gustatuko litzaidake denboraldi batez Zeelanda Berrian bizitzea. Errugbia hango kulturaren parte da, eta oso berezia iruditzen zait kirola modu horretan bizitzea. Horrez gain, guztiz desberdina den kultura eta bizimodu bat ezagutzeko, nire erosotasun eremutik ateratzeko eta esperientzia berri horretatik ikasteko balioko lidake.■
