«Ataun txorien ikuspuntutik ikustea da gehien gustatu zaidana»
Arnau Elgarrestak (Ataun, 2002) Ataun inoiz ikusi gabeko perspektiba batetik erakusten duen dokumentala sortu du. ‘Ortzian hegan’ du izena, eta herria urtaro desberdinetan nolakoa den ikusten da bertan. Aurrera begira, bere bi pasioak diren natura eta argazkigintza uztartzen jarraitzeko asmoa du ataundarrak.
Noiz eta nola sortu zitzaizun ‘Ortzian hegan’ filma egiteko ideia?
Enkargu bat izan zen, Atauniker kultur elkarteak egindakoa. Aspalditik dronarekin zerbait egiteko gogoa neukan eta film hau egiteko proposatu zidatenean baiezkoa eman nien.
Zein izan zen enkargua, zehazki?
Ataun 2025ean nolakoa den jaso nahi zutela esan zidaten. Denborarekin Ataunek bilakaera handia izan du, eta hemendik aurrera ere aldatzen joango da pixkanaka. Hori gordeta izatea nahi zuten.
Zer ikusten da filmean?
Ataun ia guztia ikusten da, nukleo urbanoa eta mendi eta eremu garrantzitsuenetariko batzuk. Gainera, Ataun urtaro desberdinetan agertzen da: udan, udazkenean eta neguan.
Zenbat denbora behar izan duzu proiektua osatzeko?
Lauzpabost hilabete behar izan ditut, gutxi gorabehera. Grabazioa hiru hilabete inguru izan dira, eta gero edizio lanak egin behar izan ditut.
Zer gustatu zaizu gehien?
Zalantzarik gabe, Ataun txorien ikuspuntutik ikustea izan da gehien gustatu zaidana. Orain arte txoriek soilik zeukaten pribilegio bat zen, baina dronak aukera hori ematen du.
Oztoporik izan duzu dokumentala egiteko prozesuan zehar?
Paradoxikoki, natura eta eguraldia izan dira oztopo nagusiak. Euriarekin edo haizearekin ezin da drona erabili, eta hori dela eta, eguraldiaren menpe ibili behar duzu.
Dokumentala Ataunen estreinatzeko aukera izan zenuen. Nolako harrera izan zuen?
Oso harrera ona izan zuen, uste nuena baino hobea. Jende askok zoriondu ninduen egindako lanagatik.
Azken urteetan nola aldatu da ikus-entzunezkoak kontsumitzeko publikoaren joera?
Gaur egun jendeari geroz eta gehiago kostatzen zaio ikus-entzunezko luzeak ikustea. Gainera, orain sare sozialetan ikusgarri egitea da jendearengana iristeko modu eraginkorrena.
Zaila al da zinemaren munduan leku bat egitea?
Nik mundu horretan ez dut esperientziarik izan, ez baitut inoiz muturrik sartu. Hala ere, leku bat egitea oso zaila dela iruditzen zait. Kontaktuak izatea ezinbestekoa da; izan ere, inork ezagutzen ez bazaitu ez dizu inork deituko.
Orain zertan zabiltza?
Nire proiektu pertsonalak egiten ari naiz gaur egun. Hala ere, espero dut geroz eta gauza profesionalagoak eta ikusgarriagoak egiten joatea.
Zein dira proiektu horiek?
Ardi moztaileen inguruko lan batekin nabil. Horrez gain, mendiko gida izateko ikasten ere ari naiz. Etorkizunean naturako argazkilaritza eta mendiko irteerak uztartuko dituen zerbitzu bat eskaini nahiko nuke.
Zertan oinarritzen da proiektu hori?
Aralar eta Urbasa-Andia inguruan fauna eta flora erakusteko tailerrak egin nahiko nituzke. Horrez gain, bertako historia eta bitxikeriak ere ezagutaraztea dut buruan. ■

