Garrapoa Oiangun
Amaia Oar-Arteta naiz, 80 urte ditut, eta Ordizian bizi naiz. Ezin konta ahala urte daramatzat argazkiak ateratzen. Kamera laguna dut, eta asko gozatzen dut harekin. Gustatzen zaidana eta harritzen nauena argazki bidez irudikatzea da nik bilatzen dudana.
Giza-egoerak, desagertuko diren gauzak eta natura dira nire gustuko gaiak, eta bereziki animaliak, hegaztiak eta loreak. Urteak daramatzat Peru iparraldera joaten, Celendinera, eta baita oihanera ere, Poblado Nuevo San Juanera, eta han goia jotzen du nire argazkilaritza-pasioak. Hango herritarrek gustura hartzen dituzte nire argazkiak, asko gustatzen zaie haien burua pantailan islatuta ikustea. Hemen mesfidatiagoak gara, ez baitakizu argazki horrek zertan eta nola bukatuko duen.
Argazkilaritza erlazionatzeko modu bat ere bada niretzat, eta errealitatea aurrez aurre ikusteko momentu atsegin bat ere bai. Askotan igotzen naiz Oiangura, eta han atera nuen enbor zaharrean pausatuta zegoen garrapoaren argazkia.

