«Etorkizunean ikerketa munduan lan egin nahiko nuke»
Zientzia eta ikerkuntza txikitatik izan ditu gustuko Maddi Mendizabalek (Zegama, 2008). Aurten, Kimikako Euskal Olinpiadetan parte hartu du, baita irabazi ere. Etorkizunean bide horretatik jarraitzea du helburu.
Nolako esperientzia izan da Kimikako Olinpiadetan parte hartzea?
Esperientzia oso aberasgarria izan da. Kimika arloan gehiago sakontzeaz gain, jende berria ezagutzeko aukera eman dit, baita hainbat ikerlariren hitzaldiak eta esperientziak ezagutzekoa ere.
Zertan oinarritzen dira Olinpiada horiek?
Bi ataleko proba bat egitean datza. Lehenengo, atal teorikoa dago. Atal horretan bi problema ebatzi behar dira, Batxilergoan emandako gaitegi guztia kontuan hartuta. Ondoren, atal praktikoa burutzen da. 25 galdera dituen aukera anitzeko test bat da. Kalkuluak egiteko ariketez gain, galdera teoriko batzuei ere erantzun behar zaie.
Nola prestatu zara horretarako?
Kimikako Euskal Olinpiadak ikasturteko hirugarren ebaluazioaren hasieran izan ziren, martxoan, baina ikasturte osoko gaitegia sartzen zenez, 2. Batxilergoko gaitegia aurreratzen hasi nintzen lehenengo mailan. Horretarako, klasez kanpoko orduetan teoria azaltzen zidan Ainara Imazek, Kimikako nire irakasleak, eta, ondoren, astean zehar klasean ariketak egiten aritzen nintzen pixkanaka.
Nolakoa izan da emakumezkoen presentzia proba horretan?
Zoritxarrez, oraindik desberdintasun handia dago mota honetako probetan parte hartzen duten gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruan, baita sariak lortzen dituztenen artean ere.
Zer ikasi duzu esperientzia honetatik?
Alde batetik, norberak bere gaitasunak eta dohainak ezagutzearen eta lantzearen garrantziaz ohartu naiz. Izan ere, edozein arlotan beti dago gehiago ikasteko eta hobetzeko aukera. Horrela, zaletasuna, gaitasuna eta lana elkartzen direnean, erronka berriei aurre egiteko aukerak sortzen dira, eta oso motibagarria da.
Eta hemendik aurrera, zer?
Oraingoz, Biokimika eta Biologia Molekularreko gradua ikasi nahi dut EHUn, baina Matematika ere gustatzen zait. Etorkizunean ikerketa munduan lan egin nahiko nuke, laborategian, biomedikuntza arloan gaixotasunak ikertzen.
Zein dira zure bestelako zaletasunak?
Txindoki atletismo taldean nabil, pertika jauzia egiten dut. Kirol horrek eguneroko urduritasuna eta presioa arintzen lagundu dit. Horrez gain, duela gutxira arte euskal dantzak egin ditut, eta bidaiatzea ere gustuko dut, baita mendira eta hondartzara joatea ere.
Iazko Beasaingo idazlehiaketan lehen saria lortu zenuen, prosa atalean. Idatzi ere egiten duzu, beraz?
Bai, gogoko dut irakurtzea, eta noizean behin zertxobait idaztea ere bai. Kurtso honetan lanpetuta ibili naiz eta ez dut denbora askorik izan, baina udan berriro irakurtzen hasteko gogotsu nago.
Zientziak eta letrak, bietan zara trebea. Bateragarriak al dira?
Gaur egun ikasketak asko bideratzen dira arlo bakarrera. DBHn bertan dagoeneko aukeraketak egin behar dira zientzien eta letren artean. Nire ustez, biak ezinbestekoak dira, bata bestearen osagarriak direlako eta arlo batean oinarrizko ezagutza edukitzea baliagarria delako besterako ere. ■

