«Boxeoak nire bizitzako une zail batetik ateratzen lagundu zidan»
Duela urtebete eskas hasi zen Ekaitz Jaunarena (Zumarraga, 2002) boxeoan. Hala ere, ez da nolanahiko urtea izan harentzat. Jokatutako bost borrokaldietatik lau irabazi ditu. Kirol sakrifikatua den arren, bizitzako momentu txarrak gainditzen lagundu dio boxeoak.
Noiz eta nola hasi zinen boxeoan?
Duela urtebete hasi nintzen. Argi neukan borrokarekin lotutako kirol bat egin nahi nuela, baina hasiera hartan Zumarragan boxeoa egiteko aukerarik ez zegoenez, Legazpin MMA edo borroka mistoan hasi nintzen.
Eta ondoren boxeora eman zenuen saltoa.
Bai, duela urtebete orain nire entrenatzailea den Aitor Abel Rodriguez ezagutu nuen, eta haren bitartez hasi nintzen kirol honetan.
Zer ematen dizu kirol horrek?
Boxeoak dena eman dit. Nire bizitzako une zail batetik ateratzen lagundu zidan, eta egunerokoan diziplina eta konstantzia ematen dizkit. Kirol honi esker badakit gaur egun nire bizitzan zer nahi dudan.
Zenbat ordu eskaintzen dizkiezu astean entrenamenduei?
Duela denbora gutxira arte, astean bost ordu inguru entrenatzen nintzen. Orain pixka bat gutxiago, lanean ere ari naizelako.
Zertan egiten duzu lan?
Katea enpresan egiten dut lan, egunero zortzi orduz. Horrez gain, asteburuetan sukalde batean laguntzen dut, eta nire emazteari ere laguntzen diot beste sukalde batean.
Hortaz, ez duzu denbora libre askorik.
Ez, orain lanak eta entrenamenduek markatzen dute nire bizitzaren erritmoa. Hala ere, boxeoaz gain kickboxinga ere egiten dut, eta beste diziplina batzuk probatzea ere gustatzen zait.
Non entrenatzen duzu?
Bi gimnasio desberdinetan aritzen naiz. Hala ere, Zumarragan ez dugu entrenatzeko toki finkorik; hainbat kantxa uzten dizkigute, baina guretzat egokitutako espazio propio bat izatea gustatuko litzaiguke.
Zein ariketa lantzen dituzue entrenamenduetan?
Soka-saltoa, kolpe konbinazioak eta sparring edo borroka saio simulatuak egiten ditugu. Horietan mugimenduak, saihespenak eta aurkariaren aurkako lana etengabe lantzen ditugu.
Zer da kirol horretatik gehien gustatzen zaizuna?
Bizitzarako zentzu askotan balio dizun kirol bat da, eta hori da gehien gustatzen zaidana. Diziplina, indarra eta konfiantza ematen dizkizu. Hala ere, oso kirol sakrifikatua dela ere esan behar da.
Baduzu betetzea gustatuko litzaizukeen ametsik?
Nire ametsa ez da tituluak irabaztea, borroka mundua inoiz ez uztea baizik. Borrokarekin lotutako hainbat diziplina egiten ditut, horietako bakoitzak ekarpen desberdinak ematen baitizkit.
Zure ingurukoek nola ikusten dute zu boxeoan aritzea?
Nire ingurukoak oso harro daude egiten dudanaz, baita nire entrenatzailea ere.
Zertan laguntzen dizu bereziki entrenatzaileak?
Egunerokoan asko laguntzen dit, bai kirolean, bai pertsona bezala hazten ere. Horregatik aipamen berezia egin nahiko nioke Aitorri.■

