«Abesteak eta dantzatzeak nire korapiloak askatzen laguntzen didate»
Artearekiko sentsibilitate berezia dauka Paula Navas beasaindarrak (2007). Txikitatik izan ditu gustuko abestea eta dantzatzea, eta amets horri jarraika, ‘Ztanda ‘telebista saioko hirugarren edizioan parte hartu du.
Nolatan animatu zinen ‘Ztanda’-n parte hartzera?
Aspalditik ezagutzen dut programa, eta Beasaingo Erik Retamosaren erreferentzia neukan, bera lehenengo edizioan atera baitzen. Hala ere, kasualitatez sortu zitzaidan bertan parte hartzeko aukera. Nire musika irakasleak animatu ninduen, esperientzia aberasgarria izango zela esanda.
Aurretik horrelako esperientziarik izan duzu?
Ez, nire lehenengo aldia izan da telebista-programa batean. Operacion Triunfo programako azken edizioan parte hartzeko castingera ere aurkeztu nintzen, baina ez ninduten hartu.
Zer-nolako esperientzia izan da?
Esperientzia izugarria izan da. Lehiakide guztiok berehala konektatu dugu elkarrekin, eta oso harreman polita eraiki dugu. Lagun handiak egin ditut programan.
Zer da gehien gustatu zaizuna?
Niretzako guztiz berria den mundu bat ezagutu dut, eta hori asko gustatu zait. Ez da berdina plaza batean abestea edo telebistan, kameren eta fokuen artean.
Ba al dago hainbeste gustatu ez zaizun zerbait?
Gutxien gustatu zaidana gala bakoitzean kanporatu bat egotea izan da. Egunetik egunera beste lehiakideekin harremana sendotu egiten da, eta ez da erraza hurrengo galan zu edo zure lagunak kanporatuak izan daitezkeela pentsatzea. Presio handia sentitzen duzu.
Zer ematen dizu abesteak?
Niretzako abestea eta dantzatzea terapia modukoak dira. Nire korapiloak askatzen eta kezkak kanporatzen laguntzen didate. Bi ekintzek nire sentimenduak eta ideiak argitzen laguntzen didate.
Oroitzen al duzu zure lehenengo kontzertua?
Lazkaoko Zelata tabernan izan zen, kanpoan jarri zuten agertokia eta irakasleak pianoarekin lagundu zidan. Cynthia Erivoren Stand Up abestia abestu nuela oroitzen dut. Esperientzia hark nire buruarengan konfiantza areagotzen lagundu zidan.
Zer ari zara ikasten?
Psikologia ikasten ari naiz, Donostian.
Zergatik aukeratu zenuen gradu hori?
Jendeari laguntzen diodanean sentitzen dudan asebetetze sentsazioak bultzatu nau psikologia ikastera.
Etorkizunean musikarekin jarraitzeko asmori badaukazu?
Bai, Hala ere, nire helburua ez da album bat kaleratzea edo musika produzitzea. Zuzeneko kontzertuak ematea gustatzen zait, batez ere. Egia da baditudala nik sortutako abesti batzuk, baina nire asmoa ez da publikatzea. Oraingoz formatzen eta hobetzen jarraitzea da nire helburu nagusia.
Ba al duzu erreferenterik?
Momentu honetan Sienna Spiro da nire artista erreferente nagusia. Soula eta baladak dira gehien jorratzen dituen musika estiloak, eta niretzat inspirazio iturri bat da. Asko konektatzen dut bere musikarekin.
Zein dira zure bestelako zaletasunak?
Abesteaz gain, 5 urte nituenetik dantza egiten dut. Bestalde, marraztea eta poesia idaztea ere asko gustatzen zaizkit. Orain gutxi pianoa ikasten ere hasi naiz. Orokorrean, artearekin zerikusia duen edozer egitea gustatzen zait. ■

