'Erdokea' Goierri Garaiko toponimian
Goierriko Gabiria, Legazpi, Mutiloa eta Zumarragako leku-izen zahar dezentetan (eta Goierri Garaiko herri gehiagotan ere azaldu litekeela iruditzen zait) ‘erdoca’ osagaia ikus liteke. Hona adibide batzuk: Erdoquetaco celaya (1817, Gabiria), errdoca de Corrtachipy (1483, Legazpi), Erdecozabaleta (1806, Mutiloa), Erdoco Çavaleta (1529, Zumarraga). Gaur egungo bizilagunen hiztegitik desagertutako hitza da. Ez du esanahirik. Horregatik, Gabiriako Ariztiederreko auzunetik gertu dagoen Erdokazabaleta lekuari Erdiko zabaleta esaten diote inguruko baserritarrek, euren gaurko hizkerara moldatuta.
Goierri beheko herrietako leku-izenetan ez dugu osagai hori ikusiko, baina bai mendebalderago dauden herrietan: Debagoienean eta Arabako Lautadan, esaterako. Erdoketa izeneko lekuak daude Aretxabaletan, Arrasaten, Eskoriatzan eta Oñatin, EAEko Izendegi Geografiko Ofizialak erakusten duenez. Ardoka, Ardokandia eta Ardocas izeneko parajeak, berriz, Arabako Asparrenan, Zalduondon eta Gasteizen (zoritxarrez, ez dugu XX. mendea baino lehenagoko aldaera dokumentaturik topatu, eta horregatik, gure ustez, hasierako bokalea desberdina da). Bitxia da. Ematen du, Koldo Zuazoren teoriari jarraituz, eta ikerketa gehiagorik gabe, antzina Araba aldetik Goierri aldera hedatutako hitza dela, Goierri behereko herrietara gehiago zabaldu ez zena.
Ez dugu hitzaren etimologia ezagutzen. Iluna zaigu, baina zer designatzen duen badakigu. Gerardo Lopez de Gereñuk idatzi zuen ‘ardoca’ hitzaren esanahia Voces Alavesas liburuan: «Ardoca. I. Manantial intermitente (Ant. Salvatierra). II Terreno encharcado en el monte (Araya)». Baina, gainera, bisitatu ditugu ‘erdoka’ osagaia duten leku-izenek erreferitzen dituzten hainbat leku (Mutiloako Erdokazabaleta, Legazpiko Erdokaaundieta eta Erdokaeta) eta guztietan gauza bera topatu dugu: lohiguneak edo zingirak eta, hortaz, ikertzaile arabarrak liburuan aipatzen dituen «terreno encharcado»-ak.
Aipatu bezala, gaur egun, Goierri Garaian ez da ‘erdoka’ erabiltzen (Araban, ordea, ‘ardoka’ bizirik dagoela esan liteke, gaztelaniazko jardunean) eta horren ordez, ‘istinga’ edo ‘iztinga’ dago zabalduta. Ematen du, dena dela, ‘istinga’ edo ‘iztinga’ izenek ere aspaldiko tradizioa dutela eta, hortaz, forma bat baino gehiago erabili izan direla aldi berean antzerako parajeak izendatzeko. Horren lekuko Legazpiko Istingagorrieta leku-izena, 1777. urtetik aurrera dokumentatua.
‘Siratsa’ Ataunen eta Intsustin
Amaitzeko, fokua aldatu eta Goierri Garaitik Aralar aldera pasatuta, Ataungo eta Intsustiko lurraldeetan lohiguneak designatzeko bestelako tradizioa izan da. Juan Arin Dorronsorok ‘siratsa’ osagaia zuten hogeitik gora leku-izen jaso zituen hor: Siatsa, Siratsaldea, Siats aundi, Siatseko egie, Siats zulo… Haren ustez, «terreno pantanoso»-ak; gauza bera hortaz. Goierri Garaiko ‘erdoka’ hitzarekin gertatzen den bezala, hemen ere badirudi tradizio hori hegoalderago topatu behar dela, kasu honetan Nafarroan. Burundako, Urbasako eta Ameskoako toponimian osagai hori oso zabalduta dago. ■

