«Besteengandik bereiziko zaituen zerbait izan behar duzu»
Hip-hop, popping, house edota afro estiloak dantzatzen ditu Maitane Perezek (Ordizia, 1999). Duela bost urtetik Madrilen bizi da, eta gaur egun ‘Aztarna’ izeneko proiektuarekin buru-belarri dabil.
Zerk eraman zintuen Ordiziatik Madrilera?
Antzerki musikala ikastera etorri nintzen Madrilera, betidanik gustuko izan ditudan antzerkia, kantua eta dantza uztartzen dituelako. Gainera, dantzan gehiago trebatzeko aukera ere bilatzen nuen.
Noiztik zara dantzaria?
Txikitatik gustatu izan zait dantzatzea, etxean ere betidanik ikusi dudan zerbait izan baita. Hala ere, 19 urte ingururekin hip-hopa ezagutzeko aukera izan nuen, eta mundu berri bat ireki zitzaidan begien aurrean.
Gaur egun hip-hopera dedikatzen zara?
Bai, ehuneko ehunean. Nire proiektu propioa ere sortu nuen duela bi urte.
Zein da proiektu hori?
Aztarna du izena. Helburua hip-hopa irakastea eta estilo horretako dantzarien komunitatea handitzea da. Gaur egun, 25 ikasle inguruko talde bat daukat, eta urtero handitzen ari da. Horretaz gain, hip-hop batailak ere antolatzen ditut, Aztarna Battle izenekoak.
Zer dira bataila horiek?
Dantza-lehiaketak dira. Dantzariak epaimahai baten aurrean aritzen dira, eta fase desberdinak gainditu behar izaten dituzte. Lehenengo, bakarka, DJak unean bertan jartzen duen musika defendatu behar dute, dagokion estiloan. Freestyle batailetan ez da aldez aurretik jakiten zer abesti jarriko duten; musika entzun, eta unean bertan inprobisatzea da gakoa. Horretarako entrenamendu handia behar da. Fase hori gaindituz gero, binakako kanporaketak jokatzen dira, finalera iritsi arte.
Orain arte, zein lekutan dantzatzeko aukera izan duzu?
El Desafio eta El Hormiguero telebista programetan dantzatu dut. Horrez gain, gaur egun, La Pili artistarekin ere bira egiten ari naiz. Duela gutxi Erromako MAXXI museoan dantzatzeko aukera izan nuen, eta aurrerantzean ere jaialdi ezberdinetan ibiliko naiz.
Nolakoa da dantzarien mundua?
Gogorra, neketsua eta prekarioa dela esango nuke. Oro har, zaila da mundu honetan leku bat egitea. Gero eta dantzari gehiago gaude, eta maila ere gero eta handiagoa da. Horregatik, lan asko egiteaz gain, besteengandik bereiziko zaituen zerbait izan behar duzu.
Euskal Herrian dantzari profesionala izateko aukerarik ba al dago?
Bai, badago aukera. Bizi zaren lekuaren araberakoa da, baina Donostian eta Bilbon, esate baterako, maila oso handiko dantzari profesional asko daude.
Emakume izateak eraginik badu?
Oro har, dantzaren mundua oso sexualizatuta dago, eta askotan emakume izateagatik jasotzen duzun tratua ez da gizonek jasotzen dutena bezalakoa. Emakumea sarritan takoidun oinetakoekin eta dantza sentsualarekin lotzen da. Hori gustuko izatea zilegi da, baina uste dut emakumeok dantzaren esparru guztietan tokia eta aukera berak izan beharko genituzkeela.
Zein da dantza urbanoak dantzatzen dituzuen emakumeen egoera?
Behin baino gehiagotan ateak itxi dizkidate hip-hopa dantzatzen duen emakumea izateagatik. Hala ere, dantza estilo urbanoak gero eta ezagunago bihurtzen ari dira, eta hori oso positiboa da.
Zein dira zure hurrengo helburuak?
Epe motzean, Aztarna proiektua hobetzen jarraitzea gustatuko litzaidake; eta, epe luzera, aktore bezala bide bat egin nahiko nuke. Noizbait telesail edo film batean ateratzearekin amesten dut. ■
