Ordiziako Mitina, kategorian
Goi mailako atletismoaren erreferente bihurtu da Jose Antonio Peñaren omenezko mitina, nazioarteko goi mailako atletak erakarrita eta urtez urte errekorrak gaindituta.
Altamirak eztanda egingo du bihar, beste behin ospatuko den Ordizia Atletismo Mitinean. Hamargarren edizioa izango da aurtengoa, eta bihar jokatuko da, hasierako espiritu eta grina berarekin.
Publikoari kalitatezko atletismoa eskaintzeko eta atletentzako proba erakargarri bat izateko helburuarekin sortu zuten ekimena 2015ean, Txindoki-Grupo Jaso Atletismo Taldeko kidea izandako Jose Antonio Peña Lizarragaren omenez. 2015eko urtarrilaren 17an hil zen Peña, eta Ordizian, Goierrin, Gipuzkoan, Euskal Herrian eta Espainiako estatuan atletismoak aurrera jarrai zezan egindako lanagatik izan zen ezaguna. Estatu mailako atletismo epaile izan zen, eta karguak izan zituen Euskadiko eta Gipuzkoako atletismo federazioetan ere. Hain justu, atletismoa sustatzen urtetan zehar egindako lanagatik izan zen errekonozitua 2007an, Ordiziako Kirolaren Batzordeak eta udalak elkarlanean egindako gala batean.
Urteetan hazkunde handia
Herritik eta herriarentzat hasi zen ekimena, eta lehen ediziotik handituz joan da. Hasiera-hasieratik Espainiako Atletismo Federazioaren egutegian kokatu zuten, baina 2022tik World Athleticsen Continental Tour Challenger kategoriaren barruan egon da. Azken jauzia, berriz, iaz egin zuen, World Athletics Continental Tour Bronze kategorian sartu baitziren aurreneko aldiz. Sona handia lortu du urte gutxian, eta gaur-gaurkoz Euskal Herriko atletismo mitin onena da, baita estatuko hirugarren onena ere, Madrilgoaren eta Teneriferikoaren atzetik.
Arrakasta horren gakoak zeintzuk izan diren azaldu ditu antolakuntzako kide Egoitz Iztueta ordiziarrak, eta urte horien guztien errepasoa egin du: «Urtez urte finantziazio handiagoa lortu dugu, eta pilatutako esperientziak ere ekimenaren hazkuntzan nabarmen lagundu du. Urterik urte diru publiko gehiago sartu zaigu eta bultzada handia eman digu horrek».
Bada, Ordiziako Mitina «atletismoa baino gehiago» dela ziurtatu du: «Jardunaldi oso bat da, eta helburu zehatzak ipintzen ahalegintzen gara, transmititu nahi dugunaren arabera». Euskal kultura, harrobia, bertako elitea, atzerritarrak, kirol egokitua eta berdintasuna dira ekimenaren balioak, eta denek osatzen dute jardunaldia. «Azken urtean hartu duen oihartzun mediatikoa baliatuta, gure nortasuna transmititzeko eta aldarrikatzeko ekimen gisa erabiltzen dugu», dio Iztuetak. Atletismoa bakarrik ez, balio horiek guztiak ditu muinean.
Publikoak ere hori guztia ezin hobeto jasotzen duela dio ordiziarrak, eta bere ustez hori da, hain justu, ekimenaren arrakastaren gakoa: atletismoa maite duten zaleak ez ezik, atletismoa bereziki jarraitzen ez dutenak ere bertaratzea lortzea. Uztaila gerturatu ahala, herrian «giro berezia» sortzen dela gehitu du: «Asteburu berezia izaten da, herritarrek atletak bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera izaten dute, eta horrek jendea gerturarazten du». Telebistan (ETB1en) zuzenean ematen dute, eta Altamiratik ez ezik, jende andanak jarraitzen du jardunaldia etxetik ere: «Jendeari gustatzen zaio bere herria edo eskualdea telebistan ikustea».
Harrobiari bultzada
Nazioarteko mailako ekimen batek herriari eta bertako atletismo taldeari ematen dien bultzada «nabarmena» dela azpimarratu du Iztuetak. Haren esanetan, harrobiko gazteentzat da bereziki garrantzitsua goi mailako atletismoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izatea. Izan ere, eliteko kirolariak hurbiletik ikusteak «motibazioa» eta etorkizunean halako ekitaldietan parte hartzeko «gogoa» pizten ditu.
Helburu horrekin, urtero haurrentzako lasterketak ere antolatzen dituzte, gazteenek mitina ikusle huts gisa ez ezik protagonista gisa ere bizi dezaten. Horrela, ekitaldiaren parte sentitzen dira eta atletismoarekiko lotura estuagoa garatzen dute. Antolatzaileen arabera, ilusio hori urte osoan zehar nabaritzen da; ikasturte hasieratik bertatik hasten dira haurrak eta gazteak ekitaldiaz hitz egiten, eta mitinaren data hurbildu ahala «interesa eta zirrara» areagotu egiten dira.
Era berean, ekimenaren balio handienetako bat belaunaldi berriengan duen eragina dela esan du Iztuetak. Iaz, esate baterako, haur askok atletekin argazkiak ateratzeko interesa erakutsi zuten, eta horrek agerian utzi zuen kirolariek gazteengan sortzen duten miresmena. Antolatzaileen ustez, horrelako xehetasunek erakusten dute mitinak kirolaren transmisioan eta erreferente positiboak sortzen duen garrantzia, atletismoarekiko zaletasuna belaunaldi berrietara eramanez.
Antolaketa egitura progresiboa
Mitinaren antolakuntzak lan-egitura berezia du. Alde batetik, klubaren eguneroko jarduna zuzendaritzako hiru kidek kudeatzen dute, tartean Eneko Agirrezabal presidenteak. Bestetik, mitinaren antolaketa espezifikoki bere gain hartzen duen talde bat dago, klubaren eguneroko kudeaketan zuzenean parte hartzen ez duen arren, ekitaldia aurrera ateratzeko buru-belarri lan egiten duena.
Edizio bakoitzaren prestaketa urrian hasten da, eta modu progresiboan garatzen dute. Urtarriletik aurrera, antolatzaileek hilean behin bilerak egiten dituzte, nahiz eta eguneroko koordinazioa eta erabaki asko komunikazio digitalaren bidez ere bideratzen diren. Ekitaldia gerturatu ahala, lan-erritmoa areagotu egiten da: azken hilabeteetan bilerak astero egin dituzte, eta azken hiru hilabeteetan koordinazioa are estuagoa bihurtzen da.
Antolatzaileen arabera, ekimenak hazkunde etengabea izan du azken urteotan, eta gaur egun bere unerik indartsuenetako bat bizi du. Hazkunde horri eusteko asmoz, urtero berrikuntzak txertatzeko ahalegina egiten dute, ekitaldia erakargarriago bihurtu eta parte-hartzaileei zein ikusleei esperientzia berriak eskaintzeko. Horrek, ordea, aurreko urtekoa baino lan handiagoa eskatzen du, antolakuntzaren konplexutasuna handitu egiten baita.
Berrikuntzak
Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza izango ditu, bai ikusleen erosotasuna hobetzeko, bai ekitaldiaren izaera erakargarriagoa eta profesionalagoa indartzeko. Iazko esperientziaren ondoren, segurtasunari eta erosotasunari begira, harmaila gehigarriak jarriko dituzte estadioan, guztira 1.200 lagun eserita egon ahal izateko.
Familiei eta gaztetxoei zuzendutako eskaintza ere zabaldu egingo dute. Horretarako, estadioaren ondoko aparkalekua itxi, eta haurrentzako aisialdi-gune bihurtuko dute. Bertan puzgarriak izango dira, 17:00etatik 20:30era bitartean.
Mitinak kirol jardueratik harago ere zabaldu nahi du bere eragina. Horren adibide da aste honetan Beasainen egin duten Emakumeak atletismoan hitzaldia. Bertan, hamarkada ezberdinetako atletak bildu dituzte, emakumeek atletismoaren esparruan izan duten bilakaera eta urteotan izandako aldaketa sozialak aztertzeko.
Ikuskizunaren alorrean ere urrats bat gehiago egingo dute, aurten. Horretarako, argiztapenaren arloan espezializatutako enpresa bat kontratatu dute, mitinari efektu bisual ikusgarriagoa emateko. Asmoa da Altamira estadioan argi-efektu bereziak sortzea, instalazioaren zati bat ilunpetan utziz eta bestea argiztatuz, baita atleta bakoitza fokuen bidez nabarmenduz ere. Horrela, antolatzaileek urteotan landu nahi izan duten ikuskizunaren eta atletismoaren arteko uztarketa indartu nahi dute.
Bestalde, jasangarritasunaren arloan ere urrats garrantzitsuak egin dituzte. Antolakuntzak ingurumen-irizpideak txertatzeko egin duen lana aitortuz, aurtengo edizioan ziurtagiri bat jasoko du Mitinak, ekitaldiaren konpromiso iraunkorra eta arduratsua egiaztatuz. ■

