«Lan honetan iraganaren eta ahanzturaren inguruan hausnartu dut»
Zientzien eta letren esparruetan eroso mugitzen da Joanes Plazaola (Zumarraga, 2009). Aurten laugarren aldiz irabazi du Urruzuno literatura lehiaketa, ‘Ahanzturaren lubakiak’ lanarekin. Hori gutxi ez balitz, USaP azterketan Gipuzkoako notarik altuena lortu du zumarragarrak.
Ikasturte betea bezain borobila izan duzu. Urruzuno literatura lehiaketa irabaztea espero zenuen?
Egia esan, ez nuen espero. Lanak bidali eta hiru-lau hilabete itxaron behar izan dugu ebazpena jakiteko, eta bitartean ez naiz horretan pentsatzen jarri. Egia da sorpresarik handiena lehenengo urtean hartu nuela, baina urtetik urtera ilusioa mantendu dut.
Zein izaten da saria?
Beste idazle batzuekin literatura-egonaldi bat izaten da sari nagusia. Aurten Zerainen egingo dugu.
Zer ekintza egiten dituzue bertan?
Egonaldi horretan literaturarekin eta musikarekin lotutako jarduerak egiten ditugu. Euskal idazleak, artistak eta musikariak etortzen dira beraien esperientziak partekatzera, baita tailerrak egitera eta kontzertuak eskaintzera ere.
Esaten da idazteko asko irakurri behar dela. Zure kasuan horrela da?
Bai. Berez, esango nuke idazlea baino gehiago irakurlea naizela. Txikitatik izan naiz irakurle amorratua. Aurtengo ikasturtean nahi baino denbora gutxiago eskaini diot, baina oporretan berriro irakurketari heltzea da nire asmoa.
Noiztik idazten duzu?
Hamar-bat urte ingururekin idatzi nuen nire lehenengo lana, Zumarragako lehiaketa batera aurkezteko.
Orain idatzitako ‘Ahanzturaren lubakiak’ lanak zertaz hitz egiten du?
Min ematen duen iragana atzean nola utzi lortu nahi duten pertsonen ibilbidea kontatzen dut. Zehazki, trauma bat jasan eta geroko prozesua.
Zein izan da proiektu hori idazteko jarraitu duzun prozesua?
Lehenengo, helarazi nahi dudan mezua eta istorioaren kontzeptu nagusia pentsatu ohi ditut. Lan honetan, iraganaren eta ahanzturaren inguruan hausnartu dut. Gatazka nagusia behin pentsatuta, istorioa eraikitzen hasi naiz pixkanaka.
Zer da prozesu horretatik gehien gustatzen zaizuna?
Hasiera eta bukaera gutxi gorabehera jakin ditzakezun arren, tartean gauza asko sartzeko eta bidean galtzeko aukera ematen dizu. Hori sormenaren ikuspuntutik oso interesgarria da. Askatasun handia izan dezakezu.
Eta gutxien?
Gutxien gustatzen zaidana, berriz, ideiarik gabe gelditzea da, lanaren erdira iritsi eta ez aurrera ez atzera blokeatuta geratzea.
Hemendik aurrera idazten jarraitzeko asmorik badaukazu?
Idazten ez dakit, baina irakurtzen, behintzat, jarraituko dut. Askotan inspirazioa irakurketatik etortzen da; beraz, nork daki…
Aurten USaP proba egin duzu, baita Gipuzkoako notarik altuena lortu ere. Zer ikasteko asmoa daukazu?
Zalantzak izan ditudan arren, Fisika eta Matematika gradu bikoitza ikasteko asmoa daukat, seguruenik Bartzelonan.
Nola heltzen diozu etapa berri honi?
Egia esan, urduri xamar nago, aldaketa handia izango baita. Hala ere, ilusio handiz heltzen diodan zerbait da eta gogotsu nago.
Bestelako afiziorik baduzu?
Saskibaloian ibili naiz orain arte Goierri Kirol Elkartean. Oso gustura ibili naiz, baina ikasketak direla eta ez dut uste jarraituko dudanik. ■

