Lau hamarkada Loinatz kantuz
2026. urtea berezia da Loinatz Abesbatzarentzat. Lau hamarkada bete dira 1986an abestutako lehen notetatik, eta urteurren borobila ospatzeko egitarau oparoa prestatu da. Baina, etorkizunera begiratu aurretik, ezinbestekoa da atzera begiratzea eta gaur egungo Loinatz ulertzeko oinarriak gogoratzea.
Loinatz Abesbatzaren sustraiak 1939ko abenduaren 8ra hondoratzen dira, Pedro Jose Iguain maisuak Coral Loinaz sortu zuen egunera. Hasieran gizonezkoen abesbatza izan zen, baina 1946an talde misto bihurtu zen, garai hartako joera berritzaileei helduz eta ondoren izan duen izaera finkatuz. Ondorengo urteetan ibilbide oparoa izan zuen arren, 1971n etenaldi bat etorri zen, eta hamabost urteko isilune baten ondoren, 1986an berpiztu zen gaur egungo Loinatz Abesbatza, Juan Alkaiaga Begiristainen babesean eta ekimenez eta Xabier Sarasola Lasaren gidaritzapean. Une horrek markatzen du gaur ospatzen duen 40 urteko ibilbidearen hasiera.
Urte horietan zehar, hainbat zuzendarik gidatu dute taldea, bakoitzak bere aztarna utzita: Xabier Sarasola Lasa (1986-2012), berrabiatzearen arima eta proiektuaren zutabe nagusia; Junkal Guerrero Langara (2012-2017), ikuspegi berria ekarri eta errepertorio garaikidea indartu zituena; Jon Aizpuru Mallea (2017-2023), besteak beste, euskal musikagintzako taldeekin elkarlana bultzatu zuena; eta gaur egun, Aitor Garitano Agirreolea (2023tik), gaztetasun eta dinamismo handiz, etapa berri bati hasiera eman eta 40. urteurreneko proiektuari bide emango diona.
Urteurrena ospatzeko egitarauak ohiko jarduerak eta ekimen bereziak uztartzen ditu, Loinatz Abesbatza (40 urte eta gero, hau!) testuan azaldu bezala. Testuinguru horretan, urte honetako proiektu esanguratsuenetako bat maiatzaren 9an San Martin elizan aurkeztutako disko berria da: Lau hamarkada Loinatz kantuz. Jean-Michel Olivares soinu teknikariarekin Beasaingo San Martingo elizan grabatu zen Javier Perez de Azpeitia piano jotzailea eta Xabier Zeberio biolin jotzailearen parte hartzearekin. Lan horrek abesbatzaren ibilbidea islatzen du, ez kronologia hutsean, baizik eta taldearentzat esanahi berezia izan duten obren bidez.
Ibilbide baten isla musikala
Ez da hori Loinatzen lehen grabazioa. Aurretik ere hainbat disko eta elkarlan izan dira, ibilbide musikal aberatsa osatuz. Coral Loinazen garaian, Juan Miguel Irizar Zurutuza zuzendari zela, hainbat lan garrantzitsu egin ziren. Horien artean dago 1964an Columbia diskoetxearekin San Martingo elizan grabatutako Canciones Vascas del Maestro Pablo Sorozabal diskoa (I-V bolumenak), Donostiako Coro Maitearekin (Maria Teresa Hernandez Usabiaga zuzendari) elkarlanean eta Pablo Sorozabalen zuzendaritzapean ondua. Bestalde, 1972ko Antologia Coral Vasca bilduma ere aipagarria da, beste euskal abesbatza batzuekin batera egina, hala nola Orfeon Donostiarrako ganbera abesbatzarekin, Coral Santa Ceciliarekin eta Coro Maitearekin.
Geroago, Loinatz Abesbatzak berak ere bi disko nagusi grabatu ditu: 1996an Beasainen Kontzertua, Xabier Sarasolaren zuzendaritzapean, eta 2016an, euskal konpositore garaikideen lanak jasotzen dituen 30 urte Beasaingo arnasa kantu bihurtzen diskoa, Junkal Guerreroren gidaritzapean. Horrez gain, taldeak hainbat disko-grabaketatan parte hartu du elkarlanean: Xabier Sarasolaren garaian, 1997an argitaratutako Loinatz’97: Loinazko San Martinen IV. Mendeurrena diskoan, Beasaingo Udal Txistulari Bandarekin, Loinatz Musika Eskolako taldeekin (banda, akordeoi orkestra eta trikiti taldea), Koldo eta Arantxa Iparragirrerekin, eta Koskola Txarangarekin batera; baita Zatoz, Izpiritua!: Euskal elizaren tradizio berritua (2006) proiektuan ere —Pier Paul Berzaitz, Amaia Zubiria, Maria Amolategi, Peio Ospital, Jean Mixel Bedaxagar eta Et Incarnatus Orkestrarekin batera—; eta, gerora, euskal musikagintzan historikoa den Oskarbi taldearen Kantua zuei (2021) diskoan, Jon Aizpururen gidaritzapean.
Baina oraingo honek badu berezitasun bat: ez du soilik errepertorio bat jasotzen, baizik eta taldearen memoria emozionala. Horixe da Lau hamarkada Loinatz kantuz diskoak jasotzen duena: 40 urteko ibilbidea, oroitzapenak eta une bereziak. Diskoan hautatutako obra bakoitzak Loinatzekin lotura berezia du. Pieza bakoitza mugarri bat da abesbatzaren ibilbidean.
Lau hamarkada Loinatz kantuz, beraz, ez da soilik disko bat. Loinatz Abesbatzaren historia, emozioak eta pertsonak biltzen dituen ispilu bat da, urte hauetan guztietan ehundutako ibilbidearen lekuko. Ahots askoren ekarpenarekin eraikitako proiektua da, belaunaldiz belaunaldi transmititu dena.
40 urte hauetan, Loinatz Abesbatzak Beasaingo arnasa kantu bihurtu du, une bereziak musikaz jantziz
eta herriarekin bat eginez. Isildu nahi ez duen ahots horrek, oraindik urte askotan jarraituko du kantuan, beste belaunaldi batzuei lekukoa emanez eta herriaren soinu-banda izaten jarraituz. ■
Urteurreneko diskoa
- Stabat Mater. (Xabier Sarasola).
- Loinatz Credo. (Javier Busto).
- Pater noster. (Junkal Guerrero).
- Gaur Akelarre. (Josu Elberdin).
- Dugun Alegrantzietan. (mold. David Azurza).
- Dibujo en el agua. (Alejandro Yague).
- Isildu nahi ez den hura. (Iker Gonzalez).
- Barre egin nahi dugu. (mold. Xabier Sarasola).


