«Partaideak pertsona umilak gara, irekiak eta abegitsuak»
Borja Lizarraga Gomez (Legazpi, 1995) Gipuzkoako ordezkaria izango da Mister Espainia lehiaketan. Geologoa ikasketaz, Legazpiko Burdin Gym gimnasioaren jabea da, eta bertan egiten du lan. Iaz Bizkaia ordezkatu zuen.Abuztuaren 24tik 31ra bitartean Medellin herrian (Badajoz, Espainia) egingo den Mister España Internacional lehiaketa. Borja Lizarraga da, eta bigarren aldiz parte hartuko du lehiaketa horretan, iaz Bizkaia ordezkatuz joan zelako. Esperientzia hori baliatuta, aurtengo edizioaren prestaketan murgilduta dabil azken hilabeteetan.
Badajozen… Leku berezia, ala?
Iaz, Bizkaia ordezkatu nuenean, Tenerifen egon ginen, Los Realejos herrian, hondartza ondoan. Aurten Badajozera goaz, eta ez du ematen hain leku erakargarria, baina lehiaketaren azken gala antzoki erromatar batean ospatuko da, eta horrek asko motibatzen nau.
Nola sartu zinen mundu honetan?
Lehiaketako antolatzaileek Gipuzkoa ordezkatzeko eskatu zidaten 2021ean, baina orduan ezetz esan nien, ez zelako nire mundua. Baina arra piztu zitzaidan barruan, eta iaz, berriz deitu zidatenean, baietz esan nien.
Baina Bizkaia ordezkatu zenuen.
Gipuzkoako ordezkaria aukeratuta zeukaten. Bizkaiaren izenean joatea eskaini zidaten, eta horrela egin nuen.
Zeintzuk dira antolatzaileak?
Nuestra Belleza España erakundea. Nazioarteko edertasun lehiaketetarako Espainiako ordezkariak hautatzeaz arduratzen da, eta horretarako, Mister eta Miss Espainia lehiaketak antolatzen ditu, besteak beste. Cres del Olmo da zuzendari nagusia.
Nola aukeratzen dituzte partaideak?
Kasu batzuetan aurrez beste lehiaketa batzuk egiten dira, lurraldeka, ordezkaria aukeratzeko, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Kanariar uharteetan edo Balear irletan, adibidez. Euskal Herrian erakunde horrek ez du ordezkaritzarik, eta aurre lehiaketa hori egiten ez denez, zuzenean aukeratzen dituzte ordezkariak. Nire kasuan, Cres bera jarri zen kontaktuan zuzenean nirekin. Esan zidanez, Instagrameko nire kontuari bota zion begia, behar zuen profila ematen nuelako.
Zergatik erakarri zenuen bere arreta?
Ez dakit. Kulturismoaren munduan nabil, agian horregatik. Bizkaian lehiatu nintzen 23 urte nituenean, eta seigarren egin nuen duela urte batzuk hango txapelketan, eta hirugarrena Euskadikoan, besteak beste.
Eta joan zinen Kanarietara.
Bai, jende asko ezagutu nuen, eta oso ondo pasatu nuen! Oporrak izan ziren niretzat. Misterren mundua ez nuen ezagutzen, baina ikasi nuen zerbait, eta aurten esperientzia gehiagorekin noa.
Behin aukeratutakoan, zer egiten da?
Lehenik, elkarrizketa pertsonala izaten duzu, eta hor ematen dizute behin betiko izendapena. Gero, egundoko kontratua sinatu behar duzu, irudi baimena, ordezkaritza eta besteak direla… Eta zereginen zerrenda bat ematen dizute: aurkezpen bideoa egitea, talentu bideoa egitea, janzkera prestatzea, sare sozialetan edukiak igotzea babesleei publizitatea egiteko eta norbera promozionatzeko…
Zer da talentu bideoa?
Zure zaletasun edo talentu bat erakusteko bideoa da. Nik iaz ez nuen egin, eta akatsa izan zen. Aurten bai, egingo dut. Musika heavya gustatzen zait, eta abesti bat joko dut gitarrarekin. Sare sozialen kontua ere ez nuen asko jorratu iaz, eta aurten ari naiz hori astintzen, batez ere nire marka pertsonala sustatzeko. Gimnasio bat dut, Burdin Gym, eta entrenatzaile eta nutrizio adituaren papera ari naiz promozionatzen.
Jantziak ere garrantzitsuak dira?
Horretan ere ikasi dut. Berez, bakeroak eta kamiseta zuria eraman behar ziren jantzita galarik edo argazki saiorik ez dagoenean, baina iaz irabazi zuenak arropa jantziagoa eramaten zuen. Aurten nik ere bai, eta horretarako moda kontuetan aditua den lagun baten aholkuei jarraituko diet. Eta herrialdeko jantziaren atalerako, iaz Bizkaikoa erosi egin nuen Bilboko denda batean, baina aurten Korosti dantza taldekoei eskatzeko asmoa daukat.
Hori guztia ordaindu egiten dizuete?
Hoteleko egonaldia bakarrik. Beste guztia, bidaia eta arropa, adibidez, gure kontura dira. Eta gero Mister Espainia izendatzen bazaituzte, sari ekonomiko bat dago. Ez da oso altua, baina zure agintaldian sortzen duzun diruaren komisio bat ere jasotzen duzu.
Nolakoa da lehiaketa?
Bederatzi eguneko iraupena izaten du, eta denbora horretan hotelean egoten gara, kirol kontzentrazioetan bezala. Otorduetarako ordutegia dugu, argazki saioak egiten ditugu, kirol probak, desfileak bainujantziekin edo jantzi tipikoekin, azken galarako entseguak, publizitate konpromisoak betetzeko irteerak… Probak kanporatzaileak dira, zazpi guztira, eta 52 partaidetatik 25 igarotzen dira hurrengo fasera, eta hortik ateratzen dira hamar finalistak. Horietatik aterako da Mister Espainia eta beste lau saridun, txapelketa batera edo bestera joateko. Jantzi tipikoa, gorputz onena, kirol proba, talentu proba, ikus-entzunezko edo sare sozialen, top modela, eta estilo edo itxura onena dira pasatu behar izaten diren probak. Hasieran guztietan parte hartzen duzu, eta sailkatzen ez bazara, azken galan bakarrik parte hartzen duzu ondoren.
Zein nota atera zenuen zuk?
Traje tipikoan iaz lehen fasean sailkatu nintzen, baina ez nuen lortu aurrerago joatea. Eta beste probei begira, asko ikasi nuen. Sare sozialetan presentzia gehiago izan behar dut, eta gorputza gehiago landu behar dut.
Lehia handia izaten al da?
Zatarra da esatea, baina batzuen artean inbidiak eta ego handiak daude. Nik uste dut aurten ni aukeratu nautela alde horretatik beste batzuk baino umilagoa izateagatik.
Zein da partaideen profila?
Denetik dago. Modeloak daude, kulturistak, guapoak eta gorputz ederrak dituztenak soilik…
Eta zein da motibazioa?
Nire kasuan, nire negozioaren eta nire erakusleiho bat dela iruditzen zait. Horrez gain, lehenengo urteko esperientzia asko gustatu zitzaidan, eta oso baliagarria gertatu zait nire hazkunde pertsonalean. Han ikusitako balio batzuek asko erakarri ninduten.
Zein baliok?
Adibidez, jatortasuna: zintzoa eta edukazio onekoa izatea, besteekiko begirunea edukitzea… Hori guztia ikusi nuen, baita lagunartekoa eta atsegina izateari garrantzia ematen zitzaiola ere.
Oraindik hilabete falta da lehiaketarako. Zertan ari zara?
Inauteri inguruan hasi nintzen prestatzen, gorputzarekin adibidez. Iaz, kulturista gorputzarekin joan nintzen, baina esan zidaten gihar gehiegi erakustea ez zela komeni, eta gorputz normatiboak gehiago gustatzen zirela. Gero ikusi nuen ez zela horrela, eta aurten, bereziki lantzen ari naiz gorputza, eta pisua galtzen ari naiz tarte honetan, moldeatzen, eta brontzeatzen, hori ere garrantzitsua delako. Bestela, talentu proba ere prestatzen ari naiz, gitarrarekin. Irribarrea entseatzen ere ari naiz, elkarrizketa pertsonalerako oratoria ere bai, arropa begiratzen… Eta sare sozialetan presentzia handitzen.
Zer diote zure ingurukoek?
Ezagutzen naute dagoeneko, eta ondo ikusten dute, baita herrian ere. Batzuek nolabait etiketatu egiten zaituzte, Mister Espainiara aurkeztean harroputza zarela pentsatzen dute, ego handia duzula, baita Miss lehiaketako emakumeek ere. Baina ez da egia. Denetik dago, baina orokorrean denok normalak gara, umilak, irekiak, abegitsuak.
Zein da zure helburua?
Ondo pasatzea eta disfrutatzea berriz ere, eta, ahal dela, iaz baino paper hobea egitea, batez ere gorputzaren proban, azken batean ni kulturista naizelako eta hori lantzeko gimnasio baten jabea naizelako. ■

