«Ez daukazu munduko onena izan beharrik xakearekin disfrutatzeko»
Txikitatik izan du Markel Vesgak (Legazpi, 2006) xakearekiko zaletasuna. Aitak piztu zion kirol horrekiko grina. Oraindik bide luzea duen arren, iazko abenduan xakelari ororen ametsa lortu zuen: Xake Maisu titulua.
Nolakoak izan ziren zure hastapenak xakean?
Gogoan dut piezak mugitzen bospasei urterekin ikasi nuela, aitak irakatsita. Txapelketetan, ordea, 11-12 urte ingururekin hasi nintzen.
Gogoratzen al duzu zure lehen txapelketa?
Bai. Hasieran Legazpiko jaietan parte hartzen hasi nintzen, baina 11 urterekin Errenteriako txapelketa batera joan nintzen, eta esan dezaket hura mugarri bat izan zela niretzat. Horren ondoren beste guztiak etorri dira.
Nola entrenatzen duzu xakean?
Xakea entrenatzeko modu asko daude, baina niri gehien gustatzen zaidana partida bat jokatzea eta hori analizatzea da.
Kirol horrek egunerokotasunean zerbaitetan laguntzen dizu?
Modu zuzenean ez agian, baina zeharka laguntzen didala esango nuke. Adibidez, egunerokoan gauzak ondo aztertzen eta zentzuzko erabakiak hartzen laguntzen dit.
Abenduan, FIDE Nazioarteko Xake Federazioaren Maisu titulua eskuratu zenuen. Zer da hori?
Xakeko Maisua izateko, federazioak ematen dituen 2.300 ELO edo puntuko langara iritsi behar duzu. Aurkariak duen puntuazioaren arabera eta partiden emaitzen arabera lortzen dira ELO puntuak. Nire kasuan, Madrilen jokatutako nazioarte mailako torneoan eman zidaten titulua.
Zein titulu daude xakean?
Xake Maisuarena lortu ondoren, hurrengo maila Nazioarteko Maisuaren titulua da. Eta, guztien gainetik, Maisu Handiarena dago. Hala ere, une honetan beste helburu batzuk ditut buruan.
Zein, esaterako?
Udan Benasquera (Huesca, Espainia) joango naiz lagunekin, xake txapelketa bat jokatzera. Bestalde, xake irakaslea ere banaiz, eta xakeaz gain, unibertsitatean ikasten ari naiz.
Zer ari zara ikasten?
Informatika eta Adimen Artifiziala gradua, Donostian. Aurten bigarren urtea egin dut, eta oso gustura nago.
Berriro xakera itzulita: Euskadiko Txapelketa Absolutuan seigarren postuan sailkatu zinen. Zer moduz joan zen?
Egia esan, sentsazio gazi-gozoekin amaitu nuen txapelketa hura. Oso hasiera ona izan nuen, baina azkeneko partida galtzeak uste baino postu okerragoan geratzea eragin zidan.
Zer gertatu zen?
Azken partida baino lehenago bigarren postuan nindoan, baina ni baino puntu gutxiago zituen baten aurka galdu nuen eta seigarren postura bidali ninduen. Partida hori irabazi izan banu, lehenengo edo bigarren sailkatuko nintzatekeen.
Aurkaria eta haren profila ezagutzeak zenbaterainoko garrantzia dauka?
Gaur egun geroz eta garrantzia handiagoa daukala esango nuke. Xakelariok taula elektronikoekin jokatzen dugu askotan, eta gure partidak gordeta gelditzen dira. Horrela, gure aurkariaren jokatzeko modua zein den jakin dezakegu partida hasi aurretik.
Xakearen egoera zein da gaur egun?
Gaur egun xakean online ere joka daitekeenez, edonork ikasi eta edonon joka dezake. Gainera denetariko mailak daude, eta ez daukazu munduko onena izan beharrik xakearekin disfrutatzeko.■

