Lau pregoilari, hamabi egun eta hamaika ikuskizun
Baten faltan, lau. Ordiziako jai nagusien hasierako txupina herriko lau eragilek botako dute, uztailaren 24an: Azari elkarteak 100. urteurrenean, Boxing elkarteak 75.ean, Txindoki Atletismo Taldeak 50.ean, eta Urko Ruiz de Apodakak herritarren gurariz.
Festen neurriko pregoi-ekitaldia izango dute Ordiziako jai nagusiek, uztailaren 24ko txupinazo ofizialean. Herriko lau eragilek edukiko dute suziria sutzeko ohorea, eta udaletxeko balkoira aterarazita eskertuko die herriak bakoitzak bere esparruan burutzen duen ahalegina. Hiru elkarte urtemuga borobilengatik, eta norbanako bat izendatu dituzte aurtengo pregoilari.
Azari ehiza eta arrantza elkarteak 100 urte bete ditu aurten. Mendeurreneko ospakizun eta oroimen ekitaldi nagusiak eginak dituzte, erakusketa eta bazkari banarekin. Urteroko legez, bere ekarpena egingo du Azarik jai egitarauan: Lazkaomendiko usakume tiraketa, uztailaren 31n.
Txindoki Atletismo Taldea 50. urteurrenean gonbidatuko dute pregoira. Ordiziako Mitinean erakutsi du elkarteak atletismoaren sustapenean eta lanketan sabaia zein altu daukan, urtean zehar Ordizian eta Goierrin antolatzen dituen probez eta harrobiko lanaz ahaztu gabe.
Boxing elkarteak 75. urteurrena du, eta boxeoaren sustapenaz arduratzen diren elkarteko kideak ere txupinazoan izango dira. Boxeoa eta txirrindularitza zituzten jatorrizko kiroletan, ziklo-kros proba ere haiek antolatzen baitzuten. Boxeo jaialdia 1952an hasi ziren egiten jaietan, eta etenik gabe jarri dute harrezkero, pandemiagatiko hutsunea salbu.
Uztailaren 17an, 22:00etan, Beti Alai frontoian garatuko da aurtengo jaialdia, boxeo klasikoko eta K1 modalitateko borrokaldiekin. Nazioarteko titulu bat egongo da boxeoan jokoan, gainera, Ordizian lehenengo aldiz: Munduko Boxing Erakundearen (WBA ingelesezko hizkitan) Iberoamerikar Gerrikoa irabazteko lehia izango da jaialdiko estelarra, welter pisuan.
Eta Ordizian debutatutako euskal boxeolari bat da irabazteko bi hautagaietako bat: Erlantz Tejada bilbotarra. Rodrigo Caraballo venezuelar boxeolari zaildua izango du aurkari. Tejadak 7 borrokaldi egin eta denak irabazi ditu (3 KOz); Caraballok 11 irabazi (8 KOz) eta 2 galdu (1 KOz). Duela urtebete debutatu zuen Tejadak (23 urte) Beti Alain, eta nazioarteko titulurako ezinbesteko eta gutxieneko eskakizun ziren 7 borrokaldiak lehiatu ditu denbora horretan. Caraballok esperientzia askoz zabalagoa du, bere 31 urterekin, eta 2016ko apiriletik da profesionala. 13 borrokaldi eta 45 round ditu bere ukabiletan, %72 KOz irabaziak.
Pregoilari taldean Urko Ruiz de Apodaka Jauregiondo (Ordizia, 1982) da laugarrena. Lau izen zeuden aukeran, eta azken urteetan bezala, herritarrek botoz proposatu dute pregoilaria. 1999tik dabil musika sustatzen, taldeak inguratuta, kontzertuak antolatuta edo jaialdi entzutetsuak –Ordiziarrock, esate baterako– ideiatuta.
Txirrindulariak eta pilota
Kirolarekin jarraituz, Ordiziako Klasikoaren 103. ekitaldia uztailaren 25ean jokatuko da. Txirrindularien aurkezpena 08:45ean hasiko da, Joxe Migel Barandiaran Plazan, eta 10:00etan hasiko da lasterketa. UCI mailako lasterketa da, eta Goierrin aurten ikusi ahalko den profesionalen karrera bakarra. Ibilbidearen eta talde parte hartzaileen zerrendaren xehetasunik ez zuten argitaratu, testu honen idazketaren unean.
Txapel Gorri elkarteak kadeteen lasterketa ere antolatuko dute festetan; uztailaren 18an jokatuko da 53. Txapel Gorri proba, 09:30ean hasita eta 11:00ak aldera bukatuta, 58 kilometroko ibilbidearekin. Abaltzisketa behin igotzea dute mendate bakarra.
Profesional mailako hirugarren kirol platera pilotakoa izango da Ordiziako jaietan. Uztailaren 26an, 18:00etan hasita, esku huskako bi partida jokatuko dituzte Beti Alain. Salaberria-Erostarbe eta Senar-Ugartemendia ariko dira lehenengo. Ondoren, Dario Gomez iragarrita bazegoen ere, azkenean ez da buruz buruko txapelduna Ordizian izango, eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua hautsi baitzuen duela bi aste; bai, haatik, Unai Laso txapeldunordea. Elordi-Rezusta eta Laso-Imaz da bigarren partida.
Paleta larruz, Ordizia Hiria txapelketako finalak antolatu ditu Oianguk. ■

