«Pozgarria izan zen urte osoko lanak bere fruitua eman zuela ikustea»
Gaur egun, kirola du ofizio eta afizio Asier Murua beasaindarrak (1999). Euskaltel Euskadi txirrindulari taldeko fisioterapeuta izateaz gain, mendi korrikalaria ere bada, eta duela gutxi egin zuen bere lehen ultratrail distantziako proba. Instagramen ere bere egunerokoa erakusten du, @saun.run kontuan.
Nola iritsi zinen Euskaltel Euskadi taldeko fisioterapeuta izatera?
Urtebetez fisioterapia klinika batean lanean aritu ondoren, Euskaltel Euskadi taldearekin lasterketa batera joateko aukera izan nuen. Handik gutxira, Belgikara eta Txinara joatea proposatu zidaten, eta ordutik hiru urte daramatzat taldeko fisioterapeuta lanetan.
Oso desberdina izango da klinika bateko lana eta oraingoa ezta?
Klinika batean ordutegi zehatza daukazu; hemen, ordea, ez. Gainera, asko bidaiatzea eta denetariko lanak egitea ere tokatzen zaigu.
Belgika, Frantzia eta Txina bezalako herrialdeetan izan zara taldearekin. Zer dauka hainbeste bidaiatzeak positibotik eta negatibotik?
Lanbide honek eskaintzen duen gauza onenetako bat leku berriak ezagutzeko aukera da. Baina, aldi berean, txarrena ere horrekin lotuta dago. Etxetik kanpo denbora asko igaro behar izaten dugu, eta bidai orduak luzeak egiten dira.
Zu ere kirolaria zara, mendi korrikalaria zehazki. Horrek laguntzen dizu fisioterapeuta bezala kirolariekin lan egiteko orduan?
Bai, erabat. Kirolariaren ikuspegia izateak haren egoera eta beharrak hobeto ulertzen laguntzen dit.
Zure lesioak eta minak tratatzeko ere balio al dizu ofizioak?
Egia esan, askotan besteei aholkuak ematea errazagoa da. Edozein molestiaren aurrean, nire buruari buelta gehiegi ematen dizkiot.
Orain gutxi EH Mendi Erronka ultra traila egin duzu. Nolako esperientzia izan da?
Aurretik bi maratoi eginda nituen, eta ondo moldatu nintzela ikusita, ultra distantzia probatzea erabaki nuen. Prestaketa ez da erraza izan, taldearekin bidaia asko egin behar izan baititut, eta ezin izan dut nahi beste entrenatu. Hala ere, nahiko ondo moldatu naiz.
Gustuko emaitza lortu ahal zenuen?
Bai. Nire helburua zortzi ordutik jaistea zen, eta hori lortzeaz gain 8. postuan helmugaratu nintzen. Egia esan, oso pozgarria izan zen urte osoko lanak bere fruitua eman zuela ikustea.
Zein dira profesionalki dituzun hurrengo helburuak?
Profesionalki oso gustura nago Euskaltel Euskadi taldean lanean, baina ez dut nire burua betiko horretan ikusten. Gaztea naizen bitartean ibiltzeko aukera polita da, baina etorkizunera begira, etxetik kanpo hainbeste ordu egotea eskatuko ez didan lan bat nahiko nuke.
Eta helburu pertsonalei dagokienez?
Kirolari bezala, azaroan Ibizara joango naiz, hiru etapako lasterketa bat egitera. Lehenengo etapan 10 kilometro egingo ditugu gauez, hurrengo egunean maratoia egingo dut, eta azken egunean beste 10 kilometro.
Bestelako ametsik ba al duzu?
Egia esan, betidanik El Conquistador del Caribe realityra joatea izan dut amets. Ikaragarri gustatuko litzaidake esperientzia hori bizitzea. ■

