Ardi okelarekin ere egiten dira hanburgesak
Gipuzkoako Artzain Eguna artzaintzaren lanbideari aitortza egiteko jaioa da, eta zeregin horrekin jarraitzen du lehen ediziotik hamarkada batzuk igaro ondoren. Legazpin ospatzen da aspaldian, eta herri honetan iraileko lehen igandea letra larriz eta gorriz markatuta egoten da urtero. Aurten irailaren 6a egokitu da festa egun handi hori.
Artzain Egun honek urtero izaten duen protagonistetako bat ardi okela da, eta aurten ere izango du bere tokia, hanburgesa forma hartuta gainera. Gabiriako Baztarrika gaztandegian ardikiarekin hanburgesak egiten hasi dira, eta Legazpiko festan emango dituzte dastatzera, pintxo formatuan.
Gaztandegiko Asier Osinaldek azaldu duenez, duela bi urte hasi ziren etxean ardiaren haragiari irtenbidea bilatzeko hausnarketa egiten. «Ardi haragia galtzen ari zen, jendeari ahazten ari zitzaion, eta Artzain Egunean egiten zen haragi gisatu lehiaketan bakarrik jaten zuen…».
Egoera hori irauli nahian, «gaur modan dauden hanburgesak eta horrelako jakiak» jarri zituen jomugan, eta probak egiten hasi zen etxean eta inguruan, «hainbat formatakoak egin nituen, osagai desberdinak jarri nizkien, beste haragi batzuekin nahastu nuen… eta etxekoei, kuadrillakoei, lagunei… probatzeko eman nien, iritziak jasotzeko».
Horrela lortu zuen azken formulara iristea, eta komertzializaziorako bideari ekin zion, Baztarrikak aurretik haragia saltzeko baimena bazuela baliatuz. «Oraingoz enpresa batek egiten dizkigu, eta guk komertzializatu, baina ideia da aurrerago prozesu guztia guk egitea».
Hanburgesa hau betiko hanburgesa da, eta osagai nagusia ardi haragia da. Samurtasuna irabazteko, gazta pixka bat ere badu nahastuta, «gure gazta», eta zaporea indartzeko, gatza eta piper hauts pixka bat ere bai. «Beste hanburgesak bezala jan daiteke: ogi borobilaren barruan, tomate saltsarekin platerean, eta arrautza frijituarekin ere oso ondo geratzen da».
Hozka egin beharrekoa
Hori bai. Ardi okela da, eta zaporea ardi okelarena da, «ez du zerikusirik hanburgesa tradizionalekin», eta samurtasuna ere desberdina da, «haragi kontsistentea da, eta gogorra ez den arren, hozka egin behar diozu, eta hozka egiten diozunen eta gero ahoan desegiten denean, sentitu egiten duzu».
Ardiki hanburgesak denboratxo bat darama dagoeneko merkatuan, eta lortu ditu jarraitzaileak, asko jende edadetua da, haragi hori gustuko zutenak eta formatu horretan prestatuta lortzen duen zapore ez hain fuertea nahiago dutenak. «Plantxan edo zartaginean egiten duzunean, gantz edo grasa erre egiten da, eta horren gustua joan egiten zaio, haragiarena bakarrik utzita».
Erosi nahi duenak Baztarrika baserrira bertara jo behar du. Momentuz, han bakarrik saltzen dituzte, baina aurrerago Goierriko Kooperatiban ere jarriko dituzte salgai. Gabiriako Ostatuko kartan ere badituzte aukeran. Hutsean ontziratuta eta izoztuta saltzen dituzte, hiruko paketeetan, edo banaka.
Legazpiko Artzain Egunean ere izango da hanburgesa berezi hauek dastatzeko aukera. «Hanburgesa txikiak egin ditugu, eta pintxotan emango ditugu, Makatzako ogi artean sartuta». Idiazabalgo maiatzeko ferian ere eman zituzten dastatzera, eta arrakasta handia izan zuten. Legazpin ere ez ote da gutxiago izango. ■

