«Deskonektatzeko eta emozioak lantzeko aukera ematen dit musikak»
Aimar Paniegoren (Lazkao, 2005) ibilbidean musika, gazteen aisialdia eta kirola gurutzatzen dira. Gaur egun Distopia elektrotxarangan gitarra jotzen du, eta etorkizunean ere bere proiektu pertsonalak eta profesionalak uztartzen jarraitzea du xede.
Nola sortu zitzaizun Distopia Elektrotxarangan jotzeko aukera?
Iaz elektrotxarangako hainbat kidek utzi egin zuten taldea, eta bertako partaide den nire klasekide batek proposatu zidan bertan jotzeko aukera. Pare bat entsegu egin eta dena oso ondo joan zitzaigunez, ofizialki taldean sartu nintzen.
Zer dauka berezitik elektrotxaranga batek?
Dena. Ez dugu toki finko batean bakarrik jotzen; herriko txoko ezberdinetan zehar mugitzen gara, jendea animatzen eta giroa sortzen. Herria bera bihurtzen da gure eszenatokia.
Zer da zuri gehien gustatzen zaizuna?
Batez ere, ezagutzen ez ditudan herriak eta bertako festak ezagutzea gustatzen zait gehiena. Horrez gain, giro bikaina daukagu taldean, eta izugarri disfrutatzen dut.
Kontzerturen bat bereziki gogoratzen duzu?
Nire lehenengo kontzertua ez dut inoiz ahaztuko. Andoainen izan zen, duela urtebete, eta asko gustatu zitzaidan esperientzia. Oso oroitzapen polita daukat. Goierrin bertan jotzeak ere badu bere xarma: inguruko jende asko hurbiltzen da, eta beti pozgarria da aurpegi ezagunak ikustea.
Noiz hasi zitzaizun interesatzen musikaren mundua?
8 urterekin Lazkaoko musika eskolan hasi nintzen gitarra ikasten. Hala ere, pandemia nolabaiteko inflexio puntu bat izan zen niretzat. Gitarra gehiago jotzen hasi nintzen, eta handik aurrera zaletasun bat baino zerbait gehiago bilakatu zen. Garai hartan, musika eta talde berriak ezagutzen ere hasi nintzen eta mundu berri bat ireki zitzaidan begien aurrean.
Ba al duzu erreferenterik musikaren munduan?
Gorka Urbizu eta Berri Txarrak izan dira nire erreferente nagusiak; hala ere, Olaia Inziarte ere ikaragarri gustatzen zait. Bestalde, musika talde txikiagoak ere entzuten ditut.
Musikak zer ematen dizu?
Alde batetik, musikak egunerokotik deskonektatzen laguntzen dit, eta bestetik, emozioak lantzeko aukera ere ematen dit.
Ikaslea ere bazara, zer ikasten ari zara?
Fisioterapia eta JFKZ ikasten ari naiz, Donostian. Aurten hirugarren urtea egin dut.
Zergatik aukeratu zenuen gradu hori?
Kirola nire bizitzaren parte garrantzitsu bat da, eta horrekin lotutako zerbait ikasi nahi nuen. Gainera karrera honek etorkizunean irakasle izateko aukera ere ematen dit, eta umeekin lan egitea asko gustatzen zait.
Zaletasun hori udalekuetan ere lantzen duzu, ezta?
Bai, hala da. Udaro hilabete inguru ematen dut udalekuetako begirale lanetan. Txikitatik joan izan naiz udalekuetara, eta orain esperientzia bera beste ikuspegi batetik bizitzeko aukera dut.
Etorkizunean musika, kirola eta aisialdiko lana uztartzea espero duzu?
Bai, hiru arloak mantendu nahi ditut. Profesionalki kirolaren munduan aritzea espero dut, baina udan beti saiatuko naiz tarte bat ateratzen udalekuetan egoteko, eta, noski, musikak ere nire bizitzaren parte izaten jarraituko du. ■

