«Niretzat Goierri Gorri seme-alaba bat bezala izan da»
Goierriko nesken futbol taldeak biltzen ditu Goierri Gorri Futbol Klubak. 2016an sortu zuten, aurretiko lanketa baten ondoren. Sorreratik klubeko presidente izan zen Jose Inazio Lasa lazkaotarra, joan den ekainera arte. Gertu jarraituko du talde berriak behar izanez gero, baina 2025/2026 denboraldia izan da azkena berarentzat. 10 urte egin ditu presidente lanetan. Proiektua sei talde, 93 jokalari eta hamar teknikarirekin hasi zen, eta gaur egun 22 talde, 324 jokalari eta 44 teknikari ditu klubak. Zuzendaritzan bost lagunekin hasi ziren, eta kopuru horrekin jarraitzen dute egun ere. Esker onez agurtu da: «Eskerrak eman nahi dizkiet hasieratik proiektu honetan lagundu eta bidea errazago egin diguten pertsona eta erakunde guztiei».
Proiektua martxan jarri zenuten, eta 10 urte egin dituzu presidente. Zergatik erabaki duzu uztea?
Goierri Gorri duela 10 urte hasi zen, Beasaingo Kirol Elkartearekin eta Lazkao Kirol Elkartearekin. Eta Ordizia Kirol Elkartea gehitu nahian ibili ginen, baina azkenean BKE eta LKE bien arten sortu zen. Noski, denbora pasatu da… Nire alaba futbolean zebilen, baina futbola utzita dauka, lanean dabil eta ikusten nuen guraso asko zebiltzala ni baino hobeto prestatuta. Nik urte batzuk dauzkat jada, jubilatuta nago. Denbora bai, baina ikusten nuen haize freskoa behar zuela klubak, beste bultzada bat, eta hori emateko, eta niretzat ere bai, nigan pentsatuta, ba pauso hori ematea erabaki dut.
Baina ez da aurtengo kontua.
Orain dela 2 urte hasi nintzen, baina ez nuen aurkitzen jendea, ez zen aurkezten boluntariorik eta aurten hasi nintzen denboraldi hasieratik. Azaldu dira, eta hala niretzat ondo eta klubarentzat ere bai. Estatutuak esaten du lau urtean behin egin behar dela, baina aurreneko 4 urteetan ezinezkoa zen, oraindik berde zegoen, inork ez zuen nahi sartzerik. Eta, beno, pixka bat sendotu arte segitu egingo nuela esan nuen. 8 urte pasatu zirenean klubak jada indarra hartu zuen eta orduan hasi nintzen utzi egin behar nuela esaten, ea baten bat sartzen zen. Girorik ez nuen ikusten eta aurten azaldu dira eta aldaketa etorri da.
Zurekin batera, beste lauk utzi dute kluba.
Zuzendaritzatik bi lagun ateratzen gara. Nekane Mujika zuzendaritzan zegoen, eta bera eta ni direktibatik ateratzen gara. Nekanek 8 urte egin ditu, sortu eta 2 urtetara sartu zen. Sergio Serranok ere 8 urte egin ditu kirol koordinatzaile, kirol mailan lan egiten zuen, direktiban ez zegoen sartuta. Entrenatzaileak aurkitu, taldeak egin… 8 urte. Nirekin hasi zen eta esan zidan nirekin joango zela, eta hala egin du. Aitor Larburu eta Eñaut Amenabarrok ere utzi dute. 6 urte ibili dira. Aitor infantilekin hasi zen, gero kadeteak, gero ohorezko kadeteak, seniorrak… goian bukatu du, eskailera guztia osatzen etorri da. Lan asko egin dute. Eñaut infantil entrenatzaile izan zen, baina gero delegatu gisa ibili da. Delegatu behar zen tokian, konpromisoan egon da; behar den lekuan, han egon da.
Nolakoa izan zen sorrera hori?
Ni Lazkaoko Kirol Elkarteko zuzendaritzan nengoen. 8 urte egin nituen han, eta azkeneko biak presidente. Ikusten nuen nesken taldeak egiteko zailtasunak zeudela. Urte batean osatzen zen, eta ondo, oso ondo, baina batzuk pasatzen ziren erregionalera eta egiturarik ez zegoen. Beasainera edo Ordiziara joaten ziren, eta askok utzi egiten zuten futbola. Hori ikusita, Beasain, Ordizia eta Lazkao, hirurok ibili ginen lanean, baina Goierri Gorri sortu aurretik, orain dela 12 urte. Izena ere aterata zegoen, eta ez zen Goierri Gorri. Orbela izena zuen: ORdizia, BEasain, LAzkao. Baina ez zen aurrera atera.
Ordizia aparte geratu zen eta Beasain eta Lazkao artean osatu zen Goierri Gorri. Urtebete egin genuen eta hurrengoan jada Ordizia sartu zen, hiru ginen, eta gero Idiazabal ere sartu da. Segura sartu nahian ibili ginen, baina Segurak azkenean ezetz esan zuen.
Segura izango da nesken taldea aparte duen bakarra.
Segura geratu da, Segurak dauka bere neska taldea, eta Goierrin Goierri Gorri.
Zer eman die Goierri Gorrik nesken futbol taldeei?
Aurrena, estruktura bat, neska bakoitzak bere tokia edukitzea, nibelari dagokionez, herriei dagokienez… Gainera, laguntzen du kategoria txikietan herrian bertan izatea, ez mugitzea herrietatik, bakoitzak bere herrian. Zelai orokor bat ez dagoenez, hori mantentzen saiatu gara. Baina alde txarra ere badauka horrek. Behin kategoriaz igotzen direnean, alebinetatik infantiletara joaten direnean, neska batzuk hasten dira beren potentziala erakusten, nabarmentzen da batetik bestera. Baina ez dira taldeak uztartzen. Gaur egun, herri bakoitzeko taldeak daude.
Egindako lanari jarraipena emango dio talde berriak.
Bai, bai. Azkeneko urteetan ibili gara prestatzen Patricia Alonsorekin –lehendakari berria da Alonso–, eta lehengo bidetik joango dira.
Proiekturik esku artean?
Proposamen bat egin genuen guk. Goierriko herriek bat egiten badute eta zelai bat topatzen badute Goierri Gorrirentzat… ikaragarria izango zen. 324 neska ari dira futbolean egun. Eta hori lau herritan banatuta. Lan egiteko oso zaila da. Hori dena batzen bada toki batean, erdibideko zerbait aurkitzen badute ideala izango da.
Jarraituko duzu beste lan batzuetan ala utzi egin duzu?
Zerbait behar badute gertu ibiliko naiz. Niretzat Goierri Gorri seme-alaba bat bezala izan da.
Omenaldia egin zizuten Lazkaon ekainaren 19an.
Han zerbait botatzeko asmoa nuen, baina ez zen momentu onena; zarata, afaria… ez zen tokia. Eskerrak ematen dizkiet denei. Horregatik atera nuen barne komunikaziorako adierazpen bat, agur esateko eta eskerrak emateko 10 urte hauetan ondoan izandakoei. ■

