Euskara oinarrian duen abentura ahaztezina
June Fernandez de Lezea zumarragarra, uztailean, EuskarAbenturan.
EuskarAbentura «esperientzia ahaztezina» dela diote hura noizbait bizi izan duten gazteek; esperientzia horren lekuko izan da lau urtez June Fernandez de Lezea zumarragarra.
EuskarAbentura 16 eta 17 urte bitarteko euskaldunei zuzendutako hilabeteko espedizio ibiltaria da. Uztaila osoan zehar Euskal Herria oinez zeharkatzen dute, eta bidean askotariko jarduerak egiten dituzte: tailerrak, hitzaldiak, kultur ekitaldiak, kirol eta natura irteerak eta talde-dinamikak, esaterako.
Espedizioan parte hartu ahal izateko, hautagaiek euskaraz egindako sormen-lan bat aurkeztu behar izaten dute. Lan hori literarioa, historikoa, ikus-entzunezkoa, musikala, plastikoa edo sorkuntza digitalekoa izan daiteke, eta horren arabera egiten da partaideen hautaketa.
June Fernandez de Lezea zumarragarrak 2022an izan zuen aurreneko aldiz esperientzia bizitzeko aukera, jzioquitar gisa. Harrezkero, beste hiru ediziotan aritu da begirale lanetan; aurten hirugarren aldia izan du, eta pertsonalki eman dizkion aukerez mintzatu da. «Zumarragakoa naiz, eta nire ingurua arnasgunea den arren, herri mailan euskarak ez du nahi besteko presentziarik. Halako esperientziek harremanak mantentzeko eta indartzeko balio dute, euskara hutsean».
Euskara ardatz
Espedizioaren helburu nagusien artean daude, hain justu, gazteen artean euskararen erabilera sustatzea, Euskal Herriko kultura, historia eta natura ezagutaraztea, eta Euskal Herri osoko zein diasporako gazteen arteko harreman-sare sendoak sortzea. Horrez gain, parekidetasuna, aniztasuna, laguntasuna, autonomia eta antzeko balioak lantzen dira, betiere euskaran oinarrituta.
Gazteak jzioquitarrak dira, kamiseta laranjadunak, eta begiraleak, berriz, urdindunak. Fernandez de Lezeak azaldu duenez, jzioquitar hitza Jzioqui Dugu esamoldetik dator, eta piztu dugu esan nahi du. Sorioneku hitza aurkitu aurretik, euskaraz ezagutzen zen hitzik zaharrena zen Jzioqui dugu, eta «sugarra pizten duten gazteei» egiten die erreferentzia.
Arnasgunea
Azken urteetan oihartzun handia irabazi duen espedizioa da eta gazte asko erakarri ditu. Zumarragarraren ustez, EuskarAbentura «arnasgunea» delako gertatu da hori: «Jende askok ez du euskaraz bizi, ikasi edota pentsatzeko aukerarik, eta esperientzia hau alternatiba bat da jende horrentzat, euskaraz harremanak sortu, bizi eta gerora ere mantendu ahal izateko».
Parte-hartzaile gisa eta begirale gisa esperientzia «oso desberdina» dela aitortu du: «Gazteek, normalean, ondo pasatzeko eta lagun berriak egiteko asmoz bizi dute espedizioa. Begiraleon kasuan, berriz, ardura handiagoa da; talde oso baten ongizatea zaindu behar dugu, eta egoera bakoitzera egokitzeko gaitasuna izan behar da; gazte bakoitza etxe batekoa da, bakoitzak motxila propioa du, eta ezinbestekoa da behar berezi bakoitzera egokitzen jakitea eta gazteak entzun zein ulertzea».
Datorren ediziora begira
Euskal Herriko gazte guztiak animatu ditu datorren urteko edizioan parte hartzera. Bere hitzetan, «errepikaezina» den esperientzia da, «bizitzan behin, behintzat, bizi beharrekoa»: «Hasieran zalantzak eta beldurrak agertzea normala da, hilabeteko esperientzia delako eta harremanak hutsetik eraiki behar direlako, baina
asko ikasten da eta bizipen oso indartsua da». ■
