Santa Anastasia jaien hasiera, indartsuagoa

Azken urteetan eta hilabeteetan herritarrengandik jasotako ekarpenei erantzunda, hainbat berrikuntza izango dira irailaren 18an hasiko diren Urretxuko festetan.
Astebete barru, iraillaren 18an Santa Anastasia jaiak hasiko dira Urretxun. Lau egunez, hilaren 21era arte, festa giroan murgilduko dira urretxuarrak. Berrikuntza ugarirekin dator gainera aurtengo egitaraua, jaien lehen egunetik. Jaiei hasiera indartsuago bat ematea izan da herritarrengandik eta eragileengandik jasotako ekarpenetako bat. Horri eta beste hainbat ekarpenei erantzun nahi izan die Urretxuko Udalak, aurten ere herriko eragileekin batera ondu duen egitarauan. Berrikuntzak lantzeko orduan, jasotako eskaerez gain, euskara, Euskal Herriko hainbat lurraldetako eskaintza eta genero berdintasuna hartu ditu aintzat Sustapen Soziokulturalerako sailak.
Irailaren 18an, 20:30ean lehertuko da suziria, erretiroa hartu duten Miren Castillok, Patxi Lazkanok, Aitor Mendiarazek eta Juanjo Sagastibeltza langileek pregoia irakurri ondoren. Aldi berean, banderak jarriko dituzte udaletxeko balkoi nagusian.
Musikarik ere ez da faltako momentu horretan, herriko musikarien eskutik. Lizarriturri txistulariak, Iratzarri dultzaineroek, Sekundino Esnaola musika eskolako trikitilariak, Iparragirre Balerdi musika bandako ‘Urretxuko Martxa’ joko dute, buurhandiak eta erraldoiak bertan direla.
Haurrak eta nerabeak protagonista
Haurrei eta nerabeei bideratutako eskaintza indartzea izan da jasotako beste eskaeretako bat. Jaien hasieran protagonismo berezia izango dute haurrek zein nerabeek: iaz jaiotako haurrei ongi etorria egingo diete udaletxeko portaloian 17:00etan eta 12 urtetik gorakoentzako parkea izango da Belaustegi plazan (16:00). Plaza hori izango da haur eta nerabeen erreferentziazko gunea. Izan ere, larunbat arratsaldean egurrezko jolasak izango dira, astelehen goizean eta arratsaldean parke handia izango dute eta astelehen arratsaldean Potx magoaren ekitaldia. Larunbat goizean poniak eta jolasak izango dituzte, Elizalden.
Beste berrikuntza bat ez da horren positiboa izango: gazteen, bertan lan egin izan dutenen eta gurasoen iritzia jaso ondoren, asteleheneko bazkaria ez antolatzea erabaki da. «Ez zegoen segurtasun fisiko zein emozionalez egiteko bermerik, azken urteetan sortu den jokabide desegokien inertziagatik». Ekarpenekin jarraituz, zenbait herritarrek jaietatik kanpoko asteburu batean Kuadrillen Eguna egitea proposatu dute. Urrian abiatuko den parte hartze prozesuan aztertuko den gaietako bat da.
Zezentxoei dagokienez, bi ekitaldiak astelehenean izango dira Elizalden. Goizean, 16 urtez azpikoentzako zezentxoak (12:00) izango dira eta arratsaldean (18:00) 16 urtez gorakoentzako bigantxak. Arratsaldeko saioan, herri kirolek eta bigantxek bat egingo dute.
Berrikuntzekin jarraituz, adinekoentzako kontzertu bat antolatu dute: Me Vale Madre taldeak rantxerak joko ditu astelehen eguerdian. ■
Txistularien alarde parte hartzailea
Ibon Garmendiak zuzendutako Txistulari Alardean, parte hartzaileak ondorengoak izango dira: Euskal Herriko txistulariak, Gorobel metal boskotea, Goiargi abestza, Sekundino Esnaola musika eskolako umeen abesbatza, Lurra eta Irrintzi dantza taldeak, Iratzarri dultzainero taldea, Juan Mari Aierbe albokaria, Jokin Garitano, Maddi Martin eta Uxue Kerejeta abeslariak, Asier Alkorta kitarra jotzailea, Jon Goenaga piano jotzailea, Pedro Gonzalez baxu jotzailea, Iñigo Salegi perkusio jotzailea eta Oier Fernandez margolaria.
