Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko
1994ko aurreneko kantu afaria, Urretxuko jaietan.
Urretxuko jaietako astelehena ez da beste edozein astelehen. Jaietako azken eguna izanik ere, festak ez du berehala agurtzen herria; aitzitik, azken orduetan ere kaleek eta plazek jai giroari eusten diote. Ahotsak kalea hartzen dute, eta doinuek Urretxuko Abenida berria. Mahai baten bueltan aurrena, oholtzaren aurrean gero, bat egiten dute banakako ahotsek; eta, gutxika-gutxika, kantuak herri baten ahotsa dirudi.
Hiru hamarkadaz gertatu da hori. Hogeita hamar edizio, nahiz eta aurrenekotik 32 urte igaro. Bi etenaldi izan ditu bidean, baina iraileko astelehen-jaiak badu sendo errotu den ekimen bat Urretxun: kantu afaria. Herriko musikariek doinuak jartzen dituzte, gonbidatuek ahotsa eta izena, baina herritarrek ematen diote benetako kutsua gauari.
Denboran irautearena, ordea, ez da berariaz gertatu: errepertorioa, musikariak eta azpiegiturak garatuz, aldatuz eta hobetuz joan dira, eta ekimenak garai berrietara egokitzea lortu du. Antolatzaileen arabera, horren guztiaren atzean bada egitura material eta musikala baino zerbait gehiago: herri ekimenaren sena. Izan ere, ekimena herritarren artean sortu, antolatu eta garatu da, helburu argi batekin: jaietan euskal musikari eta euskarari berezko espazioa eskaintzea.
Tinko eta sendo
Ideia hori ez zen ezerezetik sortu. Aurreneko urteetan, txistua eta eskusoinua soinean hartuta ibiltzen ziren herriko Euskal Jaietan Joxe Mari Lasa eta Juan Luis Aranburu herritarrak kalez kale euskal kantak abesten. Euskal musikak jaietan espazio propioa behar zuela ikusita, formatuak aztertu, talde motorra osatu, kantu afariaren aldeko apustua egin eta proposamena udaletxean aurkeztu zuten.
Lehen edizio hartako oroitzapena ez dute ahaztu. Prestaketa tekniko handirik gabeko ekimena izan zen, ez baitzuten ikuskizun bat antolatu nahi, «jai giroan bizitzeko musika eta kantu jaialdi bat» baizik. Azpiegitura egokirik ez zuten, eta kantarien ahotsak ere jai giroak eraginda zakartuak zituzten. Hala ere, herritarren parte-hartzea handia izan zen, eta sortu zen giroak erakutsi zien ekimenak bazuela etorkizuna.
Euskararentzako arnasgunea
Kantu afariaren oinarria kantua bada ere, ekimenaren helburua ez da soilik aisialdia. Hasieratik, euskararen aldeko espazio herritarra sortzea eta mantentzea izan du xede. «Arnasgune izateko sortu zen egitasmoa», azaldu du Aranburuk.
Horregatik, kantu afariak Urretxuko jaietan euskarari eta euskal kulturari presentzia emateaz harago, urte osoan horrelako espazioak sortzeko garrantzia azpimarratzen du. Antolatzaileen esanetan, erronka ez da kantu afaria bera hamarkadetan mantendu eta iraunaraztea, baizik eta «oinarri eta helburu berak dituzten egitasmoak sortzen eta inplementatzen jarraitzea, norabide berean».
Bidean, gonbidatu bereziek ere izan dute tokia; ekimenaren erakargarritasuna indartzeko, euskal musikariak gonbidatzen hasi ziren. Erramun Martikorenarekin hasi eta Anje Duhalde, Niko Etxart eta beste hamaika artista izan dira. Aurten, esaterako, Bostak eta Laurenak talde bizkaitarra izango dute lagun, euskal kantuak oholtzara eramateko.
Etorkizuna xede
Etorkizunari begira, gazteen parte-hartzea sustatzea da antolatzaileen erronka nagusietako bat. Belaunaldi berriengana gerturatzeko eta haien beharretara egokitzeko aldaketak beharrezkoak izango direla uste du Aranburuk,
«ekimenaren oinarriak galdu gabe».
«Enbor beretik sortuko dira besteak», zioen Xabier Letek. Eta, indarrak dituzten bitartean, Urretxuko Kantu Afaria kantuan mantentzen jarraituko dute. Ez tradizioari euste hutsagatik, baizik eta euskarak, musikak eta herriak elkartzeko espazioak behar dituztelako. ■
