San Migel jaien atarian, Kilometroak girotzen
Urriaren 4a, egun handia, Gipuzkoako ikastolen 50. Kilometroak jaia izango da Lazkaon. Egun handi hori gero eta gertuago dagoen honetan, girotzeko ekitaldiak ere badira San Migel aurreko bi asteburuetan: zesta punta eta musika jaialdiak.
Batetik, irailaren 20an, igandean, 18:00etatik aurrera, Open Jai Alai zesta puntako final erdiak jokatuko dira, Lazkaoko Joxe Migel Barandiaran kiroldegian. Sarrerak dohainik izango dira, aforoa bete arte. Open Jai Alai zesta-punta sustatzeko egitasmo bat da.
Denbora Band
Irailaren 26an, berriz, Denbora Band antolatu dute. Lazkaoko Musika Bandako kideak, Xabier Zabala, Joli Paskualarena eta Iker Huitzirekin batera arituko dira, Arerian, 19:00etan.
Xeber Maiza Kilometroak jaiko koordinatzailearen esanetan, «herriko eragileekin urte osoan sekulako lana egin da. Herriko eragileek sekulako erantzuna eman dute, bakoitzak beretik ekarpena egin nahian momentuero. Lazkaoko Musika Bandak ere esan zigun zerbait egin nahi zutela, eta sortu zitzaien Xabier Zabalak zuzentzen duen Denbora Band ikuskizunaren aukera».
Lazkaoko Kilometroak jaiko abestiaren egilea da Zabala. «Kilometroen aurretik, hain gertu dagoen egunetik gertu egonda, polita geratzen da Zabalaren eta Lazkaoko bandaren arteko lotura». Emaitza, irailaren 26an entzun eta ikusi ahal izango da, Arerian.
Kontzertuaren gastuei aurre egiteko, sarrerak salgai 12 euroan. Batetik, www.kilometroak.eus webgunean eskuratu daitezke aurrez, edo egunean bertan, Areriako kulturgunean, kontzertua baino ordu bete lehenago.
Enparantza denda irekita
Iraileko asteburuero irekitzen ari dira Kilometroak jaiko materiala saltzeko Enparantza denda, Hirigoien kaleko 14. zenbakian. Dendaren ordutegiak ondorengoak dira: ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara.
Arropa eta osagarriez gain, etxeko balkoietan zintzilikatzeko banderolak ere salgai daude.
Boluntarioak
Azkenik, urriaren 4an lan egiteko ia mila boluntario behar dituzte Lazkaon. Lan egin nahi dutenek, izena emateko aukera daukate www.kilometroak.eus wegbunean, boluntarioak loturan. ■

