«Zalantzan bazaude egin, itzultzeko aukera dagoelako»
Keila Imaz (Lazkao, 1997) Kolonbiako hiriburuan, Bogotan, bizi da Eusko Jaurlaritzako BEINT bekaren bitartez. Aurretik, Manilan (Filipinetan) ere bizi izan zen urte betez. Erasmusen Polonian ibili zen eta ordutik buruan zuen kanpora bizitzera joatea.
Ikusten da kanpora joateko gogoa zenuela lehenik Manila, orain Bogota. Nondik datorkizu gogo hori?
Unibertsitatean nengoela Polonian Erasmusa egin nuen eta handik itzuli nintzenetik izan dut barnean kanpora bizitzera joateko gogoa. Hala ere, Donostian lanean hasi nintzen eta 5 urte egin nituen. Orduan, 30 urtetara gerturatzen ari nintzela ikusten nuen eta pentsatu nuen hura zela momentua horrelako esperientzia bat bizitzeko. Gainera, denbora bat bazen, Eusko Jaurlaritzako BEINT bekari begira ari nintzela. Duela bi urte beka hori eskatzea erabaki nuen. Beka horretan graduondoko bat egin behar duzu EHU, Deusto eta Mondragon unibertsitateetan. Hori egin ondoren beka irabazi nuen, eta Filipinetara joan nintzen. Han urtebete egin ondoren bekarekin jarraitzea erabaki nuen baina beste leku batean eta Bogota aukeratu nuen.
Zergatik aldatu zinen Kolonbiara?
Filipinetako esperientzia aberasgarria izan zen. Baina, egia da bertako jendearekin ez nuela harreman handirik egin. Filipinar batzuekin bai, baina ez askorekin. Horregatik, kanpotik joandako jendearekin gehiago ibiltzen nintzen. Han ingelesa hitz egiten dute, baina ez mundu guztiak. Tristea da esatea, baina ingelesa zekien jendea diruz ongi zebilen jendea zen. Izan ere, hizkuntza bat ikasteko baliabideak ordaintzeko ahalmena ez daukalako mundu guztiak. Egokitzapen hori horren erraza ez zenez, erabaki nuen amaitzea hango esperientziarekin. Hala ere, bekarekin jarraitu nahi nuen, eta orduan, atera zen Kolonbiaren aukera.
Ba al dago ezberdintasunik Kolonbiaren eta Filipinen artean?
Badauzkate gauzak amankomunean bi herrialde hauek. Izan ere, biak garapen bidean daude. Kolonbia agian gehiago garatua dago bizi baldintzen aldetik eta azpiegituren ikuspuntutik. Hau da, ur edangarriaren edo errepideen egoera garatuago dago. Horretaz gain, ezberdintasun sozial handia dago. Alde batetik errekurtso oso gutxi duen jendea bizi da, eta bestetik, errekurtso asko dituztenak, eta hori gainera kaletik ikusi daitekeen gauza bat da. Segurtasunean ere antzekoak dira. Gauez denbora askoz ezin duzu kaletik oinez ibili. Kolonbian ditudan lagunen batek sustorik izan du inoiz. Horregatik, Euskal Herrian gauez ibiltzea normaltasunez ikusten dugunez hemen ohitura horiek aldatu behar dituzu. Hala ere, denborarekin konfiantza hartzen joaten zara eta gu ibiltzen gara gauez, baina kontutan izanda denbora tarte gutxirako izan behar dela. Gainera, ez da gomendagarria zoriaren esku baitzaude.
Filipinarrekin harremantzea kosta zitzaizula esan duzu. Zer moduz alde horretatik kolonbiarrekin?
Hemengo lagun pila bat egin ditut. Sentitu dut askoz ere errazago konektatu dudala hemengo jendearekin. Izan hizkuntzarengatik edo hemengo jendeak izateko duen moduagatik errazagoa egin zait hemengo jendea ezagutzea. Bai Bogota hirikoak eta baita kanpokoak ere. Azken finean, Bogotan Kolonbia guztiko jendea dago, lan aukera gehiago dagoelako hiriburuan. Hemen dudan lagun taldea nahasiagoa da. Lagun euskaldun eta espainiarrak badauzkat eta kolonbiarrekin batera ibiltzen gara. Batzuk lanean ni bezala daude edo nire antzeko bekaren batekin. Gainera, Munduko Kopako finala izan zen egunean konturatu nintzen espainiar jende asko zegoela.
Zertan lan egiten duzu Bogotan?
CLCircular izeneko Bizkaiko enpresa batean nago. Kutxak monitorizatzeko gailuak egiten dituzte. Ni hala ere saltzaile postuan nago. Niri egokitzen zait gailu horiek beste enpresa batzuei saltzea, azoketara joanez edo enpresengana zuzenean. Enpresa honetako gailuek kargak non doazen, zer tenperaturatan, hezetasuna maila ere adierazten dute, eta edukiontzi horiek irekiak izan diren edo ez ere jakinarazten dute. Izan ere, hemen eduki kutsatu asko dago, hau da, droga mugitzeko erabiltzen dituztela edukiontzi asko. Horri esaten zaio ‘preñar la carga’ [edukian droga sartzea batek jakin gabe]. Horregatik, gailu horiek horrelako egoeraren bat gertatzen bada aduanan aurrez jakinaraztea ahalbidetzen dute.
Filipinetan eta Kolonbian egon zaren denboran Lazkaora itzuli zara?
Kolonbian daramatzadan zazpi hilabetetan ez naiz itzuli Lazkaora. Gabonetan bai egon nintzen 20 egun inguru, baina geroztik hemen egon naiz. Azkenean, hegaldiak oso garesti daude, eta hemen nagoenez beti pentsatzen dut nahiago dudala hemen bidaiatu eta ez oporrak gastatu haruntza joan eta etortzen. Gainera abuztuan nire gurasoak etorri dira bisitan. Filipinetara ez ziren animatu urruti zegoelako, baina orain Kolonbiara azkenean Madriletik hegaldi zuzena dago. Manilara joateko gutxienez 20 ordu behar dituzu eskalak eginez. Nire aita ez da horrelako bidaia luze batean sartzen ezta erotuta ere. Bogotarakoa bidaia erosoagoa da. Gainera, bazuten Hegoamerika ezagutzeko gogoa, eta noski, ni ikustekoa ere bai. Beraiek etorri direnez ni ez naiz joango.
Noiz arte egongo zara Kolonbian?
Beka abuztura arte daukat. Eta egia esan ez dakit zer egin dudan. Bekarekin jarraituko dudan edo ez. Bekarekin ez badut jarraitzen ere agian hemendik bidaiatzen geldituko naiz. Baino, jada, ez Kolonbian. Izan ere, bisa amaituko zait eta Kolonbiatik atera beharra daukat. Horrelako herrialdetan zaudenean bisaren pendiente egon beharrean zaude. Herrialdetik atera edo ez jakiteko. Hori adibidez, Espainian ezin da egin. Uste dut behin sartzen zarenean denbora bat itxaron beharra daukazula. Filipinetan, adibidez, Malaysiara ateratzen bazinen egun bat edo bi hurrengoan berriz sartzen zinenean bisa berritu egiten zitzaizun turista mailan bezala. Kolonbian berdina da, atera eta berriz sartzen bazara beste 60 egun dauzkazu egon beharra bertan.
Ingurukoek zer esaten dizute?
Ingurukoei ez zien harritu kanpora joan nahi nuela esan nienean. Izan ere, Erasmusa Polonian egin nuenetik esaten bainien familiakoei, lagunei, bikotekideari, hau da inguruko guztiei, kanpora joateko gogoa nuela. Horregatik, BEINT beka hori hartzea erabaki nuenean inor ez zen harritu. Hala ere, bai esan zidatela, batez ere gurasoek, ea ongi pentsatu nuen eta antzeko gauzak. Amak adibidez esaten zidan ea ongi pentsatu nuen kanpora joatearena, momentu hartan lan on bat nuelako. Orduan, aitaren hitzak izaten ziren «Telebista asko, Hannah Montana asko eta Disney Channel asko». Lagunei eta bikoteari ere ez zien asko harritu, gainera beka honen berri lagun batengatik izan nuen.
Zer aholkatuko zenioke kanpora bizitzera joateko zalantzan dagoen pertsona bati?
Nik zalantzan dagoen bati beti aholkatuko nioke joatea. Itzultzeko aukera beti izango duzulako. Azkenean, zure etxea eta familia beti izango duzu nahiz eta munduko beste puntara joan. Euskal Herrian, gainera, txikitatik beti izango dugu lagun talde bat hor. Eta erlazioak mantentzen badituzu, tarteka telefonoz hitz eginez eta bisitan joanez itzultzen zarenean hor jarraituko dute. Gero, egia da, etxean dauden gauza asko ez dauzkazula, baina horrekin ere bizitzen ikasten duzu. Nire pentsamendua zen, kanpora joan eta gaizki baldin banago gertatu daitekeen okerrena zela hegazkin bat hartzea etxera itzultzeko. Gure pribilegioen barruan hegazkin bat ordaindu dezakegu. Beraz, etxera itzuli eta berriz hasiko zara. ■

