«Kiroltasun handia dago kick boxingean»
Ingenieritza Mekanikoko eta Enpresen Administrazioko zein Zuzendaritzako gradu bikoitza ikasten ari da Xabat Tolosa (Lazkao, 2005) Gasteizen. Kick boxinga probatu du, eta bere zaletasun bihurtu da. Horrenbeste, ezen lehiatzen hasi eta lau borroka egin baititu, aurten. Jarraitzeko asmoa badauka ere, momentu honetan ez daki noiz izango duen hurrengo norgehiagoka. Izan ere, Atenasera (Grezia) joan zen atzo, Erasmus programan.
Borroka kirolen ospea ikusita, zer pentsatzen dute etxekoek?
Etxekoek horrelako borroka kirolen inguruan izan daitezkeen aurreiritzi guztiak zituzten: bortitzak, kiroltasunik gabeak eta basakeria direla. Horregatik, ez zuten oso ongi hartu. Hala ere, nire lehen borroka ikustera joan zirenean, eta nire entrenatzailea ere ezagutzen dutenetik, mundu hau gehiago ulertu eta normalizatu dute. Nahiz eta oraindik ere ez den gehien atsegin duten gauza.
Aurreiritziak zuk ere bazenituela diozu. Nola aldatu zenuen zure pentsaera?
Kiroltasun handia dagoen kirol bat da, kanpotik ematen ez badu ere. Nik aurretik futbolean jokatu dut, eta, esan dezaket askoz toxikoagoa dela. Azkenean, gure munduan, azkenera arte elkar laguntzen eta babesten dugu. Borrokatzera ez zara lau kolpe jotzera soilik joaten. Guztiak bere teknika, zentzua eta trebatzea dauka.
Lau borroka egin dituzu aurten. Nola sentitzen zara ringera igo aurretik?
Batzuetan konfiantzaz, besteetan zalantza gehiagorekin. Baina, borrokak egitearen poderioz urduritasunak hobeto kudeatzen ere ikasi dut. Duela bi aste Ormaiztegin borrokatu nuen, eta aurrekoetan baino lasaiago sentitu nintzen ringera igo aurretik.
Nola prestatzen zara borroka baterako?
Borroka eguna baino bat lehenago pisu jakin batean egon beharra daukagu. Nik 75-78 kilotan lehiatzen dut, eta normalean 85 kilo inguru pisatzen dut. Beraz, borrokatzen dudan aldiro hamar bat kilo jaitsi behar izaten dut, gutxi gora-behera. Horretarako, aurreko bi asteetan oilasko bularra bakarrik janez eta ura kontrolatuz egoten naiz. Gainera, ahulduta zaudela entrenatzea ere asko kostatzen da. Azken dieta hori bai eramaten dudala gaizki.
Gogortasun horrek lagunekin ateratzeko denbora ere kenduko dizu ezta?
Bai, egia da borrokaren bat hurbil dagoenean prestakuntza zorrotzagoa dela, eta horrek lagunekin plan jakin batzuk egitea eragozten didala. Baina, borrokarik ez dudanean nahiko malgutasunez eramaten dut. Entrenatu egunero gogor egiten dut, baina, ondoren, zerbait hartzera joan nahi badut, lasai egiten dut.
Etorkizunerako zer asmo duzu?
Orain ikasturte osoa Atenasen pasatuko dut, eta han ere bilatu dut gimnasio bat entrenatzen jarraitzeko. Baina beste herrialde batean egonda, ikusteko dago zertan geratuko den. Bestela, handik itzulitakoan jarraitzeko asmoa daukat. Kick boxinga asko gustatzen zait, eta profesionaletan debutatu eta gerrikoren baten lehian neurtzea gustatuko litzaidake. ■

