Nork zaintzen ditu zaintzaileak?
Legorretako zaintzaileek badute herritarren arteko harreman-sare egonkor bat sentimenduak eta ezinegonak partekatzeko. Hilean behin biltzen dira, eta datorren astelehenean ekingo diote ikasturte berriari.
Zaintzak badu paradoxa bat: besteari begira egon behar denean, norberari begiratzea ahaztu egiten da. Egunerokoan txertatzen diren ardurek, erabakiek eta emozioek leku gutxi uzten diote zaintzaileari bere buruari erreparatzeko. Hutsune horri erantzuteko sortu zuten Legorretako Zainduz Zaindu programa, 2019an. Zaintza lanetan ari diren herritarrei elkartzeko, hitz egiteko eta, batez ere, arnasa hartzeko gune bat eskaintzen die.
Legorretako Udaleko Gizarte Zerbitzuen ekimenez jarri zen martxan orain zortzi urte, zaintzaileek bizi zuten gainkargari erantzuteko asmoz, eta geroztik mantendu da programa, Nerea Redondo Otamendiren gidaritzapean. Helburua, hasieratik, argi izan dute: zaintzaileen artean sentsibilizazio eta babesgune bat sortzea, herrian bertan eta herritarren beharretatik abiatuta.
Hilean behin elkartzen dira, bi orduz, baina ez dute formula bakarra erabiltzen: meditazioa edo erlaxazio ariketa batekin hasten dira, eta ondoren gai jakin bat lantzen dute. Hala ere, saio guztien abiapuntua askoz sinpleagoa da: «Nola zaudete?». Galdera arrunta izan daiteke, baina ez da beti erraza erantzuten.
Herritik eta herriarentzat
Hasierako deialdia zabala izan zen, zaintza profesionalean zein familiarrean zebiltzan langileentzat. Aurreneko saioak elkarrekin egin bazituzten ere, beharrak ezberdinak zirela ondorioztatu zuten. Egun, zaintza familiarrean diharduten pertsonek osatzen dute taldea; dena den, zaintzaile profesionalengana iristeko helburu berarekin jarraitzen du oraindik Legorretako Udalak. Itsaso Urretagoiena gizarte langilearen hitzetan, «kostatzen» ari zaien arren, «horretan» jarraitzen dute.
Hamar lagun inguruk osatzen dute gaur-gaurkoz taldea. Denak legorretarrak dira, eta denak emakumeak. «Urteren batean gizonezkoren bat ere izan dugu, baina, oro har, emakumeak gehien bat. Hori ere bada gizarte honen errealitatearen isla», dio Urretagoienak. Profila, ordea, ez da erabat estatikoa, alargun geratu ondoren taldera joaten jarraitu duten emakumeak ere izan baitira.
Zortzi urteko konfiantza-sarea
Konfiantza eta konfidentzialtasuna dira taldearen oinarrietako bi. Baita enpatia ere. Izan ere, egoera antzekoan bizi den pertsona baten aurrean hitzak bestelako pisua har dezake, eta epaituak izateko beldurrak ere leku txikiagoa du.
Sorkundek ongi ezagutzen du sentsazio hori. Hirugarren ikasturtea du taldean, eta orain bost urtetik ama zaintzen du. Urretagoienaren bidez iritsi zen taldera, eta geroztik, «askoz hobeto» dagoela dio: «Esperientzia oso positiboa izaten ari da; husteko aukera eskaintzeaz gain, taldekideen kontuak entzuteak on egiten du». Brigiren ibilbidea, ordea, luzeagoa da. Taldearen sorreratik dabil, zortzigarren ikasturtea du. Hamalau urte daramatza senarra zaintzen, eta hasieratik aurkitu zuen taldean «egunerokoari beste modu batean» begiratzeko aukera: «Egunerokoa lasaiago hartzen, egoerak beste perspektiba batetik begiratzen, nire buruari denbora eskaintzen eta ondoan daukadan pertsona hobeto ulertzen lagundu dit. Urtetik urtera, gusturago nago».
Erabakiak hartzerako unean ere taldea bera zein taldekideen aholkuak lagungarri zaizkiela onartu dute programako bi partaideek. Zaintza egoerek sarritan eskatzen dute erabakiak hartzea, eta maiz ez dira hartzeko erabaki errazak izaten. «Kostatzen diren erabakiak hartzea ez da beti erraza izaten, baina hartu egin behar izaten dira, eta prozesu hori azkartzen lagundu dit niri taldeak», dio Sorkundek. Brigi legorretarrak ere erabakiak «kontzienteago» hartzen ditu orain.
Emozioekin elkarbizitzan
Emozio asko gailentzen dira zaintzan, sarritan elkarri kontrajarriak. Horiek guztiak identifikatzen ikastea da taldearen beste ardatzetako bat, Redondok jakinarazi duenez. Hala, saioetan emozio bakoitzari bere lekua egiten ahalegintzen dira: «Askotan ez diogu gure buruari gaizki egoten uzten, eta beharrezkoa da sentimendu bakoitzak bere bidea egitea».
Amorrua, nazka, beldurra eta kulpa dira maiz agertzen diren emozioetako batzuk, eta horiek guztiak norbere gain hartzea ez da ariketa erraza izan ohi. Horregatik, hitz egiteak bere garrantzia du, eta ez barruan dagoena ateratzeko bakarrik, baita zaintzaren inguruan eraikitzen den hizkera berrikusteko ere. Redondok dio hizkeraren ñabardurek zaintzailearen «zama emozionala» alda dezaketela, eta «horiek berrikusten eta ohiturak fintzen» laguntzen die Zainduz Zainduko taldekideei.
Autozainketaren beharra
Zainduz Zaindu programaren helburuak ez dira emozioen kudeaketara mugatzen. Estresa kudeatzeko tresnak eskaintzeaz gain, autoezagutza, autozainketa, motibazioa, autoestimua eta erlaxazioa lantzen dituzte. Baita norberaren pentsamendu, ohitura eta jarrera mugatzaileak identifikatzeko ariketak ere.
Horren guztiaren atzean ideia bera dago: zaintzaileek ere zainduak izan behar dutela. Eta horrek, Urretagoienaren esanetan, dimentsio sozial handia du: «Zaintza familiako emakumeek sostengatzen dute gehien bat, eta programa honen bidez, zaintzaileak zaindu eta beraien lana balioan jartzeaz gain, genero ikuspegia eta zaintzaren ardura publiko-komunitarioa lantzen dira. Izan ere, denok behar dugu zaintza, eta ikuspegi horretatik lan egiten saiatzen gara».
Zaintza egoerak elkarren artean partekatzeak badu beste ondorio bat: bakardadearekin apurtzea. Antzeko egoeran daudenek ez dute azalpen askoren beharrik, eta horrek konplizitate berezia sortzen du. «Ingurukoek ulertu ezin dituzten jokabideak ulertzen dituzte taldekideek, eta epaitu gabe gainera», onartu du Sorkundek.
Horixe da programaren beste helburuetako bat: zaintzaileak zaintzaren logikatik atera eta beren buruari begiratzeko aukera eskaintzea. «Ez dago egoera konpontzeko formula magikorik, baina badira egoera horiei aurre egiteko tresnak», dio Redondok.
Herritarrentzat irekia
Brigik garbi du antzeko egoeran daudenei taldean parte hartzea gomendatuko liekeela: «Asko ikasten duzu, eta sendoagoa bihurtzen zara; gune seguru bat da guretzat». Sorkunderi ere «kulparen sentimendua gutxitzen eta lasai hitz egiteko askatasuna aurkitzen» lagundu dio.
Redondok ere, bere aldetik, taldera hurbiltzera, esperientzia probatzera eta norberarentzat tarte bat hartzera gonbidatu ditu herritarrak, «izan daitekeelako une bakarra hilabete osoan, bi orduz, zure buruari eskaintzen diozuna». Taldea edozeinentzat irekia da, eta zaintza familiarrean dabilen edonork parte har dezake. ■


