Seigarrenez Aho Lehor
Aho Lehor jaialdiak seigarren edizioa ospatuko du urriaren 10ean, larunbata, 19:00etatik aurrera Lazkaoko skate parkean. Lau herrialdetako bost talde arituko dira eta sarrera doakoa izango da. Latza kartela.
Hasteko, Laudioko Barrrk arituko da. Walking About lehen EPak zazpi kanta ditu; ETEN espazio sonoroan grabatu zuten eta Bandcampek New & Notable atalean nabarmendu zuen. Euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz abesten dute.
Ondoren, Orsini izango dugu. Bilboko eszenako beteranoek osatutako taldeak 2026ko otsailean kaleratutako Ezin Atera aurkeztuko du. Urteko euskal lanik onena? Punk-rocka eta post-punka uztartuz, itxialdia, auzoaren gentrifikazioa eta elkar laguntza ditu hizpide.
Utrechteko Sick Shooters taldeak Super Sonic Rock Saga aurkeztuko du: baxurik gabe eta ekoizpen gordinarekin grabatutako hamaika kanta, gitarrak nagusi. Garage punka eta hirurogeita hamarreko power popa uztartzen dituzte.
Melbourneko The Prize boskoteak hiru gitarra eta doinu melodikoak ekarriko ditu. Power popa, pub rocka, punka eta new wavea uztartzen ditu; King Gizzard eta The Chats taldeekin Europan biran ibili dira.
Amaitzeko, Marokoko Taqbir arituko da. Dariyaz abesten dute eta hardcore labur eta bortitza egiten dute, zapalkuntza patriarkalaren aurkako letrekin. Le Guess Who?, Roskilde eta Supersonic jaialdietan jo dute, baita Estatu Batuetan kontzertu guztietan sold outak egin ere. Punk kutsu berezikoa eta mezu zuzena!
Gero, festak Malantzan jarraituko du Rocky Violencia eta Esnupi DJen saioekin. ■

