«Epaileen lana oso zaila da: neurtu ezin dena neurtzea»
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan parte hartuko du Nerea Elustondo legazpiarrak bosgarrenez. Igande honetan, urriak 11, du saioa, Agurainen (Araba). Ondo prestatuta doala uste du. Lazkao Txikiren urtebetetze egunean, irailaren 15ean, baina 1981ean jaio zen Nerea Elustondo Plazaola Legazpin. Bertan egin zituen lehen urratsak bertsolaritzan gazte-gaztea zela, eta ordutik ibilbide oparoa egina da.
Legazpitik kanpora azkar joan zinen.
Haztegi ikastolan ikasi eta gero, unibertsitatera Donostiara joan nintzen, ingeniaritza mekanikoa ikastera. Karrera bukatutakoan, Irlandara joan nintzen, eta bi urte egin nituen, Dublin eta Wexford inguruan lehenengo, eta Cork hirian gero. Hango kultura ezagutu nahi nuen.
Zer eman zizuten bi urte haiek?
Jende helduak asko galdetzen zuen Euskal Herriari buruz, baina gehienek ez zuten ezagutzen. Hura izan zen desengainua! Azaltzen nien zer zen hau, eta ikusten zituzten paralelismoak, baina ez asko… Gaelikoa, adibidez, ia galduta zuten, eskolan ikasten zuten hizkuntza hil bat zen, eta horregatik ez zuten oso ondo ulertzen euskararekiko gure sentimendua. Herri txikietan igande gauetan istorioak eta ipuinak kontatzeko, abesteko… egiten zituzten juntadizoetara joan izan nintzen, eta nik euskal kanta bat kantatzen nien. Oso bilera interesgarriak ziren, oso parte hartzaileak, eta ni atzerritarra, emakumea, gaztea, eta hizkuntza desberdina izanda, exotikoa nintzen haientzat. Oroitzapen onak ditut.
Handik, Teruelera!
Han geratu edo itzuli erabaki behar izan nuen, eta etorri egin nintzen, eta Teruelen ingeniari bezala lan egiteko aukera sortu zitzaidan. Hura Espainia-Espainia zen, eta han garai hartan orokorrean zerbait txarra zen euskalduna izatea. Kanpamentu nagusia Utrillas herrian nuen, Cuencas Mineras eskualdean… Teruel gogor-gogor-gogorrean. Baina mugitzeko erosoa zen, eta Bartzelonara edo Valentziara sarri joaten nintzen. Garai politak izan ziren haiek ere.
Eta itzuli zinen Euskal Herrira.
Bai. Bi urtera Legazpira etorri nintzen.
Orduan utzi zenuen lanbidea?
Ordutik ez dut lan egin ingeniari bezala. Ingeniaritza mekanikoa oso gizonen kontua da, orduan behintzat, eta pentsa zein mundutakoa nintzen ni, bertsolaritzakoa, oso maskulinoa hori ere. Han ikusi nuen enpresa ikuspegia ere ez zitzaidan gustatu, dirua pertsonaren gainetik…
Irakasle zara orain.
Bai. Masterra egin nuen, eta orain irakasle naiz. Hainbat institututan ibili naiz, Ordiziako Oiangurenen, Beasaingo Txindokin, Andoainen… Matematikak ematen ditut.
Zer moduz moldatzen zara ikasleekin?
Taldeen arabera izaten da. Nik DBHn eta Batxilergoan ematen dut, eta Batxilergoa errazagoa gertatzen zait. Harreman askoz horizontalagoa da, helduagoak direlako. Gehienak oso maitagarriak dira, batez ere ondo konektatzea lortzen baduzu, baina erosoago sentitzen naiz helduagoekin.
Bertsoak botatzen dizkiezu?
Ez, ez… Saiatzen naiz nire bertsolari fazeta ezkutatzen, baina beraiek deskubritzen dute bertsolaria naizela, batez ere giro euskalduneko eskolan.
Familiatik datorkizu bertsoa?
Ez bereziki. Ni ‘oso euskal’ familia batekoa naiz, eta Legazpin, ume nintzenean, oso ondo ikusia ez zegoenez, lotsaz bizi nuen neurri batean, jendearentzako baserriarekin lotzearen konnotazio ez oso positiboa zuelako. Euskalduna izatea ez zen txarra, baina euskal kultura ez zen modan zegoen zerbait. Eta gure familia, alde horretatik, berezia zela esan beharko dut, bertsozalea, baina batez ere, oso trikiti zalea. Txikiak ginenean, asteburuetan erromeriaz erromeria ibiltzen ginen. Lau anai-arreba gara, eta niri kenduta, beste hirurei transmititu diete zaletasun hori.
Zuk bertsoa hautatu zenuen.
Bai. Ez dakit zer haizek eman zidan 12-13 urte nituenean bertsotan hasteko. Legazpin Kilometroak egin zen urtea zen, eta ikastolan trikiti eskola eta bertso eskola jarri zituzten martxan. Orduan jendearen imajinarioan Mañukorta, Sebastian [Lizaso] eta horiek zeuden batez ere, nahiz eta ordurako Iturriaga eta beste batzuk finalista izatera iritsita zeuden. Legazpin hura zen bertsoaren irudia, eta horregatik bizi nuen lotsarekin. Oraindik ere, herrian kostatzen zait bertsolari bezala agertzea.
Urretxura jo zenuen gero.
Ikastolan Joxe Olabide ibili zen irakasle, eta gero Asier Iriondo eta Asier Otamendi. Iriondok Urretxuko bertso eskolara eraman ninduen. Kultur etxean izaten ziren eskolak, eta Juanjo Sagastibeltza zen irakaslea, eta beste ikasleak Asier Iriondo, Asier Otamendi, Gorka Ojanguren eta Gorka Azkarate. Ni baino zaharragoak ziren, baina hasieratik hartu ninduten beraietako bat bezala, afarietara ere eramaten ninduten 13 urte eskasekin! Hura oso erakargarria izan zen niretzat, eta oso erosoa izan zen niretzat bertso eskolako kide izatea.
Gogoatzen al duzu zure lehen bertsoa?
Araba-Bizkaiko txapelketa prestatzen ari ziren, 1994ko abendua zen. Hura ikusi eta txundituta geratu nintzen, haiekin ibili behar nintzelako. Bada, lau oinak eman zizkiguten, eta ni ordurako inoiz bertsorik kantatu gabe banengoen ere, kantatu egin nuen… eta gaur arte.
Eskolarteko txapelketan hasi zinen.
Bai, 14 urte egiteko nituela, taldeka. Iker Zubeldia, Eneko Murgiondo eta hirurok joan ginen gure lehen eskolartekora, Gipuzkoakora, eta irabazi egin genuen. Hura izan zen gure debuta. Ordurako ni bertso-afari batzuk eginda nengoen, eta bertso-afarietan eta gai librean kantatuz asko-asko ikasten da. Nire adin ingurukoak Ekaitz Goikoetxea eta Ariz Zeberio ziren, eta pixka bat zaharragoak Aitor Sarriegi, Joxe Munduate, Xabier Narbarte… Asko ikasi nuen oso hilabete gutxitan.
Eta iritsi zen lehen Txapelketa Nagusia.
Eskolartekoen ondoren, 2001ean kantatu nuen lehenengoz Euskal Herrikoan. Urte hartan sailkapen fasea egin zuten, eta postua lortu nuen. Legazpin izan zen kanporaketa, kiroldegian, eta niretzat ia traumatikoa izan zen. Behin parte hartuko Euskal Herriko txapelketan, eta Legazpin kantatu beharra! Asko aldatu da txapelketa ordutik.
Zein zentzutan?
Orain beste prestigio bat dauka, beste jarraipen bat. Sarrerak salgai jarri eta webgunea kolapsatu egiten da! Lehenago, 1997an, bezperan joatea erabakita ere, ez zen arazorik egoten finalean sartzeko. 2001ean ere oraindik posible zen sarrerak lortzea. Gerokoan ja ez, eta sarrerak agortu egin ziren. Orduan hasi zen fenomenoa, indarra hartzen.
Bertsolariak ere aldatu dira…
Bai. Beno, 2001eko finalerdietara iritsitakoen artetik bost gaude aurten: Maialen Lujanbio, Aitor Mendizulze, Amets Arzallus, Sutrai Colina eta ni. Bizirauleak gara.
Nola dator aurtengo txapelketa?
Sekula baino parte hartze gehiagorekin. Lehenengo fasean saio gehiago dira, eta txartela pixka bat garestiago egongo da teorian. Ni final-laurdenetan hasiko naiz zuzenean, eta gogotsu nago.
Zenbat alditan parte hartu duzu?
2001ean lehen aldiz, eta hurrengoa 2013an izan zen, Terueletik bueltan 2011n Gipuzkoakoan sailkatu eta gero. Geroztik, beti sailkatu izan naiz, 2017an eta 2022an. Aurten, plaza asko eginda harrapatuko nau, nire bizitzako urte ‘bertsolaristikoena’ da.
Nolatan orain?
Agian kokatuago nago. Azkeneko Gipuzkoako bi finaletan egon naiz, eta horrek jartzen du fokua zugan. Sailkapenak badira bozgorailu bat, egia da. Ez dakit, agian lehen ‘frikiegia’ nintzen, eta orain mundua ere ‘frikia’ denez…
Estiloa ironikoa duzula diote, eta umore beltza gustuko.
Izan daitezke nire indarguneak, bai.
Irudi serioa islatzen duzu behintzat.
Askotan esaten didate hori, bai. Ba nik esango nuke nire bertuterik handiena umorea dela. Irudi serioa proiektatuko dut, baina ez naiz horrelakoa. Egia da diskurtsiboki garatu egin dudala neure burua, bizitzan bezala. Jendeak nahiago du gazteak entzutea, baina bizitzan zenbat eta urte gehiago, diskurtsoa garatuago duzu, munduarekiko beste ikuspegi bat duzu. Bizitza ez da alferrik igarotzen.
Asko kantatzea abantaila al da?
Bai. Zenbat eta gehiago zabiltzan, konfiantza gehiagorekin zabiltza, eta oholtzara beste modu batera iristen zara. Entrenamendurik onena da.
Eta beldurra ere galtzen zaio areto handi horietan kantatzeari?
Beti, baina errespetua hor geratzen da. Bertso-afarietan publiko txikiagoa da, baina segun nolakoa den, horrek ere errespetua ematen du. Ni erosoen bertso bazkari eta afarietan ibiltzen naiz; fondokoa da, beste erritmo bat da, askoz ere gehiago kantatu behar duzu, etenik gabe… Baina asko kantatzean ere, errore marjina handiagoa da. Hala ere, hutsen bat egiten baduzu, jendeak badaki non ari zaren eta barkatzen dizu. Baina txapelketan desberdina da, bertso gutxiago kantatu behar dituzu, baina horietan hutsen bat egiten baduzu, izorratu duzu. Epaileak oso gainean daude, eta badakit epaileen lana oso zaila dela, neurtu ezin dena neurtu behar izaten dutelako. Baina, eta nire ustez, meritua saritu beharrean akatsa zigortzen da gehiago.
Nola bizitzen da horrelako txapelketa bat?
Publiko asko izaten da, baina nik nahiago dut publikoan 300 edukitzea 20 edukitzea baino. 20 badaude, denekin geratzen zara, espresio guztiak harrapatzen dituzu, eta publiko gehiagorekin aukeratu egiten duzu, batzuk badaudelako bibrazio onak transmititzen dizkizutenak eta beste batzuk ez. Niri gustatzen zait publikoa ikustea, erreakzioak jasotzea, eta argiak itzaltzen dituztenean oso deskolokatuta geratzen naiz.
Faktore gehiago izaten dira?
Faktore asko daude, gehiegi: nolako eguna duzun, esaten dizuten gaia, tokatzen zaizun bikotea… Eguna bera ere gogorra da, eta fisikoki nekatzen du.
Saioa amaitutakoan, zer?
Hor ere, txapelketaren martxaren arabera. Biharamun emozional handia uzten du, ona eta txarra, edozein saiotan bezala. Oso agerian jartzen duzu zure burua, jendaurrean biluztu egiten zara, zeurearekin zoaz, ez duzu artifiziorik, sentitzen duzuna kantatzen duzu… edo gaiak eskatzen dizuna. Batzuetan tokatzen zaizu defendatzea inondik inora hartuko ez zenukeen paper bat, eta publikoak askotan ahazten du paper batetik kantatzen duzula, ez dela zuk benetan pentsatzen duzuna. Zerbait gogorra defendatzea tokatzen bazaizu, oso hotz sentitzen duzu publiko hori.
Zein lan gustatzen zaizu gehien?
Errazena ofiziotan egitea gertatzen zait, bakarkakoek lanketa handiagoa eskatzen dutelako.
Nola prestatzen duzu txapelketa?
Munduan gertatzen denaz pixka bat jakin behar da, badakizulako gai batzuk eroriko direla. Ni saioz saio nabil, eta alde horretatik ondo prestatuta joango naiz. Gainera, era askotako bertsolariekin aritzen naiz, eta hori ona da. Gazteak, helduak… denetik ditut gogoko, eta orokorrean ondo konpontzen naiz guztiekin. Bertso eskolara ere finago joaten naiz txapelketa garaian.
Emakume eta bertsolari zara.
Eta hasi nintzenean bakarrenetakoa gainera. Uxue Fernandez eta ni bili ginen bertso eskolan. Ordurako Maialen Lujanbio bazebilen, Estitxu Arozena eta Estitxu Fernandez ere bai. Gaur egun gehiago daude, txapelduna barne. Baina hori engainagarria da. Egia da Euskal Herriko txapelduna emakumea dela, Gipuzkoakoa ere bai, baina joaten bazara lehenengo faseetara, oso desorekatuta dago, eta ematen du neskek aurrera jarraitu ahal izateko behar dutela mailatxo bat, mutilek baino gehiago, eta hori oraindik errepikatzen den patroia da. Maialen [Lujanbio] izan da urte askotan finalean egon den bakarra, eta hori oso inportantea izan da, erreferente bihurtu delako. Orain, zorionez, gehiago ere badira. Emakumeen gaia gizartean dago, eta bertsolaritza ez da salbuespena.
Sentitu duzu diskriminaziorik bertsotan emakume izateagatik?
Bai, baina hasierako urteetan ez nintzen oso kontziente egoeraz. Hala ere, esan behar dut kantu kide gehienek ondo tratatu nautela. Emakume bertsolarien lehen topaketa 2003an egin genuen, eta konturatu ginen oso pertsonalak ziren kontuak ez zirela hain pertsonalak. Orduan sortu zen gaiaren inguruko gogoeta. Oraingo gazteak kontzienteago dira emakume izateagatik gizartean gertatzen zaiena bertsolaritzaren munduan ez dela salbuespena izango. ■
Legazpin, bertsozaletasuna osasuntsu dago
«Argazki honek ez dauka oso kalitate ona, baina nire kuttunetako bat da», dio Nerea Elustondok. 2001eko azaroan Arantxa Aiastui zenak ateratakoa da. Euskal Herriko txapelketako finalerdia da, Etxarri Aranazen. «Autobusa antolatu zuten, legazpiarrak ni animatzera joan zitezen, eta jende mordoxka joan zen».
Izan ere, Legazpin, bertsozaletasun handia egon da beti, Bittor Agirre ‘Bitti’, Iñaki Azarola eta Jokin Matxinandiarena herriko bertsolaritzaren ordezkari nagusi ziren garaian, eta batez ere azken aldian, Bertso Olariak eskolaren «erruz».
Ikastolan jarri zuten martxan lehen bertso eskola, Kilometroen aitzakian, eta han ibili zen Elustondo, Urretxukora joan zen arte. Baina itzuli zen herrira, 2000n sortu zuten Bertso Olariak eskolan irakasle lanak egitera. «Asier Iriondori eta niri eskatu ziguten hura gidatzeko».
Orain antolakuntzan dabil, eta Ane Belokik ematen ditu klaseak. «Urte askotako ibilbidea du eskolak, eta herrian bere lekua hartuta du, hala ikusi genuen behintzat iaz 25. urteurrena ospatzean: ekitaldietan publiko asko egon zen, baita bertsotan ohikoa ez den jendea ere. Eta jarraitzen dugu lanean, Legazpiko bertso ekitaldi gehienak antolatzen, eta eskolak ematen».


