«Janzten den memoria bat da 'Artxibe' proiektua»
Euskal kultura eta mitologia abiapuntu hartuta, moda eta sormena uztartzen ditu Maren Caballeroren (Ordizia, 2004) ‘Artxibe’ proiektuak. Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean erakusketa bat ikusgai jarriko du Ordiziako D’elikatuz gunean, proiektua ezagutarazteko helburuarekin.
Madril eta Bartzelona artean osatu du bere ibilbide akademikoa, eta modaren, estilismoaren eta diseinuaren artean aurkitu du bere sormen-bidea. Euskal Herritik urrun egon izanak, gainera, etxeko kulturarekin eta tradizioarekin duen lotura indartu dio. Horren emaitza da Artxibe, euskal mitologia, memoria eta gauaren iruditeria janzkerara eramaten dituen marka-proiektua.
Nondik datorkizu modarekiko interesa?
Ez nuen mundu honetan murgiltzeko hasierako asmorik. Batxilergoa egin nuen, eta gradua aukeratu behar nuenean, Ikus-entzunezko Komunikazioaren eta Psikologiaren artean nengoen. Gutxika-gutxika, ordea, artearen munduak erakarri ninduen eta Arte Ederretako probak egitea erabaki nuen; jardun nintzen, baina ez ninduen konbentzitu. Noraez horretan, modarekin egin nuen topo eta orduan hasi nintzen zaletzen. Amona jostuna izan da beti, eta txikitatik ikusi izan dut kakorratz-lanetan. Esango nuke hortik datorkidala zaletasuna.
Euskal Herritik Bartzelonara joan zinen, eta ondoren Madrilera.
Euskal Herrian modaren alorreko ikasketa aukera gutxiago dagoenez, Bartzelonara joan nintzen. Estilismoko goi mailako gradua ikasteari ekin nion. Diseinutik lantzen genuen estilismoa orduan, eta hortik etorri zait gerora diseinuarekiko interesa, nahiz eta estilista gisa ere asko gozatzen dudan.
Bartzelonako graduaren ondoren, geldialdi txikia egin eta etxera etorri nintzen. Herrimina sentitzen nuen. Geldialdia bestelako tituluak ateratzeko baliatu nuen, eta bide batez etorkizuna birplanteatzeko. Estilismoaren mundua konplikatua ikusten nuen eta orduan hasi nintzen diseinua ikasketa gisa planteatzen. Aukerak begiratu, eta Madrilera joatea erabaki nuen.
Zer dute oinarrian bi diziplinek?
Osagarriak dira. Diseinatzaile bati estilista bat alboan izateak on egingo dio beti, eta estilista batek ere beti jakin behar du diseinatzen, josten, patroiak gorputz ezberdinetara moldatzen…
Artista emergenteekin ere aritu zara identitate bisuala eraikitzen.
Esanezinekin elkarlanean aritu nintzen bideoklip baterako estilismoa sortzen. Garrantzitsuena beraiek janzten dutenarekin gustura egotea eta identifikatuta sentitzea da, berezko esentziarik galdu gabe. Horretarako, beharrezkoa izaten da bien arteko komunikazioa, eta artistak kontatzen dizunaren arabera eta egin ditzakezun moldaketak kontuan hartuta elkarrekin identitate bisuala sortzea.
Zer da ‘Artxibe’?
Master amaierako proiektua da; denbora luzez pentsatzen, diseinatzen eta lantzen egon ondotik, egikaritzea lortu dudana. Marka bat sortu behar genuen, eta etxera jo nuen inspirazio bila. Euskal Herrira. Gauaren kontzeptuarekin, gainera, obsesio handia izan dut beti; esan ohi da artistok gauean inspiratzen garela eta eguneko momenturik ilunenean irudimenarekin topo egiten dugula. Horregatik mitologia, eta horregatik Artxibe. Memoria bat da, janzten den memoria bat.
Euskal tradizioa, kultura eta mitologia dira, hortaz, proiektuaren oinarriak.
Hasieran basoa izan nuen inspirazio iturri. Basoa eta hor sortzen den iluntasuna. Zetak da gaur-gaurkoz nire inspirazio iturririk handiena, eta gehiago murgilduta, horri tira egitea polita izan zitekeela pentsatu nuen. Gainera, aukera bat zen etxetik kanpo egonda ere Euskal Herriarekin konektatuta sentitzeko; maiz hori gertatzen baitzaigu denbora bat etxetik kanpo egiten dugunoi. Herrimin horrek eraman nau proiektura; konexio berezia dut euskal tradizioarekin eta hori guztia islatu nahi izan dut. Euskal kultura, tradizioa, mitologia… Etxea, azken instantzian.
Zu bakarrik al zaude proiektu honen atzean?
Bai, nahiz eta gauzatu ditudan ikus-entzunezko proiektuetan saiatu naizen artista emergenteekin lana egiten; elkarri lagunduta xamurragoa suerta dakiguke egin beharreko bidea. June Saezekin eta Ibai Goñirekin, esaterako, egin izan ditut lanak, baina diseinu, patroi eta joskintza aldetik, ni naiz Artxibe, eta neure gain hartzen dut lan horren guztiaren gaineko ardura.
30 piezako bilduma garatzen ari zara.
Artxibe marka da, eta marka horren barruan Mito izeneko bilduma dago, 31 piezaz osaturikoa. Prakak, txalekoak eta batez ere soinekoak aurki daitezke, gauaren inspirazioan eragina dutenak, baina zertxobait modernizatuta.
31 pieza horietatik, zazpi daude konfektzionatuta. Pieza bakoitza sortzeko prozesua oso luzea da, diseinu eta dedikazio propioa behar dutelako. Ez soilik pieza bera sortzen, baizik eta kanpora begira erakusteko beharrezko ikus-entzunezko edukia sortzen: bideoak, argazkiak, editorialak… Makillaje aldetik ere lan handia dago. Azkenean, estilismoarekin batera doa eta horrek ere norbere identitate bisuala eraikitzen laguntzen du.
Zer garrantzia du sormen zuzendaritzak Artxiben?
Bereziki garrantzitsua da diseinu grafiko aldetik. Azkenean, marka bat industrian ezagutarazi nahi bada, bereizgarria izan behar du. Artxiberen kasuan, begia da ezaugarririk nagusiena, eta laguntzen du, Tartalorekin erlazionatzen baita. Garrantzitsua da lehen instantzian logoa begiratu eta zuzenean marka antzeman eta identifikatzea. Hori lortzean dago gakoa.
Aurrera begira, zer asmo?
Marka ateratzeko gogoa daukat, baina konplikatua da. Hala ere, gutxika-gutxika nire lana ezagutaraztea da epe motzeko helbururik argiena. Hala, erakusketa bat jarriko dut Ordiziako D’elikatuzen, datorren abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra arte.
Zaila al da ofizio honetatik bizitzea Euskal Herrian?
Beti esan izan didate modan lana egin nahiko banu hobe nukeela kanpora joan, baina nire ustez, Euskal Herria bezalako lurralde txiki batean eta Artxibe bezalako proiektu euskaldun batekin, errazagoa behar luke. Azken batean, beste lurralde batzuetan baino konpetentzia txikiagoa dago hemen. ■

