«Nola korrika, hala oinez, mendian gozatzen ahalegintzen naiz beti»
Mendizale amorratua da Beñat Iturbe (Legazpi, 2002). Oinez eta korrika, lagunartean edo bakarrik aritzen da mendian. Askatasuna eta lasaitasuna aurkitzen ditu bertan eta gozamen pertsonalerako baliatzen du. Ekimen ugariren antolakuntzan dabil gazte legazpiarra, eta beste askotan ere parte hartzen du. Urriaren 18an egingo den Korosti Trail lasterketan izango da, eta denborari erreparatu gabe, lagunekin helmugara sartzean gozatzea du helburu.
Nondik datorkizu mendizaletasuna?
Txikitatik naiz mendizalea; baserrian hazi naiz eta familiarekin mendira joateko ohitura handia izan dut beti. Mendiak lasaitasuna eta askatasuna ematen dizkit, dela bizikletan, oinez edo korrika. Maite ditut tontorrak, bide bazterrak eta lagunarteak, eta horiek guztiak biltzen ditu mendiak.
Korostiko Igoera Bertikalean, Aizkorrin Barrenan, Gaztetxeko Mendi Taldean… mendi ekimen ugariren antolakuntzan sartuta zaude.
Lan handia dago ekimen horien antolakuntzan, baina sakrifizio eta dedikazio guztiaren gainetik gailentzen da poztasuna. Poztasuna sentitzen dut, hain justu, ekimenak emaitzak ematen dituenean, edota ekintzek denboran aurrera jarraitzen dutenean, baina bereziki, urtero-urtero herritarren parte-hartzea handitzen dela ikustean. Gozamen hori herriarekin eta herritarrekin partekatzea da gehien gustatzen zaidana.
Ekimen horiek, baina, helburu ezberdinak dituzte oinarrian.
Hala da bai. Korostiko Igoera Bertikala, kasu, lasterketa bat den heinean, lehian oinarritzen da eta pisu berezia hartzen dute askotan denborak eta marka pertsonalek.
Aizkorrin Barrenak eta Gaztetxeko mendi ibilaldiek, ordea, beste kutsu bat dute, lagunkoiagoa; denborak ahaztuta, ibilbideaz gozatzea eta esperientzia albokoarekin partekatzea dute helburu.
Mendian ibiltzeaz gain, korrika ere egiten duzu.
Hamazazpi urterekin hasi nintzen mendian korrika, afizio gisa eta aparteko lehiakortasunik gabe. Aztiriko Mendi Lasterketan estreinatu nintzen, lagunarekin batera; mendiaz beste era batera gozatzeko aukera ederra lizatekeela pentsatu genuen.
Hala ere, ez zait iruditzen mendiaz gozatzearena formatu kontua denik, hau da, korrika eta oinez, bietara gozatu daiteke mendiaz, naturaz eta paisaiez. Norbere asmoa esango nuke dela oinarrian ikuspuntua aldararazten duena. Korrika lehiatzen bazara, erlojuari eta marka pertsonalari begira ariko zara, eta horrek beste pentsakera bat eman diezazuke mendiaz. Nik ez diet faktore horiei jaramonik egiten; nola korrika, hala oinez, gozatzen ahalegintzen naiz beti.
Korosti Trail hurrengo astean da.
Han izango naiz, noski. Ohi moduan, lagunekin egingo dut, eta denborari batere erreparatu gabe, helmugara sartzean gozatzea dut helburu. ■

