«Beti kalean ibili gara eta kalean denetik ikusi dugu»
Euxebio Zabalak (Zumarraga, 1958) Munduko Mus Txapelketa irabazi zuen 2017an, eta horregatik da ezaguna herritik kanpo. Baina herrian beste gauza askorengatik ere bada ezaguna: tabernari ohia, kalezalea…
Zabalak irakasle ikasketak egin zituen, baina soldadutzan bakarrik izan zen irakasle. Tabernaria izan zen, aseguruak saltzen ere lan egin zuen… Bere azken lana Elur Aipatu enpresan izan zen. Duela hiru urte hartu zuen erretiroa.
Zer diozu gurasoei buruz?
Aita Arteondokoa zen, Itziarkoa, eta ama Astigarretakoa. Aitak Orbegozon lan egin zuen eta amak etxean.
Legazpi auzokoa zara.
Hala da. Umetan oso ondo pasa genuen bertan. Auzokoak eta inguruko auzoetakoak jolasteko elkartzen ginen: futbolean, ezkutaketan, arkuekin eta geziekin… Lehengo gauzak. Garai hartako lagunak elkartu egiten gara oraindik: Skandeli, Josetxo Comontes, Iñaki Ibañez, Jon Gabilondo, Oscar Carro, Santi Perez…
Auzoa La Salle-Legazpi ikastetxearen ondoan dago. Han ikasi al zenuen?
Hasieran eskola publikoan ikasi nuen, eta ondoren La Sallera eta institutura joan nintzen. Handik Donostiara joan nintzen, Ategorrietara, irakasle ikasketak egitera.
Zergatik erabaki zenuen irakasle ikasketak egitea?
Ez dakit zergatik. Zerbait egin behar genuen eta… Oso gustura ibili nintzen Donostian.
Irakasle bezala lan egin al zenuen?
Ez. Ikasketak 1978an bukatu nituen eta ondoren Ceutara (Espainia) joan nintzen soldadutza egitera. 17 hilabete igaro nituen soldadu. Han eskolak eman nizkien eskolaldiko titulurik ez zuten soldadutzako kideei.
Soldadutza gogorra izan al zen?
Beno… Ia soldadutza osoa kalabozoan pasa nuen. Gauza bategatik edo besteagatik, beti barrura. Eskerrak eskolaldiko titulurik ez zutenei eta komandantearen semeari eskolak emateko aukera ere izan nuen… Egunero komandantearen etxera joaten nintzen, semeari eskolak ematera. Fisika eta matematika eskolak ematen nizkion. Erabateko espainolitoa zen, baina primeran konpondu ginen.
Zergatik pasa zenuen horrenbeste denbora kalabozoan?
Kalera militar jantziarekin ateratzeko agindua genuen, baina gu beti kaleko jantzita ateratzen ginen. Polizia Militarrak ikusten gintuen bakoitzean, «cogedle al vasco» (harrapatu euskalduna).
Ceuta espainiar guztien ahotan dabil orain.
Gertatu dena normala da: jendeak bizitza aurrera atera nahi du. Marokoarrak eta Marokotik behera bizi direnak gora joatea normala da.
Soldadutzatik itzuli zinenean ere irakasle lanean aritu al zinen?
Ez. Tabernetan lan egiten hasi nintzen. Nire lehen taberna herriko lehen pub-a izan zen: Motz. Baretak eta biok zerbitzari bezala lan egin genuen Anarekin eta Miguelekin. Aste batean beraiek lan egiten zuten, eta bestean guk. Berit tabernan ere lan egin nuen. Aseguruak saltzen ere aritu nintzen, Winterthur konpainiarekin. Azken urteak mantenu lanetan aritu nintzen, Elur Aipatu enpresan.
Zumarragako Txiki tabernako nagusia ere izan zinen.
Hiru bazkide ginen. Astegunetan, 12:00ak aldera irekitzen genuen eta 02:00etan-edo itxi. Asteburuetan, 17:00ak aldera irekitzen genuen eta festa bukatzen zenean ixten genuen: hurrengo eguneko eguerdian, edo arratsaldean… Jende askok gure tabernan bukatzen zuen parranda. Tiffany’s-etik jende asko joaten zen. Nik urte pare bat bakarrik egin nituen han, eta beste bi bazkideek hiruzpalau urte gehiago igaro zituzten. Oso oroitzapen ona dut. Giroa sekulakoa zen. Jende asko joaten zen, baita Ordiziatik eta Bergaratik ere. Rocka jartzen genuen: Rory Gallagher, Rolling Stones, The Specials… Lagun asko egin genituen.
Zergatik ez zinen irakasle lanean aritu?
Bokazioa banuen, baina irakaskuntza sistema ez nuen gustuko. Ez zetorren nire ideiekin bat. Bizitzak leku batera edo bestera eramaten zaitu…
Francoren heriotzaren ondorengo urteetan bizi izan zenuen gaztaroa. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Beti kalean ibili gara eta denetik ikusi dugu. Jende asko hil zen gure ondoan. Gure adinekoak baino gehiago, bizpahiru urte gazteagoak zirenak. Esperientzia berriak bizi nahi zituzten: hartu, probatu eta gero ezin askatu. Gu apur bat orekatuago geunden ordurako. Gainera, ezkerrekoak izateak lagundu egin zigun. Drogak beste aldekoek sartu zituztela pentsatzen genuen, eta hori izan zen mundu horretan ez sartzeko arrazoietako bat. Dena den, gure munduko jendea ere droga munduan sartu zen.
Makina bat parranda egindakoa zara. Ba al dago bereziki gogoratzen duzun bat?
Zaila da bat aukeratzea. Duela gutxi hil zen Iñaki Kerejetarekin egindako bat, adibidez. Ni baino zaharragoa zen, baina harremana genuen. Behin, ez dakit nola, gaupasa egin ondoren Beloki mendian bukatu genuen hango zezenak toreatzen.
Gazteen bizimodua asko aldatu al da?
Beno… Oraingoek astean parranda bat egiten dute, eta guk hiruzpalau parranda egiten genituen.
Zaletasunei dagokienez, musa asko gustatzen zaizu.
Betidanik. Txiki tabernan partida asko jokatzen genituen.
Norekin ikasi zenuen musean?
Aitarekin ikasi nuen. 12 urterekin jokatu nuen lehen txapelketan, aitarekin. La Salle-Legazpi ikastetxeko gimnasioan jokatu genuen lehen txapelketa hura. Lehen kanporaketa irabazi egin genuen, eta bigarrenean kanporatu egin gintuzten. Garai hartan asko jokatzen zen kartetan: musean, tutean… Aitarekin beste txapelketa pare bat jokatu nituen, eta ondoren lagunekin hasi nintzen. Unibertsitatean ere asko jokatu nuen kartetan: musean, tutean, eskoban…
Txapelketa asko irabazi dituzu.
2016an euskal kolektibitateen munduko txapelketa irabazi nuen, Juan Karlos Kortarekin. Inguruko herrietako txapelketa asko ere irabazi ditut: Alegian, Zaldibian… Txapel gutxi ditut gordeta: mundukoa eta Amalur elkartekoa.
Bikote finkoa al duzu musean aritzeko?
Kortarekin askotan jokatu dut, baina ez dut bikote finkorik. Herrian semearekin jokatzen dut.
Nola ikusten duzu musaren etorkizuna?
Musak ez du indarrik galdu, gazteek asko jokatzen dute. Gainera, asko ikasi dute. Guk baino gehiago pentsatzen dute. Gu agresiboagoak gara. Gazteek ezberdin jokatzen dute, baina ondo.
Sokamuturra eta halakoak ere asko gustatzen zaizkizu.
Hala da. Asko ibilitakoa naiz. Toki guztietan: herrian, Azkoitian, Bergaran… Parrandatik zezenetara, eta zezenetatik etxera.
Kolpe txarren bat jaso al zenuen?
Sustoren bat edo beste izan nuen. Behin, Azkoitiko jaietan, bigantxa batek ipurditik altxatu ninduen eta elizaren ondoan dagoen hesira bota ninduen. Hesiaren goialdean puntak daude eta begien aurrean ikusi nituen. Bi eskuak jarri eta gorputza atzera botatzea lortu nuen.
Futbola ere gustuko duzu.
Hala da. Kuadrilla mailan jokatu nuen. Urola sortu zenean ni gaztea nintzen, baina ez nuen egunero entrenatzera joateko gogorik. Gainera, Donostian ikasten nuen. Baina asko jokatu dut futbolean. Eta ondo, gainera. Hegalean jokatzen nuen, ezkerrean zein eskuinean.
Semeak Urolaren lehen taldean jokatzen du.
Urolaren partida guztietara joaten naiz. Semea aurrelari edo erdilari aritzen da gaur egun. Ondo dabil. Gustura, gainera. Hori da garrantzitsuena. 27 urte ditu dagoeneko, taldeko zaharrena da, eta kapitaina da.
Noiz hartu zenuen erretiroa?
Duela hiru urte. Gustura nago. Iratzargailuak ez du jotzen behintzat… Ez dut eguna betetzeko arazorik. Bazkaria prestatzen dut, eta arratsaldeetan mus partida jokatzera joaten naiz. Ondo bizi naiz. Lasai.
Beste zaletasunik ba al duzu?
Irakurtzea gustatzen zait, baina azkenaldian gutxi irakurri dut. Morfeo irakurtzen ari naiz. ■

