Familiaren usadioari jarraipena, belaunaldiz belaunaldi
Gipuzkoako eta Euskadiko ehiza xeheko txapelak irabazi ditu Aitzol Gorospek. Txikitatik ibili izan da mendian, aitarekin eta aitonarekin. Haiengandik jasotako zaletasunari lehiaketetan jarraipena ematen ari zaio.
Brinkolako Zubiaurre baserrian ehiza ez da atzoko kontua. Belaunaldiz belaunaldi transmititutako zaletasuna da, mendiko orduen, txakurren heziketaren eta familiaren arteko loturen bidez eraikia. Tradizio horri heldu dio Aitzol Gorospe Karrerak (Brinkola, Legazpi, 2008), eta, gainera, emaitza bikainak lortzen hasi da. Ibilbide horren azken erakusgarri dira Gipuzkoako eta Euskadiko ehiza xeheko txapelketetan gazteen mailan eskuratutako bi txapelak.
Zanbranan (Araba) jokatu berri dira bi txapelketak, eta bietan izan du alboan Lagun, baserrian bertan hazitako eta trebatutako txakurra. Gipuzkoakoan, bi faisai eta sei galeper ehizatu zituzten bien artean; Euskadikoan, berriz, eper bat eta hamasei galeper. «Poz handia izan da niretzat eta familiarentzat», azaldu du Gorospek. Garaipenek, gainera txapelketetan aurrera jarraitzeko «indarra» eman diote.
Iaztik txapelketetan
Iaz hasi zen txapelketetan lehiatzen, eta oraindik ibilbide laburra egin badu ere, esperientzia esanguratsua pilatzen ari da dagoeneko. Txakurra eta ehiztaria dira lehiaketaren bi ardatzak, eta bien arteko «komunikazioa» ezinbestekoa dela ziurtatu du. Txakurrak hegaztia bilatu behar du, eta ehiztariak, berriz, aurkitutako piezari aurre egin. Horregatik, bien arteko koordinazioa funtsezkoa da. Lagun-ekin, gainera, ez du harreman berria: eguneroko lana dago bien arteko loturaren atzean, eta haren prestakuntzak lehiaketetako emaitzek adinako garrantzia du legazpiarrarentzat.
Gorosperen ehizarako zaletasunak badu aurrekari argi bat familian. Iñigo aitaren zein Ramon aitonaren eskutik ezagutu zuen txikitan ehizaren mundua eta haiengandik jaso du gaur-gaurkoz baliatzen duen «ezagutza guztia». Ez da, ordea, familiako ohitura mantentzeko modu hutsa; elkarrekin partekatutako denbora ere bada.
Gaur egun ere tradizio horri eusteko eguneroko lanean dihardutela jakinarazi du Gorospek, hala nola txakurrak trebatzen eta elkarrekin ikasten. Hala, ehiza ez da soilik lehiaketara mugatzen; baserritik mendira eta menditik etxera doan eguneroko jarduna da.
Esperientzia pilatzen jarraitzea
Garaipenak orain iritsi dira Brinkolako Zubiaurre baserrira, baina ehizarako zaletasuna askoz lehenagokoa da. Orain, lehiaketetan esperientzia pilatzen jarraitzea eta bien arteko lana hobetzea du helburu. Izan ere, bi txapelen atzean ez dago emaitza soil bat: baserrian hasitako transmisio baten, mendian ikasitakoaren eta hiru belaunaldik elkarrekin egindako lanaren emaitza ere badira. ■

