«Gogorra izan da agur esatea horren urruti egonda»
Errugbiaren bitartez, hainbat tokitan bizi izan da Xabier Martin (Beasain, 2001). Errugbi jokalaria da, eta joan den denboraldia Zeelanda Berrian egin ondoren –Morrinsville eta Waikato taldeetan aritu da–, Goierrira itzuli da, Ordizia Rugby Elkartera.
Ingalaterran bizi izan zinen.
Ingalaterrara 2018an joan nintzen, 17 urterekin, Oaklands Collegera, Londresen iparraldean dagoen kirol eskolara. Errugbian jokatzera joan nintzen. Nire lagun mina den Mario han zegoen jokatzen, Wasps akademiako eskolan, beka batekin. Bere laguntzarekin, Saracenseko akademiarekin jarri nintzen harremanetan eta proba batzuk egitera gonbidatu ninduten. Aitarekin, maletak egin eta Londresera abiatu ginen. Proben ondoren eskolan onartu ninduten errugbi taldean jokatzeko, Saracenseko akademian. Bi urtez egon nintzen han. Jokalarientzat etxeak zituzten, eta nire taldekideekin bizi izan nintzen. Oso zoriontsu izan nintzen, bai errugbian, bai egunerokotasunean. Askorekin harremanetan jarraitzen dut, haien ezkontzetara joan naiz eta Euskal Herria ere bisitatu dute batzuek. Benetako lagunak egin nituen eta asko maite ditut.
Alcobendasen izan zinen gero, handik Ordiziara itzuli, baina ez askorako, Zeelanda Berriko aukera suertatu zitzaizulako. Nola izan zen hori?
Beti Zeelanda Berrira joan nahian ibili nintzen, eta behin ikasketak bukatutakoan –Fisioterapia eta Jarduera Fisikoen Zientziak–, aukera ikusi nuen. Hango lurralde batzuetako hainbat errugbi talde jokalari bila zebiltzan denboraldirako; nire profila gustatu zitzaienean akordioa sinatu eta gure abentura hasi zen.
Errugbilarientzat Zeelanda Berrian jokatzea amets bat izango da.
Haien zati handi bat da errugbia, haur guztiek nahi dute All Black-a izan. Gidatzen zoazenean, edozein etxetako zelaian errugbi makilak ikus ditzakezu. Herri txikietako klubetatik hiri garrantzitsuenetako estadio handietara, errugbia jarraitzen dute.
Errugbia ezberdina da han eta hemen?
Zeelanda Berrian oso maila altukoa da. Jokalari bakoitzak duen trebezia teknikoa da gehien azpimarratuko nukeena. Erasoan gehien bat, bai defentsa puskatzeko, bai zirrikitu berriak sortzeko. Etxean errugbia oso taktikoa da, taldeak hobeto landuta daude eta horrek jokoa geldoagoa eta estrategikoagoa bihurtzen du.
Nolakoa izan zen harrera?
Oso gertukoa, hasieratik. Taldeko kide guztiak gertukoak izan dira, baita herritarrak ere. Taldeak kultura handia du, hasieratik haka erakusten dute bazkarietan… Aurkezpen egunetik, taldeko kide sentiarazi ninduten.
Ingelesa jada bazenekien. Ingalaterratik, ezta?
Bai, aurretik txukun hitz egiten nuen, baina britainiar hizkera dut. Orain leku askotako nahasketa bat dirudi nire ingelesak.
Nolakoa zen zure egunerokotasuna han?
Goizean goiz esnatu eta gimnasioan lanean hasten nintzen, gero gimnasioko entrenamendua egiten genuen, bazkaldu eta gero eskolako 15 urte azpiko taldea entrenatzen nuen. Arratsaldean, taldearekin entrenatzen genuen zelaian, astelehenetan Waikatokin. Herriko gimnasioan klubeko lagun handi batekin egon naiz lanean, eta oso gustura aritu naiz.
Urte erdia baino gehiago egin duzu han. Oso ezberdina da bizimodua?
Bizitza oso lasaia da, egunak errugbirako prestatzen pasatzen genituen. Zelaitik kanpoko kultura handia dago. Ostegunero, klubean afaltzen genuen, kafea hartzeko gelditzen ginen, edo egun pasa joateko. Baina kale giroa, Euskal Herrian bezalakoa, inon ez.
Aisialdian zer egiten zenuen? Bidaiatzeko aukerarik izan duzu?
Lagunekin gelditzen nintzen asko; kafea hartu, hitz egin, afaldu… Plan asko egin zitezkeen: hondartzan arrantza, mendira igo, baserrian lan egin, kontzertuetara joan. Lehenengo bi hilabeteetan, furgonetarekin ibili ginen iparreko eta hegoko irlak ikusten. Gauza asko ikusi dugu. Herrialde zoragarria da; jendearen tratua, paisaia ezberdinak… Baina gehien kultura gustatu zait. Maori hizkuntza pixka bat ikasi dut, eta haien etxeetara ere joan naiz bisitan. Maraeak dira etxaldeak. Maori historia eta kultura oso gertukoa sentitu dut; ohiturak, janak, abestiak… eta hakak egin ditut. Oso berezia da.
Kalean entzuten al da hizkuntza?
Maori kultura asko nabari da egunerokotasunean, biztanleriaren zati handi bat maoria da eta. Kalean ez da Te Reo Maoria entzuten, oso hizkuntza txikia da, eta etxean bakarrik erabiltzen dute. Errepresio handia izan zuen bere garaian, eta orain hizkuntza zabaltzen saiatzen ari dira. Eskolan Kapa Haka bitartez bultzatzen da Te Reoa; hakak eta abestiak ikasten dituzte, maori kultura barneratu dezaten. Euskaldunok zorte handia daukagu gure arbasoek gure euskara bizirik mantentzeko borrokatu zuten guztiarekin.
Abuztuan itzuli zinen, eta Ordizian jokatzen hasi zara.
Gogorra izan da agur esatea horren urruti egonda. Etxean jokatuko dut berriro. Etxean egoteko gogoa ere badut, senideekin baserrian egoteko eta kuadrillako lagunak ikusteko.
Zer sumatuko duzu faltan gehien?
Betirako egindako lagunak. Ezin dut sinetsi asko berriro ikusi arte urteak pasatuko direnik. Errugbi kultura asko sumatuko dut faltan, baita belarrezko zelai zabalak ere. Pena handiz agurtu dut herrialde zoragarri hura. Eskerrak munduko lekurik onenera bueltatu naizen. ■
