Segura, mende erdia dantzan
Baratze pilotalekuko oholtzak Euskal Herriko dantzari onenak hartu ditu, 50. urte betetzen dituen txapelketaren aitzakian. Tere Madinabeitia
Dantza solteak urteko hitzordu garrantzitsuena du bihar Seguran, Euskal Herriko txapelkearekin. Duela 50 urte sortua, osasuntsu iritsi da gaur egunera, herriaren eta herriaterren bultzadari eta kemenari esker.
Euskal Herriko dantza solteko txapelketak 2001ean 25 urte bete zituenean, Mari Karmen eta Lierni Elorza ahizpek liburua idatzi zuten Segurako Udalaren eskariz, etapa haren lekukotasuna biltzeko. Atarikoa Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakari Xabier Mendizabalek egin zuen, eta hauxe idatzi zuen: «Zerbaiti hasiera ematea zaila baldin bada, zailagoa da irautea». Ordutik beste 25 urte igaro dira, eta esaldi horrek oraindik zentzu handiagoa hartzen du orain, txapelketak bizirik eta indartsu jarraitzen duelako.
Aurten 50 urte bete ditu euskal dantzari onenen topaketak, eta ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu dute Seguran, mende erdia ospatzeko. Badira aste batzuk ospakizunak hasi zirela, baina bihar, urriak 17, izango da egun handia. Hitzordua eguerdirako dago jarrita, Baratze pilotalekuan. Bertan bilduko dira Euskal Herriko tituluaren bila lehiatuko diren bederatzi dantzari bikoteak, Kriseilu txistulari taldeko kideekin eta Eztanga anai-arreba trikitilariekin batera. Euskal Telebistako kamerak ere bertan izango dira, 1994an ezarritako emisio ohiturarekin beste urte batez jarraitzeko. Publikoak urtero izan duen harrera bikaina errepikatzen bada, dantza festa ziurtatuta dago.
Guillermo Areizagaren ekimena
Biharkoa egun handia izango bada ere, are handiagoa izan zen duela 50 urte euskal kulturaren eta ondarearen ikurretako bat bihurtu den topaketaren hasierakoa.
Segurako Udalak antolatuta, 1977ko ekainaren 26a egin zen lehen aldiz txapelketa, orduan alkate zen Guillermo Areizaga Intxaustiren ekimenez, eta segurar ugariren elkarlanari esker. San Joan jaiak ziren, eta gaur Frontoi Zaharra bezala ezagutzen den Beti Alai Aste Ta Jai pilotalekua izan zen tokia.
Areizaga izan zen txapelketaren sortzaile eta sustatzaile nagusia, eta txapelketa herriaren ikur bilakatzea lortu zuen. Hainbesterainokoa izan zen lehen edizioen arrakasta, 1981ean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak txapelketa betiko Seguran egitea onartu zuela, udalaren eskariz. 50 urtera, Guillermo Areizagaren izenak estuki lotuta jarraitzen du txapelketa horrekin. Bera 1991n hil zen, eta hiru urte geroago haren omenezko saria sortu zuten: Guillermo Areizaga Saria, lehen aldiz aurkezten diren bikoteen artean hobekien sailkatutakoei ematen zaiena.
1977ko lehen edizioan, fandangoa eta arin-arina oinarri hartuta, 18 bikote igo ziren oholtzara frontoi zaharrean, txistularien doinuek lagunduta eta Migel Telleria aurkezle zela. Goizetik sailkapen saioak izan ziren, eta arratsaldean finalak. Finalistek ohorezko ibilbidea egin zuten udaletxetik pilotalekura, epaimahaikideek eta agintariek lagunduta, aurretik herriko bi ume baserritarrez jantzita zituztela. Ohitura hori 1982ra arte mantendu zen.
Lehen irabazleak Hernaniko Juanito Salegi eta Lezoko Lurdes Lopetegi izan ziren. Nestor Basterretxeak propio egindako garaikurra jaso zuten, bietako baten herriko udaletxean hurrengo ediziora arte gordetzeko. Horrez gain, urrezko domina, txapela, lepokoa eta 15.000 pezeta [90,15 euro trukera]. Partaide guztiek jaso zuten 1.000 pezetako [6 euro] dieta, eta txapelketa amaitutakoan, otordua herri afarian egin zuten.
Publiko ugari erakarri zuen lehen txapelketak frontoi zaharrera, eta oihartzun handia izan zuen komunikabideetan. Bi horiek edizio guztietan errepikatutako faktoreak izan dira.
Frontoi zaharrean hasi zen guztia
Ordutik, asko dira txapelketak bidean utzitako gertakariak, musika aldaketak eta istorio interesgarriak, eta Frontoi Zaharra izan zen lehen urteetan gertatutako guztien lekuko.
Txapelketa Beti Alai Aste Ta Jai pilotaleku horretan egin zen 1982ra arte. Urte hartan inauguratu zen Baratze pilotaleku estalia, eta 1983tik han egin da urtero. Frontoi Zaharra estali gabea zen, eta ez zituen Baratzek dituen zerbitzuak, aldagelak adibidez. Aldagela zerbitzu hori Imaz hoteleko jangelak eman zuen lehen urteetan. Euriak ere harrapatu zituen 1980an dantzariak eta frontoian elkartutako guztiak, eta horregatik elizaren babesean egin behar izan zuten urte hartako sari banaketa ekitaldia.
Taulatua jartzeko lanetan, berriz, hasierako urteetan herritar boluntarioak aritzen ziren. Laureano Telleria zen horietako bat, eta horrela gogoratu zituen lan haiek: «Toldoak jartzeko, arbolatik arbolara Martin igeltseroaren kableak pasatzen genituen eta han, Beasaingo estaziotik ekarritako toldoak erantsi. Eszenatokia herriko igeltseroek jartzen zuten». Publikoarentzako aulkiak jartzea, txartelak saltzea eta sarrera kontrolatzea ziren egin beharreko beste lanetako batzuk.
Gaur Baratzen egiten diren lanak bestelakoak dira, noski. Txapelketa hara aldatutakoan gauzak «asko erraztu» ziren, Telleriaren esanetan: «Eguraldiaren segurantzia dago, eta askoz ere aulki gutxiago jarri behar dira». Pilotaleku berrian agertoki bat baino gehiago jarri izan dituzte, bat 2008tik 2019ra arte erabili zutena. 2019an berria egin zuten, eta haize berria eman zioten horrela txapelketari.
Urte asko igaro dira dantzak Frontoi Zaharra utzi zuenetik, baina segurarrek ez dute ahazteko txapelketaren historian izan zuen garrantzia. Hala, aurten 50. urteurrena dela eta, keinua egin diote jatorrizko leku horri Arantxa Garinek edizio honetarako egindako kartelean. Bihar, berriz, jatorrira itzuliko da txapelketa aldi baterako, frontoi zaharrean zuzenean ikusi ahal izango delako pantaila erraldoi batean. Bazkaria egingo dute ondoren karpan.
Txistua, trikitia eta doinu propioak
Lekua eta txapelketaren formatua bakarrik ez, dantzariek dantzatzen dituzten piezak eta doinuak ere aldatu dira urte hauetan guztietan. Lehen urteetan, 1981era arte, txistulariek bakarrik jotzen zuten fandangoa eta arin-arina, baina urte hartan trikitilariak hasi ziren arin-arina jotzen, piezari eta dantzari bizitasuna emateko
Ixilkara txistulari taldea sortu zuten propio txapelketarako, eta lehen urteetako taldean Segurako Joxemari Telleria zen lehen txistua, Ordiziako Jose Manuel Bergara bigarren txistua, Idiazabalgo Naxario Telleria silbotea, eta Ordiziako Xabier Lekuona atabala. Urte askoan ibili ziren, eta bi Telleriak 25na urte egin zituzten, gutxienez. Trikitilariak ere aldatzen joan dira: Martin eta Iturbe, Martin eta lmanol, Zabale anaiak, Iparragirre eta San Jose… aritu dira jotzen. 1994tik, Estanga anai-arrebak arduratzen dira trikiti doinuez.
Lehen urteetan hamar fandango eta hamar arin-arin aukeratzen zituzten musikariek, eta zozketan erabakitzen zuten bikote bakoitzak zerekin dantzatu. Baina dantzariak konforme ez, batzuei besteei baino pieza errazagoa tokatzen zitzaielako, eta guztientzat fandango eta arin-arin bakarra izateko, lehiaketa bat sortu zuten doinu horiek sortzeko. Lehiaketa 1986tik 1995era egin zuten, eta lehen urtean ‘Segura’ izenarekin Tomas Garbizuk irabazi zituen biak, fandangoa eta arin-arina.
Orain Kriseilu txistulari taldea aritzen da fandangoa jotzen, eta azken urteetan Estanga anai-arrebak arin-arina trikitiarekin eta panderoarekin.
Hala ere, musika baino gehiago, txapelketaaren benetako protagonistak dantzariak dira.
Aurten ere, urtero bezala, partaide gehienak gipuzkoarrak izango dira, nonbait lurralde honetan txapelketa mota horretarako ohitura handiagoa dagoelako. Bizkaitar gutxiago lehiatzen dira, eta arabarrak zer esanik ez. Nafarroatik etortzen dira dantzatzera, lehen bikoteak 1985ean bidea ireki zuenetik. Ipar Euskal Herriko lehenak 1986an iritsi ziren.
Irabazleak ere gipuzkoarrak izan dira gehienak, eta sari nagusia lau alditan bakarrik atera da Gipuzkoatik 50 urte hauetan. Bizkaira, hain zuzen: 1979an Zaldibarrera, 2010ean Sestaora, 2013an Santurtzira eta 2021ean Sopelara.
Dantzariak 16 urtetik gorakoak izan behar ziren hasieran, baina 1981ean 15 urtera jaitsi zuten muga. Lurdes Esnaola lezoarrak gogoan du zergatik jaitsi zuten adina: «Txikien maila 14 urtera arte zenez, 15 urtekoak ezin ziren lehiatu, ez txikietan ez handietan. Horregatik jaitsi zuten adina, eta horrela dantzatu ahal izan nuen nik 15 urterekin».
Eta nola dantzatu, gainera, irabazi egin zuelako, Jose Juan Ugalde bikote zuela, baita hurrengo bi edizioetan ere. «Lehen urtean asko kostatu zitzaigun finalerako sailkatzea. Guri pieza bat ezezaguna tokatu zitzaigun, eta txapelketa prestatzeko hainbeste lan egin eta gero, ez nuen batere disfrutatu. Gure atzeko. bikoteari, berriz, ‘Andre Madalen’ tokatu zitzaion. Baina sailkatu ginen, eta finalean trikitiarekin dantzatuta eta denek pieza berdina gainera, orduan irabazi genuen».
Basterretxearen garaikurra
Txapelketa hirutan jarraian irabazteagatik, garaikur nagusia herrira behin betiko eramateko eskubidea ere eskuratu zuten lehen aldiz Lurdes Esnaolak eta Jose Juan Ugaldek; kasu horretan, Hernanira. Hiru urtean segidan edo bost urtean hiru aldiz txandaka irabazteagatik, zortzi dira garaikur hori irabazi duten bikoteak. Zazpi garaikur Nestor Basterretxearenak ziren. Basterretxeak propio egin zituen garaikur horiek Segurako txapelketarako, batere kobratu gabe. Udalak kopiak ditu gordeta 2009tik, udaletxean.
Azken bikote irabazleak Aitor Ruiz de Eginoren eskultura jaso zuten, 2019an estreinatu eta gero. 2024an Koldobika Jauregi alkizarraren azken lanetako bat izan zen txapelketaren sari nagusia.
Sari gehiago ere banatzen dira. Txapela eta zapia, adibidez. Lehen aldietan Segurako mojek brodatzen zituzten eskuz, eta ondoren, urte askoan, Milagros Agirrek egin zituen. Beste garaikur batzuk ere banatzen dira, eta 1984tik aurrera, baita makila ere.
Segurako dantzari gutxi
Segurarren ikur bihurtu da urte hauetan guztietan dantza txapelketa, eta segurar askoren partaidetza du urtetik urtera. Baina ez dantzarien artean, 50 urtean lauk bakarrik parte hartu dutelako.
Lehen segurarrak 1979an igo ziren taulatura, Mari Karmen Elortza zena eta Rafael Gerriko. Gerrikok honela gogoratu du dantza ekinaldi hura: «Gu ez ginen dantza eskolan ibilitakoak, etxean ikasitakoak baizik. Atrebentzia ikaragarriarekin parte hartu genuen. Beldurra eta urduritasuna pasatu genituen, baina esperientzia polita izan zen». Sari nagusirik ez zuten lortu, baina jantzi onenarena irabazi zuten. «Niri saria alkandorarengatik eman zidaten. Duela 100 urte egindakoa da, nire aita zenarena zen, eta oraindik badaukat. Jostunek askotan eskatu izan didate, kopiatzeko. Mari Karmeni artilezko galtzerdiak goraipatu zizkioten».
Harrezkero, beste bi herritarrek ere parte hartu dute. Miren Gallastegi da bat. Bost alditan lehiatu zen, 1999tik 2003ra arte. «Antton Fernandezekin dantza egin nuen. Dantza txiki-txikitatik bizi izan dut. Amak udaletxean lan asko egin du txapelketa honetan hasieratik, eta Nestor Basterretxearen trofeoak gure etxetik pasatakoak ziren. Etxean beti ezagutu duzun txapelketan parte hartu ahal izatea izugarria izan zen, eta lehen urtean, oholtzara igotzean sentitu nuen emozioa herriaren aurrean, ikaragarria izan zen». Saioa Arostegi da laugarren herritarra; 1999an eta 2000n parte hartu zuen. ■


