Zuloa ikusi duenak, badaki zer den gogoa
Josu Viana zumarragarra. Asier Zaldua.
Josu Vianak (Zumarraga, 1989) ludopatiaren arriskuak bere larruan bizi izan ditu. Urtetako lanketak arazoa gainditzera eraman du. Gaur egun, menpekotasuna prebenitzeko hitzaldiak ematen ditu.
Viana 18 urterekin hasi zen apustuak egiten, unibertsitatean zebilela. Euro batekoak ziren hasieran, baina denborarekin apustuen maiztasuna eta jokatzen zuen diru kopurua handitzen joan ziren. Arazoa onartzea kosta bazitzaion ere, errehabilitatzeko bidea hasi zuen.
Orain dela 4 urte eta erdi hasi zen zumarragarra ludopatiaren inguruko hitzaldiak ematen. Bi gauzak animatu zuten bere esperientzia kontatzera: «Ludopatiaren gaiari ikusgarritasuna emateko, eta prebentzio lan bat egiteko». Ikastetxeetara joaten da ikasleekin, irakasleekin edo gurasoekin prebentzio saio horiek ematera. Saioetan ez du ez probatzeko esaten, «gazteek helduengan ikusten dutena probatu nahi izatea normala delako».
Mugak eta laguntza
Bi kontzeptu azpimarratu ohi ditu Vianak hitzaldietan: mugak jartzea eta laguntza eskatzea: «Adibidez, apustuak egitea probatu nahi baduzu, hilabeteko 5 euroko muga jar ezazu, eta 5 euro horiek baino zentimo bat gehiago ere ez gastatu apustuetan. Bigarrena, ezarri duzun muga gainditu duzula ikusten duzun momentuan, konfiantzazko norbaiti esan». Lagunekin, irakaslearekin edo senideekin partekatzea gomendatzen du, «arazo bat partekatzen duzunean txikiagoa bihurtzen delako».
Ludopatiari isilpeko adikzioa esaten diotela ere kontatu du Vianak: «Bizitza normala eramaten duzun bitartean, apustuak egiten egon zaitezke ezkutuan». Bere kasuan, adibidez, mugikorretik bakarrik egiten zituen apustuak, beraz isilpean gelditzen zen. Horretaz gain, apustuek bi elementu nagusi dituztela azaldu du: «Dopamina eta dirua irabazteko fantasia. Joko aretoak jendea menpeko bihurtzeko pentsatuta daude».
Joko aretoen filosofia
Apustu etxeen atzetik psikologo eta psikiatra onenak daudela dio zumarragarrak. «Gizakiaren buruaz eta portaeraz inork baino hobeto dakiten pertsonak». Apustua egiteko moduak nola aldatu diren ere azaldu du: «Lehen, asteburuan hamar futbol partida bazeuden, egin zenezakeen apustu bakarra hamar partida horien emaitzarena zen. Orain, ordea, nork sartuko duen hurrengo gola, nori aterako dioten hurrengo txartela eta beste gauza askorekin egin liteke. Beraz, imajinatu hamar partida horietan zenbat apustu egin daitezkeen». Jendea «menpeko bihurtu» nahi dute, «beraien patrikak betetzeko» helburuarekin: «Pertsona batek horren aurka egitea zaila denez, nire borroka prebentzio lanean oinarritzen da., ahalik eta jende gutxien eror dadin menpekotasunean». ■
