Zumarragako Fermin Pildain gerrillaria
XIX. mendeko Frantsestean, frantsesen eta Bonaparteren aurka borrokatu zen Pildain zumarragarra. Balio estrategiko handiko agiriak ostu zituen, baina Gaspar Jauregi ‘Artzaia’ saritu zuten.
Antzuolaren, Bergararen eta Urretxu-Zumarragaren historiari lotutako pertsonaietako bat Fermin Pildain Ugarte gerrillaria dugu, XIX. mendean Frantsestadan borrokan aritu eta hil zen gaztea. Ezagutu dezagun.
Pildain Zumarragan jaio zen, 1787ko abenduaren 10ean. Jose Meyer idazleak Goiburu baserrian kokatzen du jaiotetxea. Gazte zelarik, Napoleonen inbasioa bizi izan zuen. Artzaina zen, eta frantsesek artaldeko arkumerik onenak sarri konfiskatzen zizkiotenez, haserre, matxino bihurtu zela dio kondairak.
1808an, 21 urte zituela, Pildainek ikusten zuen ostiralero igarotzen zela Paristik zetorren frantses diligentzia Deskarga mendatetik, maleta diplomatikoarekin kuartel nagusirako bidean, lau arkabuzarik zainduta. Pildainek artzain-gerrillari kuadrilla bat inprobisatu zuen hura erasotzearren, baina lehen ahaleginean –eskoltak ikaraturik– huts egin zuten.
Tematia izanik, beste eraso-plan bat aztertu zuen. Hurrengo ostiralean diligentzia Deskargara iritsi zenean, Etxola izeneko parajean ibilgailua eraso zuen taldeak, eskolta militarra ustekabean hartuta. Borroka latzean, soldadu bat hil eta beste batzuk zauritu zituzten.
Pildainek kutxa gutiziatua zabaldu, eta espero gabekoa aurkitu zuen: dokumentuak, eta ez soldaduen soldata-dirua. Egun batzuen ondoren, Pildainek Iruñeko erregeordeari jakinaraztea erabaki zuen. Erdaraz ez zekienez, artzain eta gerrilla-kide lagun gazte baten interprete laguntza eskatu zuen, Gaspar Jauregi urretxuarrarena, Iñaki Linazasororen arabera.
Iruñean, bi artzainak gela ofizialetan sartu ziren. Gertatutakoa azaldu eta kutxa entregatu zuten. Gobernariek edukia gogoz irakurri zuten: frantsesek gure lurraldean egin beharreko plangintza zuen. Erregeordeak, halako ausardia izan zuen gerrillariaz interesaturik, bi artzainei galdetu zien:
—¿Quién de ustedes ha hecho esta hazaña? [Nork egin du halako azioa?]
Jauregik galdera euskaratu zion Pildaini. Pildainek, arazoak saihestearren, hala erantzun zion lagunari:
—Esan zak hi izan haizela.
Sari gisa, Gaspar Jauregi Artzaia ofizial mailara igo zuten, eta Pildain, eskudirutan sari baten zain, xentimorik gabe geratu zen.
Pildainek, atsedenik hartu gabe, frantsesen aurkako gerrillan jarraitu zuen. Hala, Pildaini buruz esaten da bere behorra alderantziz ferratzera iritsi zela, etsaiari oinatzak nahasteko.
Jauregi koronel mailara iritsi zen eta Zumalakarregik idazten irakatsi zion. Lehen karlistaldian liberalen alde egin zuen, eta Zumalakarregiren aurka borrokatu zen. Arabako komandante jeneral gisa hil zen Jauregi. Pildainen itzultzailea izan ote zen?
Kalebarrenen Napoleon hiltzeko zain
1808an Napoleon Bonapartek Goierri zeharkatu zuen. Espainia eta haren gobernua bereganatuak zituen, anaia Jose Bonaparte estatuburu jarrita. Hainbat matxinada izan ziren haren kontra, eta egoera kontrolatzera Espainiaratu zen.
Azaroaren 2an, Madrilerako bidean, Napoleon Zumarragara iritsi zen. Udalak 30 dantzarirekin ohiturazko ezpata-dantza egin zion. Egoera nahasian, frantsesen kontrako giroa zegoen. Hala, arrazoi pisuzkorik gabe dantzara joaten ez zen dantzariari 8 errealeko isuna jarriko ziola mehatxatu zuen udalak.
Napoleon akabatu nahi zutenen artean Fermin Pildain zegoen. Urretxuren eta Zumarragaren arteko Zubimusu zubitik 150 metrora leiho batean jarri zen enperadoreari tiro egiteko; baina ez zuen egin, eskolta handia zeramalako Napoleonek, eta Pildainek ezin izango zuelako ihes egin.
Eta Pildainek diana egin izan balu? Zubimusu historia liburu guztietan agertuko zen. Antxon Agirre Sorondok zioenez, Europak ez zukeen Frantziako Inperio Handia ezagutuko, eta kontinentean jurisprudentzia ezarri zuen Napoleonen Kode Zibilik gabe, ideia iraultzaileak ez ziren azkar hedatuko. Gurea bestelako mundua zatekeen.
Fermin Pildainen heriotza
1812ko otsailaren 12ko goizean, Pildain artaldea zaintzen ari zen Bergarako Bonbulu aldean. Bat-batean, Frantziako lotune bat ikusi zuen Urretxurantz, mugarako bidean zaldian lauhazka. Berehala behorra hartu, eta lasterbidez frantsesa aurreratu zuen. Deskarga hasierako Olamendi baserri inguruan mezularia paretik pasatzean eraso zion, zorigaiztoz frantsesaren arkabuzari tiro batek ihes egin, eta Pildain bete-betean jo zuen. Berehala hil zen.
Antzuolarrek, heroi gisa, Antiguako baseliza barnean, ate aurrean ehortzi zuten, harzolan eginiko biribil baten azpian. 24 urte zituen. Fermin Pildain gerrillariaren hilobia 1970era arte egon zen Antigua ermitan. Urte hartan lurra berritu zuten, eta Pildainen gorpuzkiak erretiratu zituzten. Oraindik hango amamek oroimenean dute. Eta agian orain, antzuolar askok jakingo dute zergatik antzina ermitako serorak, ofizioen amaieran, «Pater Noster bat Pildainen alde» eskatzen zuen. ■



