Santa Rita
Duela 15 urte Napoka Iria ezagutu nuen Lasarteko taberna batean. Bigarren diskoa argitaratu berria zuen, Lehertarazi edifizioak. Gogoan dut conga bat dantzatuz amaitu genuela.
Duela 15 urte, bospasei diskoetxeren artean (Elkar, Gaztelupeko Hotsak, Gor, Baga Biga, Bidehuts, Bonberenea Ekintzak…) banatzen zen Euskal Herriko disko ekoizpenaren zatirik esanguratsuena.
Duela 15 urte, Durangoko Azokan 63 disko aurkeztu ziren, horien artean Berri Txarrak, Su Ta Gar, Rafa Rueda, Ruper Ordorika, Lain, Hesian, Anai Arrebak edota The Sparteens-enak.
Duela 15 urte, Elena Lopez Agirrek Historia del Rock Vasco: edozein herriko jaixetan argitaratu zuen, 600 orrialdetik gorako liburukotea.
Duela 15 urte, Amy Winehouse hil zen. Aste batzuk lehenago bertan behera utzi zuen BBK Live jaialdian eman behar zuen kontzertua.
Pedro San Martin ere hil zen duela 15 urte, La Buena Vida taldeko baxu jotzailea, auto istripuan. Asko sentitu nuen.
Duela 15 urte, Bill Callahan ikusi nuen Donostiako Antzoki Zaharrean. Gogoan dut abesten hastearekin batera –“it’s never easy to say goodbye”– hunkitu egin nintzela.
Duela 15 urte Berri Txarrak-ek egin zuen Herri Urratseko abestia (Laku bat munduan), Ze Esatek taldeak Kilometrotakoa (Klik), eta Gosek Korrikakoa (Euskalakari).
Duela 15 urte, musikaren eragin baltsamikoa egiaztatu nuen, hegaldi bat galdu ostean guztiz pott eginda etxera itzuli eta Low taldearen C’mon diskoa jarri nuenean.
Duela 15 urte, Negua joan da abestia bolbora bezala zabaltzen hasi zen, batez ere zeinu hizkuntza erabiltzen zuen bideokliparen arrakastari esker. Handik gutxira beste esanahi bat hartuko zuen abestiak.
Duela 15 urte, Conxitaren Santa Rita, Santa Rita diskoa entzuten ari nintzen, ETAren behin betiko su-etenaren albistea jaso nuenean. ■

