Bakailaotarako sarea, ahaztetik arrantzatua
‘Fontefria’ eta ‘Navacerrada’ bakailao-ontzi bikiak, Saint-Pierre eta Mikeleuneko portuan lotuta. Yvonne Andrieux-en funtsa
Ternuan bakailao arrantzarako asmatutako sare berritzaile baten egiletza eta planoa aurkitu ditu Xabier Iberoaga Garmendia itsas kapitan lazkaotarrak. Jose Maiza patroiak sortu zuen, eta anaiak gorde du sekretua.
Lazkaoko eta Goierriko itsasgizonei buruzko ikerketak espero gabeko fruitu bat gehiago eman du. Xabier Iberoaga Garmendia itsas kapitaina egiten ari den araketan, Ternuan bakailaoa arrantzatzeko ideiatutako sare berritzaile baten berri izan du. Jose Maiza patroiak asmatu zuen Amezketa izeneko sarea, itsasontzi bikiek batera erabiltzeko, eta Roberto Maiza anaiaren –patroi izana bera ere– Donostiako etxean aurkitu du.
Dokumentuaren aurkikuntza «aparta» da, eta ahanzturatik atera da «itsas zabal handiko arrantza historiaren funtsezko gertaera bat», Iberoagak azaldu duenez. Bikotean arrantzatzeko arraste-sare berritzailearen planoa 1948koa da, eta jatorrizkoa da.
Lehorreko itsasgizonen zerrenda osatzeko lanetan, Amezketako (Gipuzkoa) Jose eta Roberto Maiza Galartza anaienganaino iritsi zen Iberoaga. Patroi modura lan egin zuten biek. Jose Maizak ezagutza sakonak zituen arrantza-aparailuetan, haren alaba Elodia Maizak kontatu dionez, eta 60 urtean etxean eduki dute aitaren asmakuntzaren sekretua.
Planoaren jatorria 1948. urtean kokatzen da, Ipar Atlantikoko arrantza-toki zailetan bakailao-arrantzaren goraldi betean. Ramon Conde armadoreak, Huelvako (Espainia) RAMICOMAR arrantza-konpainia ezagunaren jabeak, apustu handia egin zuen, eta bi bakailao-ontzi biki erosi zituen: Bonaigua eta Fontefria. «Itsasontzi horiek tresnatzeko eta Ternuako eta Groenlandiako kanpaina arriskutsuetan arrakasta bermatzeko, Jose Maizaren talentu teknikoaz fidatu zen Conde. Erronka izugarria zen: bikoteko arrantza-artea diseinatzea, non bi ontziek paraleloan nabigatzen baitzuten sare erraldoi bakar bat arrastean eramanez; eta iparraldeko korronteak, izotza eta hondoak jasateko gai izango zen sarea erabiliz», dio Iberoagak, Jonmikel Intsausti kolaboratzaileak jasotako txostenean.
Oharrak eskuz idatzita
Sarearen jatorrizko planoa aurkikuntza bikaina izan da. Jose Maizak bertan eskuz idatzitako oharrek «museoko pieza kategoriara» igotzen dute dokumentua. Planoa arraste-berunezko trailaren zirriborro bat baizik ez da, baina idatziek «ofizioaren sekretuak» erakusten dituzte, ikertzailearen iritziz. «Bertan daude patroiak eskuz idatzitako zuzenketak, oharrak eta soluzioak, itsasoan izandako esperientzian oinarriturik idatzi zituenak. Sareetan doikuntzak, bi itsasontziek batera tira eginez eragindako tentsioari aurre egiteko errefortzuak, eta egituran aplikatutako aldaketa estrukturalak ageri dira».
Maizaren asmakuntzak Bonaigua eta Fontefria ontzien sarea «oso aparailu eraginkorra» bihurtu zuen. Armadorea andaluziarra izan arren, Pasaiako portuan (Gipuzkoa) zeukan basea, eta handik ateratzen ziren barku bikiak Ipar Atlantikoko arrantzaldietara. Lehenago, Copiba konpainia galiziarrarenak izan ziren, eta 1962an erosi zituen armadore andaluziarrak haren lau bouak. 1973an baja eman, eta hurrengo urtean desegin zituzten. Hala, kapitain, ofizial eta buru asko euskaldunak ziren konpainia hartan.
Bakailaoaren arrantza XX. mendean altuerako arrantza-modalitate emankorrena bihurtu zen, Hego Euskal Herrian, Galizian eta Espainian. Eta 1936ko Gerraren ondorengo gosete eta gabezia garaietan, estatuaren elikadura sustengu garrantzitsua izan zen. Sakrifikatua zen langintza, Ternuako Sarda Handietaraino joan eta hango baldintza gordinetan aritu behar baitzen.
Bikotekako arrantza, bestetik, «teknikoki zorrotzenetakoa» izan zen. Ohiko arrastean edo klasikoan ontzi bakar batek bere aparailua edo sarea arrastatzen baldin badu, bikotekakoan bi ontzi berdinek edo bikik eramaten zuten sarea; «zehaztasun milimetrikoko lana zen». Copibaren itsasontzi bakoitzak 700 tona bakailao kargatzeko ahalmena zeukan, Pasaiako PYSBErenak baino txikiagoak (haiek, 1.000 tona inguru).
Arrantza teknika zehatza
Maizaren sarearekin jarduteko sistemak arraste-aterik ez zeukan. Sarearen ahoa bi ontzien arteko distantzian irekitzen zen, normalean 300 eta 500 metro artean. Bakarkako arrastean, adibidez, bakailao-ontziek burdinazko ate oso pisutsuak erabiltzen zituzten sare ahoan, ur azpian zabalik eutsi ahal izateko.
«Sareak ateen pisuaren mende ez zeudenez, itsas hondoaren arrasean bakailao-sarda osoak harrapatzeko gai zen sistema berria, sare askoz handiagoak eta altuagoak erabil baitzitezkeen». Bi itsasontziren trakzio konbinatua zuenez, sarea herrestan eramateko indarra bikoizten zen, bi motorrek aldi berean tirata.
Arrantzarako eraginkorra bai, baina Ternuako eta Groenlandiako baldintzetan lan egiteko arriskutsua ere bazen Amezketa sarea. Bi kapitainek ontzien sinkronizazioa itsu-itsuan eraman behar izaten zuten: normalean 3 korapiloko abiaduran, eta norabide zehatza irrati bidez koordinatuz. Ontzi batek besteak baino abiadura handiagoa hartzen bazuen, sarea okertu eta apurtu zitekeen.
Bikoteko bi itsasontziek sarri elkarrengandik oso hurbil nabigatu behar izaten zuten, Ternuan ohikoak diren laino trinko, izotz-ekaitz eta izozmendiengandik. «Ekaitz baten erdian edo lainoagatik ikusmenik gabe bi ontziak elkarrengandik oso hurbil nabigatzen mantentzeak patroien sekulako abileziaren beharra zuen», ondorioztatu du Iberoagak.
Ternuako itsas zoru aldakorra ere arriskua zen: «Sarea arroka batean katigatzen bazen, bi ontziek berehala eta batera maniobratu behar zuten, ontziak irauli ez zitezen eta tinkatutako altzairuzko kableak hautsi ez zitezen».
Lazkaon omenaldia urtarrilean
Bakailao arrantzale goierritarren ikerketak ahalbidetu du Maizaren sare berritzailea ahanzturan ez geratzea. Planoa Jose Maizaren eskuetan geratu zen. 2013an hil zenean, Roberto Maiza anaiaren eskuetara igaro zen, eta harrezkero Donostiako etxean eduki du gordeta, sekula handik atera gabe, eta dokumentua ez hondatzeko arriskutik kanpo mantenduta.
Xabier Iberoaga Garmendiaren ekimenez, Lazkaon 2027ko urtarrilaren 21ean borobilduko da azken urteotako ikerketa eta lehorreko itsasgizonen peskizan garatutako lanketa. Lazkaoko herriak omenaldi bat egingo die herriko itsasgizonei eta bakilao-ontzietan ibili ziren herritarrei. Plaza bati haien izena jarriko die udalak, eta eskultura-oroigarri bat egitekotan eta jartzekotan dira. ■

