Mutiloan 18. Txerri Azoka ospatuko dute igandean
Beste urte batez, eta badira 18 ekitaldi aurtengoarekin, Mutiloan Txerri Azoka ospatuko dute. Azaroaren 8an izango da, igandearekin, 10:00etan ireki eta goiz-eguarte osoan, Gurruntzain pilotalekuan eta aldirietan.
Txerrikia izango da azokaren ardatza. Txerria erreko dute, ondoren pintxotan zatitu eta jendearen artean banatzeko. Abere biziak ere jarriko dituzte erakusketan. Horrez gain, azokan salpostuak ere egongo dira: txererikiak eta txerritik eratorritako produktuak erosi ahalko dira, baita beste zenbait artisautza lan ere. Jatorri askotako ekoizleek jarriko dituzte salmahaiak Mutiloan.
Jan-edanari dagokionez, odolki eta txorizo dastaketak antolatu dituzte, eta azokara joaten diren bisitariek pintxotan eskuratu ahalko dituzte. Urdaiazpiko mozte erakustaldia eta dastaketa ere egingo dute. Haurrentzat, azkenik, eskulanak egiteko txokoa atonduko dute.
Odolkiak nola egiten diren jendaurrean erakutsiko dute mutiloarrek. 12:00etan hasiko dute erakustaldia, pilotalekuan. Ordu horretan hasiko dira, bestetik, erretako txerriaren pintxoak banatzen ere.
Autobus zerbitzu berezia
Mutiloako Txerri Azokara Lurraldebusek autobus zerbitzu berezia jarriko du, Zegamatik. 10:15ean eta 11:45ean irtengo dira bi zerbitzu, eta Seguran (10:20 eta 11:50) eta Zerainen (10:25 eta 11:55) geldituko da. Itzulerakoak 13:15ean eta 14:30ean abiatuko dira Mutiloatik. ■

